OCT. 21 2023 Interview Estitxu FERNANDEZ MARITXALAR «Sortze berri bat, indarkeria obstetrikorik gabea» liburuaren egilea «Indarkeria obstetrikoa indarkeria matxista da» Indarkeria ikusezin bati ahotsa jarri dio psikologo perinatalak, sistema zuzenean seinalatuz, gainera. Batez ere amen testigantzaz osatutako lan kolektiboa da. (Argazkiak: Jagoba MANTEROLA) Maider Iantzi Nola kontatu bihotzez egindako elkarrizketa bat. Nola jasoko dituzu, irakurle, bero-bero sentitzen ditudan hitzok. Ezin eskuzabalagoa izan zara, Estitxu, goxoa bezain ausarta. Mila esker. Michel Odent obstetrak erran zuen: mundua aldatzeko, jaiotzeko moduak aldatu behar du lehenik. Jaiotzeko modua ikaragarri aldatu da azken mendean. Emakumeak bazuen askatasun esparru bat, garai psikosexualak ulertzeko eta akonpainatzeko modu bat. Emaginak, sorginak ziren hor gehien zekitenak. Mendetako jazarpenaren ondorioz, haien jakinduria galdu da, senda-lanekin eta sendabelarrekin lotutakoa, gure gorputzen erritmoen ingurukoa, eta bihurtu da arrunt teknologiko, mekaniko, biologiko; ez gaituzte inola ere hartzen ikuspegi psikosozial batetik. Biomedikuntza eta patriarkatua elkartu dira. Nik uste dut ez garela konturatzen mundu honetan bizi garen pertsonak nola jaio garen: adinekoak kenduta, bertzeak inguru erabat medikalizatu batean sortu gara, eta gehienak gure amarengandik bereizi gaituzte. Pentsatzen da horrek ez duela markarik uzten. Joan den mendeko bigarren erdialdean anestesiarik gabe egiten zitzaien ebakuntza ume jaioberriei, sentitzen ez zutelakoan. Eta emakumeak erditzen ziren sekulako presio eta minarekin, inolako laguntzarik gabe eta bakarrik; edo erabat lokartuta. Bi mutur horiek zeuden. Ikerketa zientifikoak gero eta gehiago ari dira frogatzen: lehen hiru urteetan jartzen da gure oinarri emozional guztia. Noski eragina duela nola jaiotzen garen eta nola tratatzen ditugun emakumeak. Eta ez balu izanen ere, indarkeria obstetrikoa emakumeen eta umeen kontrako indarkeria da. Eta indarkeriak ezin du existitu, gutiago osasun sisteman. Emily Martin antropologoak dio emakumeak makinak bezala tratatzen direla. Modu zehatz batean funtzionatu behar dute produktua, umea, ahalik eta hobekien ateratzeko. Hori gidatzeko teknologia dago. Emakumeak erraten duena ez da informazio fidagarria. Profesionalek sentsazioa dute eurek salbatu behar dutela prozesua, emakumea ez dela gai. Bere gorputza akastuna da, perfektua gizonarena da. Horrek ez du kentzen behar denean teknologia erabiltzea. Eskerrak hor dagoen, bertzenaz ume batzuk ezin direlako jaio. Baina erabil dezatela behar denean, eta emakumeak nahi duenean. Lehenengo araua, muturrera eraman behar dena da zer nahi duen emakume horrek. Aditu zaio? Errespetatzen da? Esplikatu zaio dena eta erabaki dezake? Gaur egun, oraindik, anitzetan ez. Bere partez erabakitzen da. Indarkeria obstetrikoaren definizioen artean Jesusa Ricoy Olariaga aktibistarena gustatzen zait: jarraipen gineko-obstetrikoan ematen diren zenbait praktika edo jarrera dira, ahoz zein ekintzaz, amen eta umeen erabakiak, desirak, eskubideak, beharrak, emozioak eta duintasuna kontuan hartzen ez dituztenak. Hori da ikusten duguna, izebergaren punta, indarkeria zuzena. Fisikoa normalean gehiegizko medikalizazio bat izaten da, ez ulertzea hamarretik zortzi erditze fisiologiko normalak direla. Bi bai, arrisku handikoak dira eta eskerrak teknologia. Bertzetik, indarkeria psikologikoa ez informatzea da, emakumearen erabakiak ez errespetatzea. Azpian daude egiturazko indarkeria eta sinbolismoa. Indarkeria bat da, erabat onartua, uste dugulako justifikatuta dagoela boterea erabiltzea, emakumearen eta umearen onbeharrez. Denok uste dugu hori: profesionalak horregatik ez du indarkeria nahita egiten; emakumeak berak ere ez daki anitzetan indarkeria pairatzen ari denik, “egin egin behar dena”, dio; eta jendarteak, “berriro ero hauek, histeriko hauek, zer uste dute dela bada erditzea eta ama izatea?”