Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

«Iraganaren bultzada balia dezagun erresilientzia nahikoaz kargaturiko etorkizun bat eraikitzeko»

"1489 El mapa vasco del nuevo mundo" nobela idatzi du. Thrillerra da, abentura du, eta baleei segika euskal arrantzaleek Ameriketako aurkikuntzan izan zuten protagonismoa aldarrikatzera dator.

Donostian 1949an jaioa, ikasketaz ingeniari industriala eta lanbidez prospektibista, Juanjo Gabiña ezagutzen eta esperientzien altxor bat da. Abertzalea, eleaniztuna, munduko hainbat herrialdetan bizitakoa eta irakatsitakoa, oparoa da oso bere jarduna. “1489 El mapa vasco del nuevo mundo” nobela argitaratu berri du, fikzioa eta errealitate historikoa uztartuz, euskaldunen iragana ukatzen duten estereotipoen kontrako astinketa latza dena. Horretaz eta beste hainbat kontuz aritu gara Bergarako Olaso Dorrean.

Nola iristen da prospektiba estrategikoan eta etorkizun bideragarrietan aritzen den aditua balearen bizarrei jarraituz mundu berriaren aurkikuntzara?

Prospektiba estrategikoa etorkizuna ikertzen duen zientzia da, etorkizunean eragiteko, edo ohikoa dugun bezala, etorkizuna sufritu ez dezagun. Euskaraz, behin aditu eta sakon markatu ninduen esaldia erabili ohi dut: «Nora joan ez dakitenek nekez topatuko dute aldeko haizerik». Nekez presta daiteke etorkizuna, ez baditugu boterearen genealogia baten eskutik etorri eta kamusten gaituzten inertziak aldez aurretik ezagutzen, nekez handitu dezakegu maniobrarako tartea, gure geroaren jabe egin ahal izateko.

Horixe galdetzen diet politikariei, arrakasta gutxirekin, Euskal Herrira egiten ditudan bidaietan: zertarako balio digu euskaldunoi gure iraganaz harro egotea, ez baldin bagara garaiz prestatzen gure etorkizunaz harro egoteko? Egunetik egunera bizi gara, gogomira motzeko politika miopeekin. Badakigu energia eta elikagaiak inflazioan gehien eragiten duten elementuak direla, eta azken 30 urteetan epe luzeko politiken faltaren ondorioz, EAEn adibidez %90eko mendekotasuna dugu inportazioekiko, egungo teknologiek 15 urtetan autosufizienteak izatea ahalbidetuko liguketenean. Ezin da uzta jaso, lehendik erein ez bada.

Tesi zehatza duzu: ez legoke Ameriketako aurkikuntzarik balea ehizatu eta bakailaoa arrantzatzen zuten euskal marinelek aurretik bere existentzia baieztatu ez balute.

Nire tesia eszenatoki logiko eta gertagarriena da. Hori eratortzen da nobela irakurrita. Fikzioa eta errealitate historikoa konbinatzen ditu prospektiba estrategikoaren zientzian hain erabiliak diren koherentzia, kongruentzia, gardentasuna eta egianzko printzipioak zehaztasunez aplikatuz.

Eszenatoki bat ez da unean uneko argazki finko bat, oraingo egoerako puntu batetik iraganean edo etorkizunean dagoen beste batera eramaten gaituen bidea da. Etorkizunerantz bada, prospektiba erabiliko dugu eta iraganerantz bada, atzerabegirakoa. Jende gutxik daki “eszenatokia” hitzak esanahi propioa duela eta frantsesetik datorrela: “scénario”, gidoia esan nahi du. Nobelan, zera egin dut: gehieneko egiantzeko bidea ezarri, errelatoa arrazoizkoa bilaka dadin, ordenarekin eta zentzuarekin beti.

875. urtean Feroe Uharteetan badaude euskal marinelen presentziaren frogak. Horrek mila itsas miliako bidaia bat suposatuko luke, garairako distantzia handia zena. Ondorengo sei mendeetan, Atlantikoaren ipar parteko eremuan nabigatu zuten, non Europa eta Amerikaren arteko distantzia laburragoa den.

