Koldo SAGASTI

Elkartasuna susmopean

Aurtengo uztailean, Madrilgo Ska-P musika taldeak Alemanian pairatutako zentsura salatu zuen sare sozialetan. Vallecasekoak Municheko Tollwood jaialdian ziren jotzekoak, eta, oholtzara agertu aurretik, polizia germaniarreko bi agentek ohartarazi zieten errepertorioko kantetako bat delituzkoa izan zitekeela eta, joz gero, taldekide guztiak atxilo eramango zituztela. Abestiak “Intifada” du izenburua eta kritika zuzena egiten dio Israelgo erregimenari, palestinarrei ematen dien tratu kriminalagatik. Ez da harritzekoa. Alemaniako Zigor Kodeak gorroto delitutzat hartzen ditu estatu hebriarrarekiko kritikak; bost urte arteko kartzela zigorra ezartzeraino.

Horrela salatu du azken hilabeteotan Palestinarekiko hango elkartasun mugimenduak. Aurten, besteak beste, Nakbaren oroimenezko edo Preso Palestinarren Nazioarteko Eguneko protestak debekatu dituzte Berlinen; eta hainbat kazetari, ikasle eta ekintzailek euren aurkako difamazio eta jazarpen kanpainak salatu dituzte, Palestinaren aldeko euren iritziengatik eginak. Horietako azkena Zaid Abulnasser izan da, Samidoun elkartasun sareak Alemanian duen koordinatzailea. Abulnasser Sirian jaiotako errefuxiatu palestinarra da eta erresidentzia baimena kenduko diotela mehatxatu berri dute, bere militantzia politikoagatik.

Bitartean, eta Alemanian sionismoaren aurkako kritiken gainean antisemitismoaren itzala zabaltzearekin batera, Israelgo Lehen Ministroa komunitate juduak Europan pairatu zuen garbiketaren kontaketa berraztertzen ari da. Hautsak harrotu dituen agerraldi batean, Netanyahuk adierazi berri du Hitlerrek, egiatan, ez zuela juduak akabatzeko asmorik eta palestinarrak izan zirela Führerra konbentzitu zutenak. Agintariaren kontakizun sinestezinak Hirugarren Reicheko buruzagiaren erantzukizuna zuritzen du eta Amin al-Husayni lider palestinarrari leporatzen dio juduak sarraskitzearen ideia. Garai zoroak bizi ditugu, erasotzailea erasotu eta erasotua erasotzaile bihurtzen dituzten kontaeren garaiak. Baten batek debekatutako kanta batean esan zuenez: «Biktimak borrero bilakatu dira, kontu aldrebesa, Palestinako eremuak kolonizatu dituzte, zentzuari erasoa». •