Andoni URBISTONDO

Mutiozabal Txo Ontziola, iraganeko orio, gaurkora ekarria

Txo esaten zaio ontzian hasiberri den marinelari, ikasteko asko duenari. Mutiozabal Txo Ontziola da Orion martxan jarri duten proiektuaren izena, eta hurbiltzen diren gaztetxoei iraganeko Orio erakutsi nahi die, ontzioletan aberatsa zen errioaren bueltako herri hura.

Goiko irudian, ontziolan topa daitezkeen materialetako zenbait. Teoria zein praktika egiten dute ikasleek eta egurrarekin lan egiten dute tailerrean.
Goiko irudian, ontziolan topa daitezkeen materialetako zenbait. Teoria zein praktika egiten dute ikasleek eta egurrarekin lan egiten dute tailerrean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Iraganeko Orio XXI. mendera ekartzeko ahaleginean ari da Albaola elkartea Mutiozabal Txoren Ontziola ekimenarekin. Ontzigintza funtsezko industria jarduna izan zen herri hartan gizaldi batzuk atzera, eta heziketa proiektua sortu eta garatzen ari dira herriko ikasleekin: egurra ukitzen eta sentitzen erakusten diete, ontziolak eraikitzeko lanean protagonista senti daitezen. Sustraietara egin dute jauzi, adaxka gazteak sortu eta etorkizuna aberasteko. Ikasle gazteak ari baitira denetan irrikatsuen.

Ikasleak Luzuriaga arotzarekin lanean. Gorka RUBIO | FOKU

Eider Arrutik Orioko bi ikastetxeetako ikasle gazteen arreta erakarri du, ontzi txiki baten atalak azaltzen dizkien bitartean: toletea, branka, popa, tosta, istriborra… Istribor eta ababor terminoen azalpenekin aho bete hortz geratu dira 10-12 urteko ikasleak, oraino ezker-eskuin hitzak bakarrik ezagutzen dituztelako. Arruti Albaola elkarteko kidea da, Mutiozabal Txoren Ontziola proiektuko arduraduna, eta ontzigintzan ezkerra eta eskuina ezin direla erabili azaldu die, une batean eskuina dena ezkerra izan baitaiteke.

Alor teorikoa lantzen du Arrutik, eta alor praktikoa Iñigo Luzuriaga arotzak. Orioko historia eta tradizioa berreskuratzeko ahaleginean dabiltza azken bi urteetan, ikastoletako gazteei ontzigintzak kostaldeko herri horretan izan zuen garrantziaren berri emanez. Izan zirenari balioa ematen eta ondarea ez desagertzeko bitartekoak jartzen saiatzen dira.

Tresna eta ofizio desberdinak ezagutzeko aukera dute gaztetxoek. Gorka RUBIO | FOKU

Iaz hasi ziren ekimena garatzen, pandemia bukatu ostean, berez proiektua pandemia aurrerako prestatua bazegoen ere. Arrutiren hitzetan, «ikasleak etortzen direnean sarrera orokor bat egiten dugu, gure proiektua zertarako den, zergatik sortu genuen. Bi talde egiten ditugu. Bat teorikoa, ontziolako atalak eta beste azalduz, eta bestea praktikoa, arotzarekin aritzen direna: ontziolan nola eraikitzen den ikasten, ontzia bera egiten ikasten dute alor praktikoan ikasleek».

Orioko bi ikastetxeetako ikasleak bertaratzen dira Oria ibaia zeharkatzen duen zubiaren bestaldean dagoen ontziolara. Ikastetxeari unean-unean komeni zaion gaitegira moldatzen saiatzen dira Albaolako kideak. Hasiera batean LH4. mailatik DBH2ra bitarteko ikasleekin hasi ziren. «Harrera oso ona izan zen eta DBH4ko ikasleak ere dinamikan sartu genituen», azaldu du Arrutik. Iaz 400 ikaslek parte hartu zuten denera proiektuan, Orioko bi ikastetxeetako ikasle gehientsuenak.

