GAUR8 - mila leiho zabalik
{ DATORRENA }

Nortasunak eta bizitza duinak garatzeko lurraldeak


Justizia soziala ala identitate aldarrikapena? Bi xedeak kontrajarriak balira bezala, bata eta bestearen artean hautatzeko beharraren gainean eraiki dute haien diskurtsoa estatuaren indarra alde dutenek, beste estatua izateko asmo dutenak estuan hartzeko. Matraka horrekin iltzatu du ezkerrak, berdin hexagonalak zein penintsularrak, eztabaida demokratikoari ihes egiteko bere asmoa. “Herritarren kezkak beste nonbait daude”. “Inori ez zaio axola debate hori”. “Ez da tenorea”.

Onar dezagun beto politikoa atxikitzeko salmenta argudioak ez direla bereziki sakonak izan. Izan ere, harrokeriaz baino kezkaz behar genuke hartu aipaturiko diagnosia. Makina-gelak Euskal Herritik ehunka kilometrotara dituzten eragileek zutabe ahul horiek izanik ere, gure lurraldeetan gehiengoak batzeko zailtasun agerikoak badituzte ere, bilakaera politikoa baldintzatzeko borondate osoa erakutsi dutelako.

Hamarkadaz hamarkada bere supremazia eztabaidaezin bilakatu duen EAJk EAEko Hezkuntza Legearen gaineko adostasunak dardarka jartzeko hautua egin du bere sozio txikiaren aurrean men eginez, «ez ezkerrekoa ezta eskuinekoa ere» mantrari helduta.

Guztiz ulergarria da jatorriko adostasunari ezarritako autozuzenketak alarmak piztea. Adierazgarria den bezala aje zahar zein berriak direla medio, ika-mikatik harago, hezkuntza komunitatea deitzen zaion horrek eragiteko ahalmena galtzeko duen arriskua.

Periferiatik harriduraz baino gogaitasun puntu batekin begiratzen diogu aterabideak sortu ordez erronkak behin eta berriro arazo bilakatzen dituen lurralde eremuari. Nazio terminoetan, aurrerapen gehien eskuratzeko baldintza egokienak zituen EAEk. Hala sinetsarazi ziguten. Izan ere, sormen politikoaren ikuspuntutik gero eta zailagoa da hori defendatzea.

Litekeena da baten batek adierazpen hori baliatu nahi izatea garraztuen klubaren kide berria bereganatzeko. Urrutitik ere ez da hori lerro hauen asmoa.

Erakunde handiei begiratuta, subiranismoak duen inpregnazioari neurria hartzea ez da erraza, baina han eta hemen martxan diren egitasmo, dinamika, entsegu eta ahalegin ezberdinek horren berri ematen digute. Are, egun agerian agertzen diren deskonexio zantzuak, dudarik gabe, aldaketa lasai horren terminoetan beharko genituzke ulertu. Antsietatea baretuz.

Lurraldea. Egun, pausoka ibiliz aurrera egiteko aukerak eskaintzen dituen adostasunezko erreferentzia.

Lurraldea, hitzen gaineko gatazkak betikotu ordez, irribarrea kutsatzeko gaitasuna duen artefaktua.

Bulegoetako maniobra gisa aurkeztu daiteke; demagun, Nafarroako udal eta kontzejuen federazioko presidentetzarako EH Bilduren alkate bat hautatzea. Alta, akatsa litzateke tamainako mugarriak duen potentzialitatea hiper-partidismoaren lunetak ezarririk begiratzea. Tolestura guztiak aintzat hartu gabe, lurralde terminoetan hausnartu gabe, eraldaketaren aukerak sortu bezala galera bilaka daitezkeelako.

Zazpi jauzi. Zazpi lurralde. Beste eredua posible zela aldarrikatu zutenek egiaztaturiko ekimenak plazaratu zituzten, duela zortzi, Baionan. Alternantziari buruz aritzeak interes gutxi du, alternatiba erdigunean jarriz denok garaile ateratzeko aukera denean. •