INFRAGANTI

Joseba Beramendi «Exprai»

30 urtez diseinugile lana eta marrazkigintza uztartu ondoren, Joseba Beramendi «Exprai» nafarrak diseinu mundua utzi eta marrazkigintzan buru-belarri murgiltzea erabaki du. GAUR8ko irakurleek aski ongi ezagutzen dute bere zorroztasuna eta trebezia, baina tartetxo bat hartu dugu bere erabakiaren zergatiak hobeto ezagutzeko.

Joseba Beramendi «Exprai», Iruñeko LABA kanpoaldean ateratako argazkian.
Joseba Beramendi «Exprai», Iruñeko LABA kanpoaldean ateratako argazkian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

I railaren 1ean eman zuen jakitera sareetan Joseba Beramendi «Exprai»-k (Iruñea, 1973) 30 urtez lanbide izan duen diseinugintza alde batera utzi eta marrazkigintzan erabat murgiltzea erabaki duela. Mezuaren hasierak argi uzten zuen erabakia garrantzitsua dela bere bizitzan: «Orain, tartetxo bat dudala, gauza bat kontatuko dizuet. Ametsei, apustuei, ilusioei eta bizitzari buruzko haria dator, erabakiz betea», zihoen erreportaje hau idazterakoan X sare sozialean (orain arteko Twitter), jada 95 “atsegin” zituen hariaren lehen mezuak. Erabakia hartzeko arrazoiak zerrendatzen zituen ondoren, haria Rafael Berrio zenaren “Simulacro” abestiarekin amaituz.

Haren berri emateko moduagatik, agian, oihartzun handi samarra izan du Josebaren erabakiak, eta bera izan omen da jaso duen erantzunarekin lehen harritua. «Ez neukan bereziki proiektu berri bat aurkezteko; alderantziz, proiekturik eza da. Gauza bat utzi dut bestea hasteko, baina jakin gabe zehazki zer izango den gauza berri hori edo zer egitea tokatuko zaidan. Beraz, harritzen nau jakin-min honek, nik ere ez dakidalako zer gertatuko den hemendik aurrera», onartzen zuen marrazkilari nafarrak Iruñeko LABAn egindako elkarrizketan.

Izan liteke, era berean, jendeak garai zail hauetan horrelako erabaki bat hartzeko ausardia txalotu izana ere: «Baliteke. Gaur egungo gaitz bat da. Pentsatu nahi dut jende asko dagoela zer egin jakin gabe, edo gure bizitzaren balantze bat egin eta beste ate batzuk ireki nahian. Uste dut jende askok ikusi duela bere burua islatuta. Ongi bazaude, daukazun ogibidean zailagoa da horrelako erabakiak hartzea, baina urteak eman dituzunean prekaritatean, arriskua agian ez da horrenbeste nabaritzen. Miseriatik miseriara ez dago alde handirik».

Kontua da bere bizitzako bide bat itxi eta bestea irekitzea erabaki duela: «30 urte pasatxo neramatzan diseinuaren eta publizitatearen munduan, eta 15 bat enpresa berean lanean. Azken zazpi urteak, gainera, kooperatiba formatuan. Langileok hartu genuen enpresaren ardura eta gurea zen. Horrek ere, neurri batean, estura ematen zidan, nire enpresa ere bazelako. Baina hortik jaistea erabaki dut, erabateko haustura bat nahi nuelako orain arteko ibilbidearekin».

Ez dago arrazoi bakarra

Josebak azaldu digunez, ez dago arrazoi bakarra norabide aldaketa honetarako, egoera askoren pilaketa baizik. «Gauzak asko aldatu dira. Diseinuaren sektorea ez da inoiz oso emankorra izan ekonomikoki, nahiko prekarioa izan da. Jendeak gauza asko eskatzen ditu, baina ez du ordaindu nahi, beti dago talka hori, eta azken garai hauetan lan egiten den baldintzetan, ez dago modurik. Presa asko, estres pila... Ni paperaren mundutik nator. Gero internet etorri zen eta web orriak egiten hasi ginen, eta antzeko baliabide digitalak, baina gaur egun jada eskatzen dizute bideo edizioa, animazioak sareetarako, azpitituluak jartzea, audioa ere editatzea... Gero eta gehiago, baina ahal bada prezioa berean. Egongo dira, noski, diseinuarekin ongi bizi direnak. Agentzia handietakoek, eskarmentuko jendeak... izango dituzte eskertzeko moduko baliabideak, baina hemen, Iruñea batean, ez da halakorik ikusten», ekin dio hausnarketari.