Bikingoen espedizioen berri izanik, ehizatzeko baleei segika, euskaldunak Ipar Ameriketarako distantzia erlatiboki laburra zeharkatzera ausartu ziren. Baleen koipearen komertzioan, dudarik gabe, mundu mailako liderrak ziren. Horren froga da artxibo islandiarrek jasotzen duten datua: 1412an uharteko mendebal kostatik 20 euskal baleontzi pasa zirela. Handik, Terranovarako bidaia mila itsas milia baino gutxiagokoa izango zen.

Euskal marinel haiek baleak ehizatzeko lekua sekula jakinarazi ezin zen sekretu bezala gorde beharko zuten, ezta?

Marinel gehienek ez zuten Atlantikoa zeharkatzeko arrazoirik izango bestaldean zerbait zegoela jakingo ez balute. Arrantzale gehienak sub-artikoko uretara igo eta gero hegoalderantz jaisten ziren baleei segika, Atlantikoko bi kostaldeetan. Nobelak hori argitzen du: Ameriketako aurkikuntza askoz ere sinesgarriagoa da ulertzen badugu euskaldunek lehenago aurkitu eta sekretuan gorde zutela, Europa osoko balearen koipearen komertzioaren aberastasun handi hura babesteko. Urte askotan merkatuaren gaineko monopolioa gorde zuten, hori euskaldunen garapen ekonomiko, sozial eta kulturalari begirako faktore nabarmena izan zen.

Kontuan hartu behar baita balearen koipea kalitate gorenekoa zela, ez zuen ez kerik ezta usainik ere botatzen. Usain txarra eta etxeko pareta eta teilatuak belzten zituen txerriaren gantzarekin alderatuz gero, etxeetan kontsumitzeko askoz ere egokiagoa zen. Bere komertzioarekin, euskaldunok Europako erdiko eta iparraldeko portuekin konektatzen ginen, Bordele, Nantes, Rouan, Londres, Bristol, Brujas...

Euskaldunak bale koipearen komertzioaren %70 kontrolatzera iritsi ziren. Negozio biribila zen, baleak ehizatzen zituzten lekuetan ez zeukaten lehiakiderik. Oso ondo gordeta zuten sekretua zen. Berdin gertatzen da egun perretxikozaleekin edo antxoa arrantzatzen dutenekin.

Balearen ehiza nabigazioaren artean aurrerabide handienetakoa izan al zen?

Dudarik gabe. Nabigazioaren artean eta itsasontzien eraikuntzan garapen oso garrantzitsua izan zen. Euskaldunak korasta lemaren asmatzaileak izan ziren, itsasontzi handiagoak maneiagarri egin zituzten eta Ozeano Atlantikoan nabigatzea posible egin zuten. “Koka baionarra” izenez ezagutua den ontziari Erdi Aroko itsas arkitekturan garrantzi handia ematen zaio, korasta lema asmatzeagatik.

Arraun lema genuen, istriborreko hegatsean kokatua, gero popan erdiratu zuten, korasta lema izatera pasatuz. Poparen bularra zuzena izatera pasa zen, korastan bilakatuta, lemari mugimendu garbiago bat emanda. Horrela, gila luzatu behar izan zuten. Ontzia azkarragoa egin zen eta sortu zen azalera bertikalak ontziaren noraeza gutxitu zuen. Lema mota hau «lema baionarra» edo «timón a la navarresca» bezala ere ezagutzen zen. Popa eta brankako gazteluak gehitu zitzaizkion gainegitura gehigarri bezala, masta bakarra eramaten zuten bela karratu batekin. XV. mendetik aurrera, euskal flotaren ontzi guztiek banderan Bizkaiko intsignia eraman zuten. Europan, ingelesen kronikek jasotzen duten bezala, bi flota garrantzitsu zeuden soilik: ingelesena eta euskaldunena.

Euskaldunak ez ziren marinelen potentzia bakarrik, ontziola bikainak ere bazituzten. Diozunez, Zumaian bakarrik, zazpi. Broma gutxi.

XV. mendean Euskal Herrian 60 ontziolatik gora zeudela zenbatetsi daiteke, eta agian gehiago. Zumaiakoa egia da. Horretan guztian bikingoek asko lagundu gintuzten. Bikingoak Eskandinaviatik etorritako taldeak izan ziren, piraterian eta lurraldeak arpilatzen aritu ziren VIII. mendetik XI.era arte. Europa Atlantikoko kostaldeetan, Mediterraneoan, Itsaso Beltzean, Groenlandian, Islandian, Labradorren… jardun ziren eta, uste denez, IX. eta XI. mendeen artean Lapurdin egon ziren. Agian horregatik daude gurean begi urdinak dituzten hainbeste ilehori.