. Sufrimenduarekin lotzen da, emakumea bera bezala. Emakumeak pairatu behar du sufrimendua, eta isilik egon. Hori da kulturalki duguna, eta honekin ez naiz profesionalak seinalatzen ari, osasun sistema hau baizik. Hori aldatzeko lehenengo indarkeria estrukturala eta sinbolikoa aldatu behar dira. Plazara atera duzu gaia. Hagitz inportantea da hori, emakumeen kontrako indarkeriarik ikusezinena delako. Testigantzetan, ama batek, Iratik, galdetzen du: indarkeria matxista jasan duten emakumeen telefonora deitzen badut erranez indarkeria obstetrikoa pairatu dudala ospitalean, onartuko dute? Inork ez du horrela ikusten, baina indarkeria obstetrikoa emakumeen kontrako indarkeria da. Ez pentsa erraza egin zaidanik liburua ateratzea: zalantza egin dut, beldurra sentitu dut. Ez da proiektu inola ere partikular bat, erabat kolektiboa dela sentitzen dut. Hamahiru emakume zaudete liburuan. Gehi aipatzen dituzun autore feminista guztiak. Hamabi testigantza daude, eta nire atzean sentitzen ditut, baita bere erditzea kontatu didaten ehunka amak ere. Orduan, indar handi bat sentitzen dut. Baina egia da ikusezina den eta hagitz gutik onartzen duten indarkeria bati ahotsa jartzea, pentsatu egin behar dela. Helburua horixe erratea da: “Aizue, hau ere indarkeria matxista da”. Nazio Batuen Erakundearen hiru ebazpen izan ditugu munduan, bat liburuko testigantzen artean agertzen den Nahia Alkortaren salaketatik etorria. Euskal Herriko ospitale bat seinalatzen du eta erantzukizuna eskatzen dio. Ez da betetzen ari, baina hor dago, eta zer oihartzun izan du? Borroka feministaren lehen lerroan egon beharko litzateke, beste edozein indarkeria legez. Oraintxe atera duzu lana, baina gainditu duzu beldur hori? Zein erantzun izaten ari zara? Ongi nago, indartsu, erantzunak onak dira. Emakumeek eskertzen dute ahotsa jarri izana. Babestua sentitzen naiz benetan ikusten dutenengandik, baina nahiko nuke ikusten ez dutenek ere irakurtzea. Ez inori errua botatzeko, baizik eta hobetzeko. Hobetzeko, gardentasuna hagitz inportantea da, Euskal Herriko ospitaleetan nola artatzen den jakitea, batez ere ze esku hartze maila dagoen. Ez dute daturik argitaratzen. Lehenengo ebidentzia zientifikoa zabaldu behar da, eta gero, praktikak hortik abiatzen direla ziurtatzen dugunean, oraindik ere ez gaudelako hor, ez da erdian jarri behar protokoloa, emakumea jarri behar da. Hori da profesionalak feminismoan formatzea: emakumeak erraten duena errespetatzea. Bere gorputza da eta berak erabakitzen du. Emakumea entzun behar dela behin eta berriz aipatzen duzu. Benetan entzun. Hori arrunt inportantea da. Badago heldukeria handi bat. Tratu deshumanizatua ematen da batzuetan. “Umea egiten ari zinenean ez zinen hainbertze kexatzen”, zenbat erditze gelatan entzuten dugun. Mehatxuak ere bai: “Ez baduzu ongi bultzatzen, lokartu egin beharko zaitut”. Horrela tratatzen da emakumea erditzean. Gehiago gaztea baldin bada, arrazializatua, lehenengo umea badu... Beste intersekzio batzuk daude, baina emakume guztiok pairatzen dugu indarkeria obstetrikoa. Lehen testigantza ematen duena Irene medikua da. Ez zuen erran nahi, bazekielako gehiago egonen zirela bere gainean. Hor ikusten da intentzio ona. Zaindu nahi dute. Egiteko moduak aldatu behar dira. Zaindu nahi baduzu, derrigor entzun behar da emakumea, eta erraten duena sinetsi eta defendatu. Feminismoan ez ezik, profesionalak psikologia perinatalean ere formatu behar dira. Amazaroa ez da orain deskubritu; badira urteak badakiguna amaren garuna aldatzen dela haurdunaldian, eta erditzean erabat. Egundoko indarra du baina hagitz zaurgarri dago, oso-oso sentikor. Umea koskortu arte ez da aldatuko garuna. Zer gehiago behar dute osasun langileek? Ez daude baldintza onetan, 24 orduko guardietatik hasita, ratioak, presak, datu