OCT. 07 2023 BULLYNG-AREN ERRESUMAN Irakasle eta ikasleen suizidioak masazko fenomeno bilakatu dira Hego Korean Diziplina eta edukazio onaren herrialdearen ospea dauka Hego Koreak. Itxura horren atzean, baina, errealitate gordina ezkutatzen da: irakaskuntza lehiarako zelai egin duen gizarte hiper-lehiakorrarena, konfuzianismoaren kulturak hauspoturikoa. Bullyng-a funtzionala eta praktikoa den herrialdean, ikasle eta irakasleen suizidioak ikaragarri ugaldu dira, baina gizartea esnatzen ari da. Manifestariak Seulgo Asanblada Nazionalaren aurrean, «Egia ezagutaraztea errespetua erakusteko bide bakarra da» afixak eskutan dituztela. (Jung YEON-JE | AFP) Mikel Zubimendi Hego Korea, zuzentasun eta diziplina konfuziarrak budismoarekin ezkontzen diren herrialdea, itxuran, ordenaren eta garbitasunaren lurraldea da. Normalean, ia ez dago kriminalitaterik, ez dago gatazka sozialik, eta grebak egitea, presidenteak esan zuenaren arabera, «Ipar Koreako misil nuklearrak baino arriskutsuagoa da». Azken asteetan, baina, zerbait aldatzen ari da: bigarren hezkuntzako 100.000 irakasle, babesten zituzten hainbat lagunen ondoan, mobilizatu egin dira aldarrikapen sindikal baten eskean: ikasleen eta gurasoen jazarpena gera dadila. Beltzez jantzita desfilatu dute Seulgo kaleetan, ia militarra den formazioan, edozein euskal herritako abesbatzak baino doitasun handiagoko sinfonian. Lerro paralelo perfektuetan kaleetan eserita, oinezkoentzako pasabideak libre utzita, eta denak inprentatik ateratako kartel berdinarekin, lelo bakarrarekin: «Egia ezagutaraztea errespetua erakusteko bide bakarra da». Eta poliziak, ohikoa denez, sonometro baten bidez legea betetzen zela zaintzen zuen: oihuak ezin dira 95 dezibeletik gorakoak izan, bestela sei hilabeteko kartzela zigorra daukatelako. Irakasleen kontrako abusuak Europan, irakaskuntzako sailkapenetan Finlandia lehen postuan azaltzen den bezala, Asian Singapur da liderra, nota onenetan, eta baita gazteen suizidio mailan ere. Bagenekien notetan Hego Korea ere goi-goian zebilela, eta orain jakin denez, irakasleen suizidio mailan liderrak dira. Konfuzio eta Buda bateratzen dituen herrialdean, protestak egiteko datek ere erritualak jarraitzen dituzte. Seulen irakasleek egin dituzten manifestazio erraldoiak, uztailean Lee Min-so irakasleak bere buruaz beste egin zuen egunetik 49 egunetara deitu ziren, hain justu, beren heriotzaren kulturan, paradisuan berpiztea ziurtatzen duen zenbakia delako. Lee Min-so lehen mailako irakaskuntzako irakasleak 23 urte zituen eta, poliziaren ustez, maitasun kontuetan izan zuen haustura baten ondorioz egin zuen bere buruaz beste. Baina bere lehengusinak ez zuen bertsio hori ontzat eman, eta bere kabuz ikertzen hasi zen. Bere eguneroko pertsonala aurkitu zuen, eta gelara sartu aurretik bizi zituen izu-ikaren berri izan zuen: «Nire bularra itxita eta eroriko naizela sentitzen dut, ez dakit non nagoen ere». Azkar ohartu zen irakasle lanaren «erokeriak» presioaren muga gainditu zuela eta «bere buruari joaten utzi» nahi ziola. Egunerokoan hori idatzi eta bi astetara, eskolako armairu batean azaldu zen hilda. Etxean depresioari aurre egiteko eskuliburuak aurkitu zituzten. Sute handi bat piztu zuen txinpartak. Milaka irakasle mobilizatzen hasi