Kontua da Lapurdi, Nafarroa (Hondarribia bere portua zen), Gipuzkoa eta Bizkaiko euskaldunek ez zutela bere artean mugarik eta bikingoen erro horretatik itsas nabigaziorako ezagutza garrantzitsu askotara bidea izan zutela, itsas eraikuntzan eta nabigazio arteetan garatutako bidea. Beraien herentzia nagusia snekkar, drakar, knorr, nef… ontzien kroskoa eraikitzeko teknikan ikusi zen. Historiografia tradizionalaren arabera, teknika honek forratu bat sortzean zetzan, alboetan luzetara jarritako egurrezko oholetan gainezarriz, bular eta gilen gainean armatuta, edo, ardatz-lema bazeraman, gulan eta korastan.

Eta gainera, sagardoaren ekarpena ere egin genuen, eskorbutoaren kontrako borrokan ezinbestekoa izan zena.

Hala da, sagardoa zen euskal marinelen sendagaia, lurra zapaltzeke hilabeteak pasatzen zituzten eta ez zuten eskorbutoa pairatzen. Nolabaiteko edabe magikoa zen, sagardoari esker, tripulazioa sano eta gaixotu gabe mantendu zitekeen. Horregatik, itsasontziko sotoak sagardo kupelez beteta joaten ziren, kalkulatzen denez, marinel bakoitzak egunean hiru litro edaten zituen. Baina dieta elikagarria ez zuen sagardoak bakarrik, txakolinak ere bazeukan.

Funtsezko bi edari izan ziren. XVI. eta XVII. mendeetan Groenlandia eta Terranovara joaten ziren arrantzaleek kontsumitzen zituzten. Bidaia bederatzi hilabetekoa zen. Terranovako kostaraino bi hilabete eta, bueltan, beste bi. Bidaian arrisku handiak zeuden, besteak beste, eskorbutoa edo antzina deitzen zuten «itsasoko izurria» (C bitaminaren faltak eragindakoa). Balearena bezalako lanbidean ontzia elikagaiez ondo hornitua abiatu behar zen, zeren Labradorren, arraina, ehiza apur bat eta badia batzuk kenduta, ez zegoen elikagaiak lortzeko biderik.

Nobelan Otxoa de Andraka kartografo eta marinela da protagonista, Kolonen espedizioan garrantzi handikoa izan zen Juan Vizcaino de Lakotsaren ikaslea. Bata fikziozkoa eta bestea egiazkoa.

Hasieran, pertsonaia erreal eta fikziozkoekin jokatzea eta bat etortzea erronka iruditu zitzaidan. Baina azkar ikasi nuen, horretan asko lagundu didate kontatu dizkiguten istorioetan topa daitezkeen gezur, zehaztasun falta, ahazte eta gehiegikeriek. Vizcaino de Lakotsaz, badakigu euskalduna zela, kartografo handia, gero Santa Maria deituko zen itsasontziaren jabea izan zela eta euskal marinel pila bat ontziratu zituela.

Vizcaino (euskaldunen garai hartako deitura) de Lakotsaren lana goraipatu egin behar da, orokorrean euskaldunena, oso eraginkorra izan zen. Ez zen kasualitate hutsa izan. Vizcaino de Lakotsak ba al zekien zerbait Islandiako mendebaldeko lurraldeetara iritsi ziren euskal baleontziez? Zergatik alboratu zituen bere negozioak Koloni lehen bidaian laguntzeko eta, bigarrenean, zergatik zen itsasontziaren jabea?