onak edukitzeko presioa. Batzuetan umeei gauzak gertatzen zaizkie erditze geletan, edo indarkeria ikusten da; nola integratzen dituzte gertaera horiek profesionalek? Zein zaintza dute? Giza baliabideak eta baliabide materialak behar dituzte. Prestatuta daude kirofanoak azala azalarekin egiteko? Gero eta gutiago banatzen dituzte ama eta umea, bazen ordua! Hori ez baitago justifikatuta inondik inora, bakarrik bizitza arriskuan dagoenean. Ikerketek diotenez, hamarretik hiru edo lau emakume ateratzen dira traumatizatuta bere erditzetik. Trauma sufrimendu emozional gorena da. Istripu, hondamendi eta gerretan gertatzen da. Erditze bat horien pare egon liteke. Traumak zerikusia du ez hainbeste egiten ari diren horrekin baizik eta zerbait gogorra gertatzen ari denean tratatua sentitzen zaren moduarekin. Bakardadearekin, mehatxuekin, ez kontuan hartzearekin du zerikusia. Izan daiteke zesarea urgente bat errespetatua, eta ez sortu traumarik. Erditzeak ezin du trauma bat izan. Gehienetan, arriskukoa ez bada, akonpainamendu on bat behar du bakarrik: entzun, sinetsi, errespetatu. Hain da sinplea... Amarekin solas egin behar da: “Poltsa puskatzen badizut hau gerta liteke. Zer iruditzen zaizu?”. “Ez, ez dut nahi”. “Ados”. “Nahi dut”. “Bale”. Demagun esku hartze bat egiten duela eta zerbait okertzen dela, emakumea informatu bada eta berak erabaki badu, ez da kexatuko. Mundu osoko emakumeek gauza bera eskatzen dute: errespetua. Ez erditze ideala. [Haserretu egiten da honekin] Ehunka emakumerekin egon naiz eta gehien entzun dudan esaldia da “nik nahiko nuke epiduralik gabe, gai banaiz”. Idealizatuta? Kontrakoa, beldurtuta daude, ez dute konfiantzarik beren buruan. Traumatizatuta ateratzen diren emakumeak ez dira erditzea idealizatu duten emakumeak; indarkeria pairatu duten emakumeak dira. Indarkeria erabiltzen den guztietan ez da emakumea traumatizatzen. Baina erditze traumatiko denetan dago indarkeria. Zein eragin ditu traumak? Eragin zabala du, epe labur eta luzera. Lehenengo, emakumearengan: gerta liteke kaka edo pixa galtzea bizi osoan, umetokia galtzea, umetoki lepoa urratzea... hainbat lesio gerta litezke. Umearengan berdin: ebakiak, lepauztaia puskatzea... Psikologikoak ere bai: trauma ondoko estresa, depresioa, tokofobia... Ondorio larriak dira. Gainera, trauma bizi osorako da. Zauria senda dezakezu, baina birtraumatizatu daiteke. Zenbat emakumek pairatu dugu sexu abusuren bat. Pentsa emakume hori erditzen, birtraumatizatu dezakegu, epidurala jarriz atzetik ezer erran gabe. Ama bat ateratzen da akaso zesarea batetik, ebakuntza bat da, eta lehenengo gauza erraten diotena ospitalean da “oinez ibili beharko zenuke pixka bat”, eta igual ezin du. Gainera, ume bat zaindu behar du. Nola sortuko da bien arteko lotura? Horrek ondorioak dakartza umearen osasun mentalean. Horretaz aparte, ume horrek ere pairatu du indarkeria. Traumak emakumearen harreman sexualetan, bikote harremanetan eta harreman sozialetan eragiten du. Hain denez ikusezina, ez da ulertua, eta bakarrik dago. Profesionalengan ere baditu ondorioak. Bakartxo emaginak primeran azaltzen du: ez da pertsona batek egiten dizuna, giroa da, ikuspegi mekaniko hori, bakarrik produktua begiratzekoa, ama ez entzutekoa. Nahi gabe, giro horrek eramaten zaitu prozesua kontrolatzera, emakumea etzanda monitoreetara konektatuta uztera... Ahaldunduta joan zaitezke, eta ez balio izan. Saioak hori dio, bere ustez ahaldunduta joan zen, baina ez zen nahikoa izan. Zure intimitate osoa agerian dago erditzean, zure umea, gauza guztien gainetik babestu nahi duzuna. Ez da erraza autoritateari kontra egitea. Gainera, ez dagokigu. Emakume bakoitza iritsiko da ahalduntze mailaren puntu batean. Profesionalari dagokio denak errespetu berdinarekin artatzea. Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua? Duela hamar urte idatzi nuen “Gure erditzearen jabe”, ebidentzia zientifikoari tokia egin nahian, erditze fisiologikoa onuragarriagoa baita teorian emakume eta umeentzat, eta ahalduntzean jarri nuen indarra. Ez nuen hainbertze indar jarri indarkerian, eta garbi nuen honi buruz idaztea tokatzen zela. Julene Armendariz lagunak eta biok, osasun mental perinatala sustatzeko, Erroa elkartea sortu genuen. Bertan ehunka emakume entzun ditugu. Hortaz, indarkeria pairatutako emakumeak topatzea ez zait zaila egin. Kasu desberdinak ikusi nahi nituen: Irene medikua, Irati abokatu gaztea, Kris preso dagoen ama, Nahia NBEren ebazpena lortu duena, indarkeria judiziala ere esplikatzen duena. “Uste duzu hona iritsi nahi nuela?”, dio, “nahikoa nuen erran izan balidate: ez dut nahita egin, baina ikusten dut zuri min handia egin dizula”. Kontrara, Saioaren testigantza dago, non Katalunian, Sant Pau ospitalean, ginekologia buruak deitzen duen bere testigantza irakurri eta gero. Entzuten du, eta erraten dio “arrazoi duzu”. Eta Saioak erabakitzen du bigarren umea han edukitzea. Hori da erreparazioa. Zergatik kostatzen zaio Euskal Herriko osasun sistemari hori hainbertze? Uxuek lagundutako ugalketa tekniketan dagoen indarkeria erakusten du. Nola sartzen garen gurpil horretan, gure gorputza makina nola bihurtzen duten, azkeneko produktu hori lortu arteko bidea, sufrimenduz betea. Arrunt hotza, biomedikuntzaren izebergaren punta, sabeleko alokairuen ondoren. Dolua ere agertzen da. Eta trauma. Profesionalen ahotsa ere jaso duzu. Ibone Olza psikiatra perinatala nazioartean hagitz onartutako ahotsa da eta behar nuen berak erratea hau. Elena Vall d'Hebroneko ginekologia burua eta Generalitateko Berdintasun arloan aholku batzordeko burua da. Zientziaren ikuspegi androzentrikoa azaltzen du. Bakartxo emagina elkarrizketatu nuen azken-azkena. Berak azaltzen du nola den posible gure prozesu fisiologiko-sexualekin hain konfiantza eskasa edukitzea emakumeok ,eta bertze prozesu fisiologikoekin ez. “Etorriko zara nire etxera afaltzera?”. “Ez dakit bihotzak aguantatuko duen hemendik zure etxera”. Hori ez dugu inoiz erraten. Bigarren parte bat dago, “Norantz ari garen”, esperantzari leiho bat irekitzen diona. Zalantza egin genuen Garazi Arrula editoreak eta biok, eta aparte jartzea erabaki genuen. Badaude profesional erogarriak Euskal Herrian. Badakite emakumea errespetuz tratatzen, feminismotik, emozionalki akonpainatuz. Ez bakarrik emagin eta ginekologo solteak, badaude zenbait ospitale ere pixkanaka ari direnak eta hori ere erakutsi egin behar da. Testigantzetan badaude hiru emakume erditze errespetatuak izan dituztenak, Itziar, Julene eta Arrate. Sarreran Historiaurreraino joan zara. Ama-ume libidoa zegoen erdigunean. Nire militantzia guztia hori da: ama eta umearen arteko harreman libidinal hori, garai sexual hori errespetatzea eta erdian jartzea, haurdunaldian, erditzean, erdiondoan, umeak sei urte izan arte. Hor arnasten da: “merezi dut zaintza hau, zaindu naute beraz zainduko dut”. Gainera, maitasun erromantikoa ere deseraikiko litzateke, orain gizon-emakumeen arteko libidoa baitago erdigunean. Hori eginen bagenu, benetan sinesten dut bertze jendarte bat izanen genukeela. IBILBIDEA 1975ean Lesakan jaioa, psikologo perinatala da Estitxu Fernandez. Ehunka ama akonpainatu ditu Erroa elkartean. Xirimiri hezkuntza proiektuko kide ere bada. 2013an “Gure erditzearen jabe” lehen liburua atera zuen, eta iaz “M ama eme ume”, Erika Lagomarekin batera. «Ez da protokoloa jarri behar erdian, emakumea jarri behar da. Hori da profesionalak feminismoan formatzea: emakumeak erraten duena errespetatzea. Bere gorputza da eta berak erabakitzen du» «Nire militantzia hori da: ama eta umearen arteko harremana erdigunean jartzea prozesu osoan. Erditzean ere bai. Hori eginen bagenu, benetan sinesten dut bertze jendarte bat izanen genukeela. Baina benetan»