OCT. 28 2023 EMAKUME BALUTXEAK Plazan irauteko erabaki zaila hartu dutenen ausardia Erlijioak eta tradizioak talka egiten duten Balutxistanen, emakumeak gero eta ikusezinagoak dira. Familiaren ohorea dago jokoan batzuen ustez, eta kontrol horretatik ihes egiten saiatzen direnek oso garesti ordaintzen dute. Gutxi batzuk, alabaina, egoera ozenki salatzeko gai agertu dira. Hemen adibide batzuk. Ingeleserako ordua Amin Balochen eskolan. (Karlos ZURUTUZA) Karlos ZURUTUZA Balutxistanen izan zen, 2009ko udaberrian. Juzdar herrira iritsi berria nintzen, eta bost orduko egonaldi bat nuen aurretik, Karatxirako autobusean igo arte. «Nire etxean atseden hartu nahi duzu?», bota zidan gizon bizar zuridun batek. Amin Baloch, 50 urte, ingeles irakaslea. Horrelaxe aurkeztu zuen bere burua. Bere etxean, alfonbra gorri baten gainean, datil sorta bat eta te berde zurruten artean, bere istorioa azaldu zidan. Aminek urte ugari eman zituen Alderdi Balutxe Nazionalistaren orbitan. Bere jendearen aldeko zerbait egiteko irrikan zegoen beti, eta eskola baten beharra jarri zuen mahai gainean, behin baino gehiagotan. «Hain da eskasa Pakistango hezkuntza sare publikoa, non bertako langileek ez baitituzte beren seme-alabak bertan matrikulatzen. Balutxistan Pakistango eskualde txiroena izaki, egoera erraz irudika dezakezu…», argudiatu zuen balutxeak. Neskatoen kasuan are zailagoa da. Pakistanen hezkuntza bereizia da, eta askoz eskola gutxiago daude beraientzat. Honela uler daitezke Nazio Batuen datuok: balutxeen %40k baino ez daki irakurtzen, eta %20ra jaisten da emakumeen artean. «Herri ororen garapenaren ardatza dugu hezkuntza, baina badirudi askok ez dutela ulertu nahi, ezta bertako ustezko balutxe nazionalista sutsuenek ere», kexu zen Amin. Baina ez zuen etsi. Balutxe buruzagi nagusi eta aberatsek dirua jarri nahi ez bazuten, berak egingo zuen. Honela, kreditu bat eskatu eta bere etxe alboko lursail bat erosi zuen; bertan, eraikin xume bat altxa zuen bere denbora librean eta lagunen laguntzaz, auzolanean. Garraio enpresa bateko administraria zen Amin, baina lanetik ateratzean ingelesa irakasteko prest zegoen. Habib Grammar School eman zion izena bere eskolari. «Ezagutu nahiko zenituzke nire ikasleak?», luzatu zidan gonbita. Lau neska ziren ikasgelan, 12 eta 14 urte bitartekoak. Denek «izugarri gustuko» zuten ingelesa, eta pozarren hartu zuten atzerritar batekin hitz egiteko beren lehen aukera. Aurreko egunean, Aminek idazlan bat egiteko eskatu zien. Banan-banan eta ozen irakurtzeko unea zen. Zirriborroak astiro irakurri zituzten bostek, ahoskeran ahalik eta gehien saiatuz, eskuartean testu sakratu bat balute legez. Gehienak familiari buruzko gogoetak ziren, gurasoen bueltan batik bat, baina tartean zeuden etorkizunerako planak ere. Batek medikua izan nahi zuen, eta ingeles irakaslea beste batek. Bidaiatzeko grina ere adierazi zuten bik, eta denek familia handi bat izan nahi zuten. Amin Baloch bere eskolako ikasle batzuekin. (Karlos ZURUTUZA) Klase amaieran, Aminek esan zidan haietako bat Korana buruz errezitatzeko gai zela. Zoriondu nuenean, neskatoak irribarre mingots batez erantzun zidan. Ez zirudien horretaz harro zegoenik. Ingelesa ikastea nahiago zuela esan zidan. Baliteke hizkuntza handik ihes egiteko tresna bilakatzea. Urte