OCT. 28 2023 { DATORRENA } Hutsegiteak errepikatzen direnean, emaitzak ere bai Isidro Esnaola Sarritan galdetu izan diot neure buruari nola bizi duen jendeak inperio baten kolapsoa. Iruditzen zait, oro har, jendeak sumatzen duela gauzak gaizki doazela, baina erosotasunagatik, eta, kezkarik ez izateko, nahiago duela bere bizitzarekin jarraitu, gertaerak berarekin ez baleude bezala. Moskun ikasten ari nintzen SESB erori zenean. Ez zen orain bezala izan jendearen pasibotasunak markatutako aldaketa; pasioz eztabaidatzen zuten eta mobilizatzen ziren herritarrak. Begien bistatik okertzen ari zen egoera, eta nik, nire xalotasunean, uste nuen, arazo gero eta handiagoak izan arren, herrialdeko agintariak egoera zuzentzeko gai izango zirela. Azkenean Sobietar Batasuna erori egin zen, eta orduan gertatu zena atzerantz ikusita, uste dut bi faktore izan zirela hondamendi hartan, izaera orokorragoa dutenak, eta aldaketa malkartsuak gertatzen direnean errepikatzen direnak. Hasteko, herrialdeko elitean banaketa sakona eman zen. Moskun, funtsean, bi ikuspegi zeuden azken agertokiaren inguruan: batzuentzat, perestroikaren emaitzak kapitalismo "biguna" izan behar zuen, Europako herrialdeen estilokoa; eta, beste batzuentzat, helmuga-puntuak lehendik zutenaren antz handiagoa zuen. Modeloen arteko liskar horrek etengabeko talkak eragiten zituen, aurrera egitea eragozten zutenak, eta egoera are gehiago hondatzea besterik ez zuen eragiten. Bigarren faktorea, elitearen zati bat aurreko egoerara itzultzeko saiakera izan zen, 1991ko estatu kolpearekin gertatu zena, azkenean Sobietar Batasunaren amaiera azkartu zuena. Behin krisia agerian geratzen denean, testuingurua aldatu egiten da, eta aurreko egoerara itzultzeko saiakerek ondorio katastrofikoak izaten dituzte. Oraingoan badirudi Mendebaldean hori gertatzen ari dela. AEBetako eliteen arteko eztabaida, batez ere Txinaren gorakadaren ondorioz, esplizitu bihurtu zen Donald Trump boterera iritsi zenean. Obamaren Txinarekiko estrategia aldatu ez ezik, politika ekonomiko guztia ere zalantzan jarri zuen -gerora Bidenek bere gain hartu duen industrializazioa azpimarratu zuen Trumpek-. Harrezkero, eliteen arteko borroka gupidagabea da, eta azalean uzten ari da pandemiak agerian utzi zituen ahuleziak. Testuinguru honetan, Ukrainan Errusiaren aurkako botereen bidezko gerrak, iraganean bezala, herrialdea eta bere aliatuak kohesionatzea bilatzen zuen, baina emaitzak espero zirenak izatetik urrun daude. Izan ere, are gehiago hurbildu ditu Errusia eta Txina, eta Hegoalde globala, urrundu. Israelen antzeko zerbait gertatzen ari da, banaketa politikoa sakona baita. Badirudi Benjamin Netanyahuk erresistentzia palestinarrari ekiteari utzi ziola, iraganean bezala, gatazkak itxiko zituen gerra baterako aitzakia bat izateko. Baina mundua aldatu egin da, barne-gatazkak ez du etenik, eta Israelen basakeriak agerian uzten du Mendebaldearen sestra bikoitza, Israelen zuen babesa murriztuz. Europan, eliteen arteko lehia ez da, gaur-gaurkoz, AEBen edo Israelen mailara iritsi, ez etorkizunari buruzko ikuspegi desberdinak ez daudelako, baizik eta bertako eliteak AEBen guztiz mendeko egoeran daudelako. Europako patua Washingtoni lotuta. • Behin krisia agerian geratzen denean, testuingurua aldatu egiten da, eta aurreko egoerara itzultzeko saiakerek ondorio katastrofikoak izaten dituzte