Gorka Rosain Unda historialariak kontatu du Juan Vizcaino de Lakotsarekin batera, bere laguntzaile gisa, beste euskal marinel batzuek ere parte hartu zutela Amerikako aurkikuntzan: Juan Ustobia, Pedro Bilbao, Juan Lequeitio eta bere anaia Txomin. Rosainek dioenez, Juan Vizcaino de Lakotsak ez zuen Kristobal Kolon lagundu bere hirugarren bidaian, baina «eraman zituen sei kapitainetatik lau euskaldunak ziren, eta beste euskaldun asko ere eraman zituen: Lope de Olano; Pedro de Arana, Kolonen koinatua eta Diego Aranaren anaia; Pedro Ledesma, pilotu nagusia; Martin de Arriaran; Fernando Ibarra, bere kultura eta letrak menderatzearren nabarmendu zena; Diego de Portugalete; Martin Arrieta; Domingo Vizcaino; Gonzalo Salazar; Diego de Mendoza; Pablo Ledesma; Gregorio Zaldua; Pascual Luzuriaga; Machín Vizcaino; Martin Fuenterrabia eta bigarren bidaiako Domingo de Arana, Migel Larriaga eta Juan de Quijo.

Vizcaino de Lakotsak 1500. urtean bere mapamundi karta ospetsua osatu zuen. Amerikako lehen dokumentu kartografikoa izan zen, garai hartan garrantzitsuena, jakina. Datu nabarmena da, oso gutxik edo ia inork ez dakiena, baina ondo frogatuta dagoena. Halako informazioa historian ezkutatzen bada, zera garrantzitsuagoak ez al dituzte ezkutatu?

Zer dauka Otxoa de Andrakak Juanjo Gabiñarena?

Aitaren partetik euskal marinelen seme, biloba, birbiloba eta hereniloba naiz. Esan daiteke zainetan odola baino kresala daukadala. Aita Portugaletekoa nuen, bere izena Angel zen, abizenez Gabiña Andraka, gerran Bilboko portua bou armatuekin defendatu zuen eusko itsas gudarosteko komandantea izan zen. Benetako gerra heroi bat izan zen, bi heriotza zigorrekin kartzelan erresistitu zuen, izateko bere borondateari eusteagatik. Andraka bere amaren familia zen, Barrika eta Bakiotik zetozen Nafarroako erresumaren aldeko ganboarrak ziren. Leinu horretatik nobelako pertsonaia nagusiarekin bat zetorren arbasoren bat atera zen.

Portugaldarrek diote Fernando de Magallaes izan zela, ingelesek Francis Drake kortsarioa, ez diote balentria Elkanori aitortzen. Historia gezur bat dela diozu.

Historiaren gezur handienen artean dago Magallaes portugaldarrak edo Drake kortsario ingelesak munduari lehen aldiz buelta eman ziotela. Erabat frogatuta dago Juan Sebastian Elkano euskal marinela izan zela. Baina badakigu mila aldiz errepikatzen den gezurra egia bihurtzen dela, eta historia gezurrez josita dago. Magallaes Filipinetan hil zen -erdibidean geratu zen- eta munduari lehen aldiz buelta eman ziona Elkano da, 1521eko irailaren 9an. Anglosaxoientzat Francis Drake kortsarioa izan zen, bere lapurreta eta krimenetan Ingalaterrako erreginarekin erdi bana egin zuena. Drakek 1577an eman zion buelta, Elkanok baino 56 urte geroago, baina historiaren manipulatzaile askok ezagutza faltarekin jokatu eta Elkano ukatu zuten, Blas de Lezo almirantea ukatu zuten bezala.

Gauza hauek gertatzen dira konkistatzaileek historia idazten dutelako. Horrela, Espainiako historia ez da Gaztelako Erresumaren fundazioaren aurrekarien eta ondoriozkoen historia baino. Gaztelako Erresumak beste erresumak konkistatu zituen ezkontzen eta batez ere gerraren bidez. Berdin gertatzen da Frantziako Erresumarekin edo Erresuma Batuan Gales, Eskozia eta Irlanda konkistatu zituen Ingalaterrako Erresumarekin. Gero errelatoa idatziko da konkistatzaileen lurraldeak eta konkistatuenak historiaren sortze beretik batuta egon zirela kontatuz, gezur galanta dena.