«Gauzak egiten diren modua ere ez da beti egokiena. Teknologiak, esaterako, eman dizkigu ustezko gaitasun batzuk. Orain Instagram daukazu eta argazkilaria zara. Filtro batzuk jarri, eta uste dugu argazkilariak garela. Eta argazkilariak ez bagara ere, badakigu argazkilari bati zer eskatu ahal zaion, edo zer nahi dugun. Joango gara argazkilari batengana eta esango diogu ‘nahi dut estilo honetako zerbait...’. Edo Adimen Artifizialarekin jendeak etxean egiten ditu bere irudiak edo bozetoak, eta gero horren gainean eskatzen dizute: ‘horrelako zerbait nahi dut’. Baina era berean originala izan behar du...», dio diseinugileak gaur egun bizi duten paradoxa deskribatuz.

Egoera berri horrek asko murrizten omen du garai batean sortzailea eta artistikoa izan zitekeen lanbidea. «Azken bost-sei urteak neramatzan ia ‘modo avion’ jarrita: ‘listo, berdin zait, esan zer nahi duzuen eta egingo dut’. Handiagoa nahi duzula, handiagoa; txikiagoa, ba txikiagoa; urdina, ba urdina... Iristen zen momentu bat non paso egiten nuen. Etsita nengoelako eta galdutzat ematen nuelako irizpide propioa mahai gainean jartzeko aukera, edo lan sortzailea, artistikoa, aldarrikatzekoa. Zeren batzuetan talka egiten duzu bezeroarekin. Bezeroak gauza bat nahi du, baina agian zure esperientziatik badakizu ez dela gehien komeni zaiona edo beretzat egokiena izan daitekeena. Eztabaida horiekin ere asko erre nintzen eta paso egiten nuen. Eta horrela lan egitea ez da batere polita», onartu du.

Eta Expraik azken elementu bat ere jartzen du mahai gainean, zintzotasun osoz. «Merkatuari ekarpenak egiteko gai ez nintzela ikusi nuen. Une batean nire burua merkatutik kanpo ikusi nuen erabat. Erakundeek egiten dituzten lehiaketa publikoetarako, edo enpresek antolatzen dituzten lehiaketetarako, bizpahiru proposamen aurkezten genituen. Nik nirea lantzen nuen hoberena balitz bezala, sinesmen osoz, pentsatuz ‘balio du, petatuko du, gustatuko zaie pila bat’. Baina ez zitzaion inori gustatzen. Oso gutxitan hartzen zuten nire proiektua. Ba agian ez dut ulertzen merkatua. Jendeak beste gauza batzuk nahi ditu. Zure burua jokoz kanpo ikusten duzu eta diozu: ‘zertan ari naiz ni hemen?’. Gogorik gabe lanean, gogoz egindakoak ez du balio... eta mundu horretatik erretiratzean pentsatzen hasten zara».

Marrazteko gogotsu

Sareetan argi eta garbi utzi zuen Josebak marrazkigintzari buru-belarri heltzeko gogotsu dagoela. «30 urte hauetan, diseinuaren bidearekin paraleloki, marrazten aritu naiz. Txikitatik utzi gabeko jarduna mantentzea lortu izan dut profesionalki ere, beti osagarri gisa. Bizitza osoan poz handiak eman dizkidan arren, urte hauetan behar baino baztertuago izan dut jarduera hori», zihoen Beramendik.

Barruan daraman sortzaileari bide emateko aukeragatik ote? «Aukera gehiago daude, kakotx artean, nahi duzuna egiteko. Marrazterakoan oso gutxitan jarri dizkidate mugak, ‘aipatu hau’, edo ‘ez aipatu hau’. Prentsarako lan egiten dudanean, hor bai ikusten dut nire lana errespetatzen dela, zutabegile baten pareko. Lan bat sinatua, non ardura sinatzailearena izango den, eta bere txokoa izango duena horretarako. Ez didate inoiz mugarik jarri, eta ez didate inoiz esan ‘hau ezin da argitaratu’. Alde horretatik askoz ere askeagoa dela esango nuke, eta horrek tiratzen nau. Azken finean ez dakit beste ezer egiten. Diseinatzen eman ditut urteak, eta marrazten. Horregatik, ditudan baliabide horiei heldu behar izan diet», erantzun du, besteak beste, GARAn eta GAUR8n bere zorroztasun eta trebeziaren berri ematen duen egileak.