ziren, babesa eskatuz: gurasoen partetik jazarriak sentitzen dira, beren telefono partikularretara deitzen dituzte, egunez eta gauez, aste bukaeretan, seme-alabek jasotzen duten tratuagatik kexuka. Eta deiak blokeatzen badituzte, utzitako edo maileguan hartutako telefonoetatik deitzen jarraitzen dute. Lee Min-soren telefonoa lehengusinak arakatzean, mezu mehatxagarriekin bonbardatzen zutela aurkitu zuen. Egun batzuk lehenago, ikasle batek beste bat zauritu zuen arkatzarekin eta zauritutakoaren gurasoek bera egin zuten arduradun. Kasu honetan, gaitza baino erremedioa okerragoa da. Irakasleak bereziki haserre daude 2014. urtean onartu zen lege batekin, ikasleei tratu txarrak ematearen salaketak erraztu ditu, eta ikasleen arteko borrokak daudenean, diziplina mantentzeko esku hartzea eragozten die. Gainera, gurasoren batek salatzen baditu, automatikoki, denbora baterako lanik eta soldatarik gabe uzten dituzte. Beraz, bai ikasleak eta baita gurasoak ere, botere horretaz abusatu egiten dute, xantaia eginez kaltea eraginda. Irakasleen sindikatuaren arabera, irakasleek telefonoz gurasoen kexu deiak jaso izan dituzte, ohetik ateratzeko goizero ikasleari deitzeko eskariari ezetz erantzun diotelako. Desahaldunduta sentitzen dira. Konfuzioren itzal luzea Eta, bai, gauzak aldatu egin dira Hego Korean. 2011n gobernuak eskolan zigor fisikoak debekatu zituen, irakasle batzuek ikasgaia ez jakiteagatik edo beren itzala zapaltzeagatik hockey-eko makilekin ikasleak nola kolpatzen zituzten erakusten zuten bideo batzuk biral egin zirenean. Irakasleen Federazioak erdibideko neurri bat proposatu zuen: min ematen ez duten «gorputzezko zigor hezigarriak». Oraindik ere nahiko ohikoa da guraso batzuek irakasleari beren seme-alabak kolpatzeko eskatzea. Herritarrak dolua erakusten duten loreak ipintzen, bere buruaz beste egin zuen 23 urteko Lee Min-so lehen mailako irakaskuntzako irakaslearen omenaldian. (Jung YEON-JE / AFP) Konfuziok ikuspuntua ematen du auzi honetan; testuinguru kultural bat, hezkuntza piramidearen gailurrera igotzeko bide onargarriena egiten duen gizarte hiper-lehiakorra ulertu ahal izateko. Horixe baita premisa konfuziarretako bat: pertsona ilustratuak piramidearen gailurrera iristen dira. Mundumira bat ematen zaie, arroz-soroetan landu zena eta taldearen lan gogorrean oinarritzen dena: denak lotuta egon behar du, taldearen logikaren arabera funtzionatu behar da, subjektuak bere banakotasunari eta eskubideei uko egin behar die taldearen mesedetan. Taldearen onbiderako, hierarkia zorrotzetan banatuta egon behar da. Bakoitzak ezarri zaion funtzioa txintxo-txintxo betetzen badu, armoniak aginduko du. Ezberdina dena edo betebeharra betetzen ez duena jazarpenaren jopuntuan egongo da, bullyng partikular baten biktima eginda. Arazo globala da, baina bereziki Asia ekialdean da oso nabarmena: hobe da ez ezberdintzea, hobe familiak, gizarteak eta tradizioak emandako tokian ondo egokitzea. Bullyng-a ezabatzeko, bullyng-a Gurasoek, seme-alaben eskola ordaintzean, irakasleei nahi dutena eskatzeko eskubidea eta autoritatea dutela uste dute. Baina hainbat irakaslek ere bullyng-a pairatzen dute eta, beren formakuntzan, ikasleen arteko lehiakortasuna sustatzeko teknikak jasotzen dituzte. Ikasleren batek zerbait