Eta berdin Ameriketako aurkikuntzaren historiarekin. Sekula ez da ondo kontatu, eta, are, gertakizun askoren narrazioan gezurra esan zen eta gertaerak ezkutatu ziren. Euskaldunon historia ez dugu guk idatzi konkistatzaileek ukatu digutelako, eta, era berean, Gaztelari saldu eta harekin kolaboratu zuten euskaldunak egon zirelako. Baina horrek ez du esan nahi gure balentriak saltzeko arazoak ditugunik. Egia da, bestalde, Iruña-Veleiako aurkikuntza historikoen aurrean erakusten duten isiltasunari jaramon eginez gero, agian nolabaiteko omertá bat ezarri dela Euskaltzaindian, Eusko Ikaskuntzan, unibertsitateetan... Epaileengana jotzeak usain txarra izaten du, tranpatia dirudi, eta hitz egin beharko lukeena zientzia da, eta, guztien adostasunik ez badago, zalantzaren onura aplikatu beharko litzateke.

Herri bezala, beharraz bertute egin genuela diozu. Pasorako lurraldea ginen, baliabide natural handirik gabekoa, eta ez genuen besterik: elkarren ondoan jardun eta ahal genuen bezala aurrera egin.

Hori da. Baina ez da gurea kasu bakarra. Herri gehienena izan da, eta da, egun ere. Ameriketara emigratu behar izan genuen, erlijio ordenatan sartu behar izan ginen, europar armadetan mertzenario bezala jarduteko geure burua alokatu, burdina atera eta siderurgia landu, itsasontziak eraiki, nekazaritza, itsas komertzioa eta arrantza... Orduan, etorkizuna prestatzea eta bizi osorako iraungo zuten gauzak egitea kultura zen. Gaur, guztiz kontrakoa da. Egiatan, gure guraso eta aitona-amonek egin zutenaren errentetatik bizitzen ari gara, batzuk besteei begira geratuz, eta beste batzuk zerbait egiten dutenaren plantak eginez, gero gauzak dauden bezala utzi arren. Hori galdu dugu: beste aukerarik ez izateak ematen duen txispa, ahal den bezala batu eta aurrera jotze hori.

Nobelan Johan de Ursua ageri da, Otxoa de Andrakaren lehengusua. Bata Ipar Euskal Herrikoa, bestea Hegoaldekoa. Herri bat eta bakarra, ezkontza mistoak, elkarren arteko lotura naturalak.

Johan de Ursua eta Otxoa de Andraka batuta zeuden gainontzeko euskaldun guztiak bezala. Hizkuntza bera hitz egiten zuten, historia eta kultura berdina zuten. Ez zegoen mugarik, pasaporteak 1920. urtera arte ez ziren indarrean jarri. 1970. urtean, frankismoaren azken urteetan, Nafarroako Unibertsitateko Donostiako Ingeniaritza Eskolan, Euskal Herriko lehen historia komuna argitaratu genuen. Aurrenekoz ulertu nuen euskaldunok nazio berekoak ginela eguzkiak distiratzen duen argitasun berarekin. Ulertu nuen Johan de Ursua eta Otxoa de Andraka asko ginela, gero eta gehiago izango ginela, kohesio sozialari eutsi eta euskararen eta gure kulturaren nortasun ikurrak indartuz gero. Orduan ulertu nuen etorkizuna ez zela aurreikusi behar zain genuena ezagutzeko, gure etorkizunaren jabe egiteko balioko lukeen eszenatokia eraikitzeko baizik.

Deigarria da orduko komunitate juduak zeukan presentzia eta garrantzia.

Euskal Herriko juduak euskaldunak ziren, belaunaldietan hitz egin zuten euskaraz. Bizkaiko lurraldetik modu sektario eta iraingarrian kanporatu zituzten praktikatzen zuten erlijioagatik. Torquemada eta bere Inkisizio Santutik gertuago sentitzen ziren erlijio judua zuten anai-arrebetatik baino.

Balmasedan lehertu zen juduen kontrako gorrotoa. 1199an Gaztelako Erresuma eta Castro Urdialeseko euskal portuaren arteko bide komertzialean sortutako hiribilduak, ehun urte baino lehenagotik, judutegi propioa zuen. Gehienak Medina de Pomarretik etorritakoak ziren eta kale zaharreko hamahiru etxetan bizi ziren. 50 pertsonako komunitate judu bat 1000 biztanleko herrian.

1486an, juduen kontra antolatutako iskanbila baten ondoren, beren kanporaketa erabaki zen, Gernikako batzarrek berretsi zutena. Pedro Sanchez de Terreros alkatea buru, gizon armatuen kuadrilla batekin gauzatu zen. Bizkaiak aurre hartu zien Gaztela eta Aragoiko Erresumei, hauek 1492an kanporatu zituzten, Gipuzkoa eta Araba neurri bera hartzera behartuz. Nafarroan, 1498an; eta Ipar Euskal Herritik ez ziren inoiz kanporatu.