hartantxe, hiru neska gazte balutxe bizirik lurperatu zituzten, maite ez zituzten gizonekin ezkontzeari uko egin ondoren. Egun ere, eskualde hartako neska gehienak ezkontzera behartzen dituzte, oraindik adin txikikoak direla. Ingelesez, kontu kontari, denborak hegan egin zuen eskolan, eta alde egiteko ordua nuen. Amin ni geltokira eramateko prest agertu zen. Karatxirako autobusera igo baino lehen, gizon batek lau tiro bota zituen airera bere AK 47 fusilarekin. Bidaia on opa zion horrela bere lagunari. Aminek begiak itxi eta irribarre batez barkamena eskatzeko keinua egin zidan. Argi zegoen egoera hark lotsarazten zuela, eta eskola ekarri zuen gogora berriz. Premia handiak zeuden: liburuak behar ziren, baita arkatzak, koadernoak eta era guztietako eskola-materiala ere. Baina dena «bideratuta» zegoen. Hori gutxi ez, eta bere lehengusu batek saskibaloiko kanasta bat erreskatatu berri zuen txatarretik. Kirola ere garrantzitsua zen gazteentzat. Gogoan dut joan aurretik atera nien talde-erretratua. Amin harro agertzen da eskolako sarreran, nesken aldamenean. Argazki hori eskolari buruzko erreportaje baterako erabili nuen. Baina internetera igo eta ordu gutxira, editoreak kendu egin behar izan zuen. Ikasleetako baten anaia zaharrenak bere familiaren ohorea «suntsitzea» leporatu zion. Ahots ozen urriak Kamioilari edo nekazari balutxeek, buruzagi politiko nahiz tribalek, farmazialariek, arotzek, informatikariek… Urteetan zehar, dozenaka gonbit jaso ditut euren etxeetara joateko. Haiekin bazkaldu eta afaldu egin dut, baina ez ditut inoiz ezagutu beren emazteak. Ezta ikusi ere. Mamu baten urruneko presentzia baino ez zen izaten. Norbaitek gonbidatuen gelako atea jotzen zuen bazkaria prest zegoela jakinarazteko. Jarraian, etxeko gizonetako bat jaiki egiten zen, eta arroza erretiluak, arkumea edo oilaskoa ekartzen zituen. «Familia ohorea besterik ez da: emakumeak zenbat eta ezkutuago egon, orduan eta prestigio sozial handiagoa du etxeak. Eta horrek, ohoreak, ez ditu bereizten ez aberatsak ez pobreak, analfabetoak eta akademikoak, erlijiosoak eta ateoak... Horrela da denontzat». Anila Yousuf izeneko emakume balutxe batek halaxe argitu zidan aurtengo udan, bideokonferentziaz izandako solasaldi batean. Ziurrenik, hori zen berarekin hitz egiteko modurik onena. Gwadar -Balutxistango kostaldean- bere hiriko kafetegi batean elkartu izan bagina, aurrez aurre, esperotakoak izango ziren komentarioak: “Zer egiten du Anilak atzerritar horrekin?” “Bere aitak eta anai-arrebek badakite?” “Eta senarrak?” Elkarrekin paseo bat eman genezake, baina berdintsuak izango ziren erreakzioak. Leku diskretuago batean? Are okerrago: norbaitek ikusten zaitu beti, eta klandestinitateak egia bilakatuko zituzkeen zurrumurruak. Kanpoaldeko leku "seguru" batera gidatu? Baliteke, baina bietako batek maletategian bidaiatu beharko luke… Bere etxean, Anilak bere senarra eta bi seme-alabak alboan zituela, ez litzateke aukera txarra izango, baina inondik ere ez bideokonferentzia bezain ona. Gizonezko baten inolako gainbegiratzerik gabe, Anilak zehaztasunez eta beldur barik marraztuko zituen balutxe emakumeen kartzelako barroteak. Gero eta lodiagoak omen ziren. Neska balutxeak ikasgelan. Oso gutxi dira Bigarren Hezkuntzara iristen direnak (Anila YOUSUF) «Emakumeak