Proiektuaren zutabeei buruz mintzatu zaigu proiektuko arduraduna: «Alor asko, ofizio asko lantzen dira, ontzigintzak transbertsalitate handia baitauka. Alor gehienek zerikusi zuzena dute ikasleek lantzen dituzten gaiekin: logika, matematika, ingurunea: egur motak, natura, ibaia…». Lehen ikasturtea bukatuta, ontzi txiki bat uretaratu zuten Orion, ontziola atarian, Oria ibaiko errioan.

Pasa den udaberrian izan zen, baina ekimenaren helburua ontzi bat uretaratzetik harago omen doa. Hala dio Arrutik: «Historia berreskuratzen eta zabaltzen saiatzen ari gara, umeen, ikasleen parte hartzearekin, jendartea sentsibilizatzen. Oriok mende batzuk atzera izan zuen ontzigintza sektore indartsua ezagutarazteko bitartekari izan nahi dugu». Arrutik atsekabez dio Orion badela jendea, oraindik, jarduten duten eraikina ontziola dela ez dakiena: «Tristea da, belaunaldien artean haustura baitago ontziolen inguruan. Ikasle hauek badakite zer egiten zen, nola, eta hutsune handi hori estaltzen joan nahi genuke pixkanaka, Orio ontzigintzan potentzia bat izan baitzen».

Proiektuak halako magia berezi bat sortzen du ikasleen artean. Egurra ukitzen dute, landu, zulagailua eta iltzeak erabili; ontziola bat benetan nola sortzen den ikasten dute, azken finean.

Miren Aristi Zaragueta ikastetxeko irakasleak ere gozatu egiten du ikasleekin ontziolara joaten denean: «Pantailen belaunaldikoak dira oraingo ikasleak, eta haiek gabe artisau munduan nola murgiltzen diren ikustea, sortzen den aura berezi hori, oso polita da. Poz-pozik etortzen dira ontziolara, eta isil-isilik, adi-adi egoten dira». Irakasleak ere pozik, noski.

Material desberdinak ezagutzen dituzte gaztetxoek. ALBAOLA ITSAS KULTUR FAKTORIA

Klasea bukatu ezinik

Ontziolako jarduna hain da ikasleentzat erakargarria, ezen ez baitute klasea bukatutzat eman nahi izaten. Alegia, egin beharreko orduak eginda ere, ikasten edo praktikan murgilduta jarraitzeko nahia agertzen dute. Arrutik ñabardura interesgarria egin du: «Gertatzen da klasean mugituenak diren ikasleak, arazo gehien sortzen dituztenak, besteak baino gehiago inplikatzen direla. Normalean haiek izaten dira onenak».

Aristi irakasleak ere ontziolan ematen den beste egoera bat nabarmendu nahi izan du: «Sozialki klase barruan sortzen ez diren harremanak sortzen dira ontziolan. Klase barruan elkarrekin harremanik ez duten ikasleak harremana dute ontziolan. Hobeto ezagutzen dute elkar, beste lotura bat sortzen da euren artean». Ikasle gehienak oriotarrak dira, baina badira atzerritarrak direnak, eta beste herri batzuetatik etorri direnak, «eta horiei herriko historia eta tradizioa jakinaraztea polita da». Zaragueta ikastetxearen helburua ikasleak euskal curriculum-era hurbiltzea dela dio irakasleak, «ikasleak gure kulturara, historiara, gerturatzea. Parisko Notre-Dame katedrala ezagutzen dugu, baina herriko gotikoa ez. Gure ikasleek gure historia ezagutzea oso garrantzitsua da. Ontzigintza oso garrantzitsua izan zen Orion ekonomikoki eta sozialki, eta ezinbestekoa da ikasleek ontziola eta bertan egiten zena ezagutzea».

Ikasleak gustura egotearen meritua Iñigo Luzuriagarena da; Iruñean arotz lanbidea ikasi eta Oriora mugitu zen, ontziolaren ekimenak erakarrita. Ekimeneko alor praktikoaz arduratzen da Luzu. Iruñean eraiki zuten ontziaren proiektua, Donibane auzoan, eta lan harekin gustura, Gipuzkoako kostaldera egin zuen jauzi: «Mundu kuriosoa da, asko ikasi dut. Txikiekin murgiltzea polita da. Praktikoagoa den hezkuntza beti da erakargarriagoa; hobeto barneratzen dituzte kontzeptuak, eta ni horren aldekoa naiz», esan du. Ikasle taldeak fase ezberdinetan eramaten dituzte ontziolara: ontzia eraikitzera, margotzera… «Saiatzen gara etortzen diren egunean informazio ahalik eta osatuena ematen, proiektu osoaren inguruan jakin dezaten».