Eta gainera txakolina ekarri zuten.

Horrela azaldu zidaten, bai, eta badirudi egia dela. «Txakolin» hitza otorduen aurretiko bedeinkapenerako erritual hebrear baten hitzetik dator: «Shehakol» (Txakolin) eta «Shehakol niya» (Txakolina), fonetika berdina du eta erabilera oso zehatza. Bedeinkapen osoa honakoa dela gehituko nuke: «Shehakol Nyá Bidvaro» (Guztia bere hitzak egindakoa da), Alegia, Jainkoaren hitza.

Juduek ardo propioa (koxer) behar zuten. Era berean, ardoagatik (Abraham-en garaietatik), Elizari eta Estatuari hamarrenak ordaintzera behartzen ziren. Horregatik, juduek beren ardo propioa eta ez kontrolatua «txakolin» deitzen dute. Komertzializatu egiten zuten gero, erosleari mahatsondo judutik datorren ardoa dela ohartaraziz, juduak ezin dutelako jentilen (kristauen edo musulmanen) eskuekin egindako ardoa edan, eta Elizari hamarrekoa ordaintzea ekiditen zuten, txakolina ez zelako, berez, ardo bat.

Deigarria da ere euskal marinelek frantziskotarrekin izan zuten harremana.

XV. mendean Flandriatik ateratzen ziren euskal itsasontziak ugariak ziren, Nantesetik, Rouenetik, Londresetik... Bilbo, Baiona edo Lisboaraino nabigatu eta, han berriz zamatuta, Europa erdialdeko eta iparraldeko portuetara bueltatzeko. Bitxia da zein etxekotuta zeuden frantziskotarren komunitateetan. Elkarrekiko erakargarritasuna zen, frantziskotarrek euskal marinelak komentuetan hartu eta beste herrialdeetako portu hirietan gomendatzen zituzten. Nantesen, adibidez, “Confrérie de la Contratation” ermandadea sortu zen, armadore eta merkatari euskaldun eta bretoiak bilduz, eta egoitza frantziskotarren komentuan zegoen.

Azkenik, zure nobelan salaketa latente bat antzematen da: herri bezala gutxietsi eta, egun ere, egia osoa ez kontatzeko afana igartzen da.

Mito eta legenda asko errealitate kontrastatu bihurtu dira. Nire teoria da kasualitateak gertatzeko aukera urriak izan eta kasualitate asko direnean, zerbait egia dela pentsatu behar dugula, egia osoa ez bada ere, hainbeste kasualitate batera gertatzea ez delako posible. Heinrich Schliemann arkeologo alemaniarrari Troyaren aurkikuntzarekin gertatu bezala, pentsa dezakegu euskaldunen parte hartzerik gabe Kolonek ez lukeela sekula Amerika aurkituko.

Baleen ehiztari hoberenak euskaldunak izan ziren VIII. mendetik ia XIX. menderaino. Batzuek diote euskaldunak ez zirela konkistatzaileak, eta gauzak oso oker zetozenean, Frantziako erregearen zerbitzura kortsario bezala jarduten zirela. Baina joan ziren lekuetan ondo moldatu ziren indigenekin, eta euskal-algonkino pidgin hizkuntza, euskararen eta indigenen hizkuntza edo aldonkinoaren arteko nahasketa, erabiltzen zuten.

Ados nago nolabaiteko salaketa bat antzeman daitekeela diozunean. Argi dago gu gutxiesten saiatu direla eta, egun ere, izan garenaz egia ez esateko afana antzematen da. Nire esku kolpetxoa eskaini dut gure iraganaren ukapenaren eta konkistatu gintuztenen hitzezko zartakoak diren estereotipo faltsuen aurrean. Ereduzkoa izan den gure iraganaren ikuspegi positiboago eta sortzaileago bat eskaini nahi dut. Etorkizunean honen bultzada balia dezagun erresilientzia nahikoaz kargaturiko etorkizun bat eraikitzen jarraitzeko eta ahal dugun gutxien sufritzeko.