Abuztuan, esaterako, eguneroko tiraz arduratu izan da GARAn, eta GAUR8ko orriotan hilabetean behin ematen du bere “Irritzia”. «Egunero tirak egiten dituztenak miresten ditut. Nire kasuan, hilabete izanda, nahi duzu gauza txukun eta duin bat egin, kristoren bertigoa ematen duelako. Egunero kolpe original bat aurkitzea... Eta gainera, imajinatzen dut azken urte hauetan sekulako eromena izango dela. Nire kasuan, adibidez, goizean goiz prentsa irakurtzen hasten nintzen, ea zeri eman dioten garrantzia, nahiz eta gero agian nik beste zerbait sartu. Eguerdi parterako pentsatzen nuen ‘gai hau hartuko dut’. Baina gero badaezpada sareetan begiratzen hasten nintzen, ea ez duen norbaitek nik buruan nuen txistea egin, gaur egun sareek zapaltzen dizutelako lana hurrengo minutuan. Berandu zoaz edonora. Eta hau hurrengo egunean argitaratzen da. Bizi dugun informazioaren abiaduran horrek sekulako bertigoa ematen du», dio tirari buruz.

«Eta GAUR8koan zer esanik ez, asteazkenean entregatu larunbatean argitaratzeko. Gaurkotasunezko gai bat baldin bada agortuta egongo da, inor ez da gogoratuko larunbatean. Egunero txoko bat izateak ematen dizu lizentzia hori, ez duzula egunero zertan gaurkotasunezko gai bat landu. Patxi Huartek egiten duena, adibidez, zoragarria da. Tira batzuk gaurkotasunezkoak dira, egunkariarekin lotutakoak, baina beste batzuk bere harrikadak edo burutazioak dira. Egunero hor egonda badaukazu malgutasun hori. Nire kasuan, hilabete izateak presio bat suposatzen zuen, hilabete bat daukat erakusteko», gehitu du barrez.

Prentsarako lanetan bakarrik ez, komikigintzan ere oso eroso sentitzen da Exprai. “Xabiroi” aldizkarirako lan egin izan du, esaterako. «Komikia beste lengoaia bat da. Prentsarako egiten duzunean tira bat, adibidez, horrek ematen dizu aukera bizpahiru bineta sartzeko eta istoriotxo labur bat kontatzeko. Komiki batean orriak desberdinak dira, dena planifikatzen duzu beste era batera, kontuan hartzen duzu ez bineta bakoitza bakarrik, baizik eta orri osoaren egitura, hurrengoarekin daukan lotura... beste kode bat da. Azken batean, lan honetan gauzarik politena izan daiteke gauza desberdinak egitea».

Azken urteotan, adibidez, arrakasta handia izan duten “Historia disparatada de España” eta “Historia disparatada de la Monarquia” liburuak marraztu ditu Javier Traite historialari katalanarekin elkarlanean. «Berak testuak pasatzen zizkidan, gidoi moduan jada egituratuta. Batzuetan testuak bakarrik izaten ziren eta hortik aurrera askatasuna uzten zidan hori irudietara nola eraman erabakitzeko. Javierrek eta nik umore oso antzekoa maneiatzen dugu, kode nahiko berdinak ditugu, eta oso erraza egin zitzaidan berekin lan egitea. Gaiak ere oso zukutsuak ziren bi kasuetan».

Inoiz utzi ez izana

Marrazteari noiz ekin zion betiko galderaren aurrean, Puño marrazkilariaren esana gogoratu ohi du Expraik: benetako galderak izan beharko lukeela ea besteok noiz utzi genion.

«Lehenengo balorazioak eskolan etortzen dira. Eta ez irakasleen aldetik, batez ere ikaskideen aldetik. ‘Marraztu irakasle hau’, eta sekulako barreak egiten genituen. Hortik aurrera, talentua? Ez dakit, nik ezin dut nire burua baloratu. Nik badakit bizitza osoan marraztu dudala. Nik uste gakoa ez uztean dagoela. Ez baduzu uzten, jarraitzen baduzu, eskua ere egiten da. Eta horretara bazaude, kode bisualak hartzen dituzu. Argazkigintzan bezala da, argazkilariek mundua beste modu batean ikusten dute. Nik ikusten dudana marrazteko aukerekin ikusten dut. Azken batean, norbere onurarako. Ni gauzak ahalik eta azkarren egiteko ahalik eta gutxien konplikatzen saiatzen naiz. Zirrikituak eta trikimailuak aurkitzen dituzu lan gehiago ez egiteko, ez errepikatu behar izateko gauza bera hamaika aldiz», dio bere gaitasunari buruz.

Horixe erakusten saiatuko da hemendik aurrera, nahiz eta inguruan marrazkilari asko eta onak ikusten dituen. «Nik uste eskaera badagoela, eta eskaintza ere bai. Jende pila bat dago, gazte oso onak, potentzial handiarekin. Baina uste dut txoko bat egon daitekeela. Eta uste dut nik eskarmentua eskain dezakedala».