Lehen uretaratzea pasa den udaberrian egin zuten, eta pasa den asteburuan festa jendetsua egin zuten Orion, ontziolen ondarea berreskuratzeko lanean. Eraikuntzan parte hartu zuten ikastetxe bakoitzeko bi ikasle gonbidatu zituzten beraiek eraikitako ontzian nabigatzera, beraiek egindako lanaren errekonozimendu moduan.

Ontziolaren ikuspegi bat. Gorka RUBIO | FOKU

Aginagako Mutiozabal familia

Ontzigintza industria jardunaren jatorria errioan gora dago, Usurbilgo Aginagan (Usurbilgo auzoa, ofizialki). Eider Arruti: «Mutiozabaldarrak Aginagako baserri bateko ontzigileak izan ziren. Hirugarren belaunaldia Oriora etorri zen, eta hemen ontziola, altzari fabrika eta etxebizitza egin zituzten Oria ibaia zeharkatzen duen zubiaren bestaldean. Kontserba-industria bat ere bazegoen, bere garaian. Albaola elkarteari esker dakigu Pasaiak zein garrantzia izan zuen ontzigintzan, baina Oriok, uneren batean Pasaia baino garrantzi handiagoa izan zuen ontzigintzan. Antzina, Aginagan hasi eta Orioraino, 12 ontziola zeuden», bota du harro.

Orioko ontzigintzak eta errioak izan duten garrantzia balioan jartzeko gogotsu dira Albaolako kideak: «Herrian sumatzen da natura horrekiko halako deskonexioa. Antzina Orioko ertzak ontziz beteta zeuden, eta oriotar guztiek zekiten nondik nora joan behar zuten errioan, sakona ez jotzeko. Gazteek hartu eta gora eta behera ibiltzen ziren errioan. Hori orain galdua dago, eta berreskuratu egin nahi genuke, pixkanaka, aisi moduan. Oriori zeukana bueltan emateak motibatzen gaitu».

Ekimen honi Mutiozabal Txoren Ontziola izena jarri zioten. Berezia, ezbairik gabe. Hauxe kostatik urrun bizi direnentzat, eta ontzigintzan trebatuak ez direnentzat azalpena, Arrutiren hitzetan: «Txo da ontzietan lanean hasten zen marinel ikaslea. Txo gaztetxoari ematen zitzaion izendapena da, eta ontziola hau ikasleei zuzenduta dagoenez, ekimenari izen hori jartzea erabaki zen». “Pirritx, Porrotx eta Marimotots” pailazoek ere, bere garaian, Txo pertsonaia sortu zutela dio Arrutik, Albaola elkartea gogoan.

Ekimena hasi zen, eta itxura ona du, harrera bikaina izan duelako Orion. Luzerako izango al da? Arruti: «Erakundeak pozik daude, udaletxea era bai, gu eta Albaola zer esanik ez… Hezkuntza proiektu hau egonkortu nahi dugu aurrena, urteen joan-etorrian ontzi batzuk uretaratu, eta ondoren beste atal batzuk lantzen hasi: ontzi tradizionalena, adibidez. Haien kontserbazioan ere sakondu nahi genuke».

Ahotsak elkartearekin ere elkarlanean ari dira, kapitaina izan zen oriotar agure baten testigantza jasotzeko. «Berak kontatuko didana ez dit liburu batek kontatuko, eta giza-ondare hori oso inportantea da», dio, zintzo, Arrutik. Kontzertuak, dokumentalak… Kontu asko dituzte buruan: herria eta herriaren historiari balioa emango dioten ekimenak. Orain arte Orion bakarrik eman dituzte eskolak, «ontziola hemen dagoelako», baina ikasturte berri honetan Euskal Herri osoko ikastetxeetara zabaldu dute hezkuntza eskaintza: «Esperientzia hau kostako zein lehorreko ikasleentzat ikasketa interesgarria dela badakigu». Asmoa eta erronkak botata daude!