SEP. 30 2023 Geldirik dantzan Joxean AGIRRE Sakabi trikitilariaren alabak kontatu zidan behin Beethovenen bizitzari buruzko pelikula bat ikustera joan eta ordubete negarrez eman zuela aitarekin gogoratzen zelako, musikarekiko grina bera sumatzen baitzuen biengan. Pentsa dezakegu piano afinatzaile on baten eta saioa hasi aurretik agertoki bazterrean egunkari bati su eman eta panderoaren larrua tenkatzen zuen Mauriziaren artean ez dagoela diferentzia funtsezkorik. Imanol Arregi “Iturbide” pandero-jotzailea hil zen duela hiru aste, eta haren osaba Migelekin gogoratu nintzen. Agertokian panderoa jotzen zuen bitartean ia-ia gorputza mugitu gabe dantza nola egiten zuen oroitzen nintzela, pentsatu nuen ez dagoela diferentzia nabarmenik haren eta hilabete barru Bilbon ikustekoa naizen Lucia Lakarraren artean, dantzaren funtsa ahalik eta mugimendu gutxienarekin emozioak agertzea baita. Zelatungo erromeria egunak izan dira irailean zehar eta badut gizonezko bat begiz joa, egun horietan dantzara agertzen dena. Badira gehiago ere antzekoak. Gizonezkoak dira gehienak, erretiratuak, bizitza osoan dantzan egin eta adinagatik estiloa soilduz, kimatuz joan direnak, eta alferrikako apaingarriak alde batera utzi eta dantzaren oinarria aurkitu izan balute bezala mugitzen dira, gutxirekin asko adieraziz. Dantzaren zero gradua da, abstrakzioa praktikatzen dute, eta haiei begira miretsita egon ohi gara, badakigulako barrutik gehiago egiten dutela kanpotik baino. Badago talde bat, bagaude, ia dena barrutik egiten dugunona. Lehen mailako dantzariak gara, baina kanpotik ez zaigu ezer sumatzen. Talde honekiko interesa hutsaren hurrengoa da artearen ikuspegitik, baina psikologoak emozionatu egiten dira guri begira.