okerra eginez gero, gerta liteke irakasleak arbelera ateratzea, beste ikasleek hura seinalatzea eta arau-hausleaz barre egitera animatzea. Muturreko kasuak gertatzen dira: nortasun hauskorra duen ikasle batek eskolako beste ikasleen 300 mezu burlati jasotzea egun bakar batean, adibidez. Beste guztien begirada pertsona bakarrean finkatuz autoerregulatzen dira gizarte konfuziarrak, arroz-soroan gertatzen zen bezala, baten akatsak guztiak izorratzen omen zituenean. Eta bullyng-a erabilgarria bilakatzen da, praktikoa, unibertso digitalak esponentzialki biderkaturikoa: antzinan aurrez-aurrekoa zen; egun, 24 ordukoa. Horrela hezia izan da gizartea, eta, askok bere frustrazioak bestearen kontra bideratzen ditu. Eta gurasoek, irakasleen kontra. Irakasleen mobilizazioak ez du etenik. Baina, teknikoki, ez daude greban: debekatuta daukate, eta kartzelarekin zigortzen da. Denak batera, modu koordinatuan, gaixotasun-baimenak eta oporrak hartu behar izan dituzte. Irakasleen suizidioen kontra Seulen ugaritu diren manifestazioetako bateko irudia. (Jung YEON-JE / AFP) Hezkuntza ministroa protestak legez kontrakoak zirela mehatxatzen hasi bazen ere, azkenerako atzera egin du. Hego Korean bullyng-a aspaldiko arazo larria da. Hilabete honetan bertan, gobernuak legea atera du: irakasleek telefono mugikorra kendu ahal izango diete klasean erabiltzen duten ikasleei. Gurasoei muga lauso batzuk ezarri zitzaizkien. Bullyng-a egiten duten ikasleei diziplina prozedurak zabalduko zaizkie eta unibertsitaterako sarbidea zailduko zaie, beren espedienteetan azalduko delako. Baina guraso asko, txat taldeetan bilduta, diziplina prozedura horiek ezabatzeko irakasleak presionatzeko antolatu dira: alegia, beste bullyng baten aztarnak ezabatzeko bullyng-a egiteko. Kezka nazional itzela Lee Min-soren suizidioaren saminaren aurrean, kasu berriak ezagutu dira, sumin berriak indartu dira. Arrazoi berdinagatik beste bi irakaslek egin zuten bere buruaz beste joan den astean. 2018. urtetik ehun irakasle baino gehiago suizidatu dira, gehienak lan estresak eragindako depresioagatik. Iaz, 12.000 irakaslek utzi zituzten lanpostuak. Urtero, eskolako adinean dauden 10.000 gazte baino gehiago suizidatzen dira. Herrialde garatuen artean Hego Koreak dauka suizidio tasa altuena. Eta mundu mailako jaiotza tasa baxuena ere bai. Kezka nazional itzela da biztanleria suntsipenarena. Matematikaren arabera, azken hego korearra 2750. urtean hilko da. Dezente falta da oraindik, baina kontu serioa da, parlamentuan eta komunikabideetan eztabaidagai beroa. Europan, Finlandia lehen postuan den bezala, Asian, Singapur da liderra, nota onenak ditu, eta gazteen suizidio maila altuena. Hego Korea da, baina, irakasleen suizidio mailako liderra Hezkuntzak gora egiteko bide onargarriena egin duen gizarte hiper-lehiakor bat da. Horixe da premisa konfuziarra: pertsona ilustratuak piramidearen gailurrera iristen dira Dena lotuta egon behar da, taldearen logikak eta hierarkia zorrotzak agindu behar du, subjektuak banakotasunari uko egin behar dio taldearen mesedetan, armonia gailendu dadin Guraso asko, txat taldeetan bilduta, ikasleei diziplina prozedurak kentzeko irakasleak presionatzeko antolatu dira: alegia, bullyng baten aztarnak ezabatzeko bullyng-a egiteko