gero eta giltzapetuago daude etxean, eta batzuk beraientzako merkatu berezietan erosketak egiteko baino ez dira ateratzen. Bestalde, eskola koranikoak ugaldu egin dira eta gero eta emakume gehiago ikusten dira burka batez jantzita, estalita. Lan mundura apenas iristen dira, eta lortzen dutenak andereñoak edo sanitarioak dira beti», argitu zuen Anilak. Bere sare sozialetan, Anila Yousufek «irakasle, ama eta feminista» gisa aurkezten du bere burua. Antza, irakaskuntzan aritu aurretik emakumeak elkarrizketatzen zituen bertako telebista kanal batean. 2009an, hain zuzen, Karima Baloch aktibista ezaguna gonbidatu zuen. Emakume ausarta zen oso Karima, balutxeen kontrako jazarpena ozen salatzen zuen horietako bat. 2020ko abenduan, baina, Kanadako Ontario lakuan aurkitu zuten bere gorpua, erbestean hiru urte eman ondoren. Kanadako poliziak bere buruaz beste egin zuela dio; balutxeek, ordea, behar bezalako ikerketarik ez zela burutu salatu ohi dute. Pakistango zerbitzu sekretuei leporatzen diote heriotza. Karima hil baino zortzi hilabete lehenago, Sajid Hussain balutxe kazetariaren gorpua ere uretatik atera zuten, Suediako ibai batetik oraingoan. «Mugimenduarentzat ahots boteretsua zen Karimarena, baina herriak ez zuen inoiz bere neurri osoan baloratu», zioen Anilak. Bere ustez, emakume gutxik ematen dute aurpegia eta, egiten dutenak «alderdi politikoen edo bestelako kolektiboen erreklamo hutsa» baino ez dira izaten maiz. Gerrillan ere bazirela erantzun nion. «Bai, bi emakume suizida... Zuk uste duzu horrek mesede egingo diola berdintasunaren aldeko mugimenduari eta, oro har, emakumeoi?», bota zidan. Iragan martxoaren 8an, hain justu, Anilak mezu bat paratu zuen bere sareetan: «Utzi emakumeak gerrara eramateari». Jaso zituen era guztietako irain eta mehatxuek ez zuten ezustean harrapatu. «Sareek gizarte-errealitatea desitxuratzen dute: emakumeen presentzia askoz handiagoa dela dirudi, eta horrek beldurra sortzen du hainbat gizonengan. Mehatxatuta sentitzen dira, eta jakina, erreakzionatu egiten dute…», zioen balutxeak. Kamira Baloch protesta baten buruan, Karatxi hirian. (BSO AZAD) Errealitate horren adibide gardena da Balutxistango lehen emakume blogari Anita Jalilen kasua. Soineko tradizional batez jantzita eta ilea belo azpian agertzen da beti bere bideoetan. Horietan, Jalil eguneroko arazoez mintzo da: ur edo argindarraren eskasia Gwadarren, klima aldaketaren eragina eskualdean, eskolen egoera… Pixkanaka, neska ausartak oihartzun gero eta zabalagoa bereganatu zuen, BBC katearen interesa pizteraino. Britainiarrek egindako berari buruzko dokumental horrek izugarri biderkatu zuen bere proiekzioa iaz. Aurtengo udaberrian, Pakistango egunkari bati emandako elkarrizketa batean, bere osabak esandakoa parafraseatu zuen Jalilek: «Youtuben ez da inoiz balutxe emakumerik horrela agertu. Gure familiaren ohorea erabat suntsitu duzu, beraz, zure abizena nahiz balutxe nortasuna ezabatzea eskatu behar dizut». Jalilek irain larriak eta heriotza mehatxu ugari jaso zituen. Presioa hain izan zen handia, non gazteak botika hartu behar izan baitzuen. Ez zuen beste modurik aurkitu antsietate krisiak eta lo egiteko arazoak uxatzeko. Itsasoa galdu Komunikabideetan proiekzio askoz txikiagoa duenez, Anila Yousuf lasaiago bizi da. Gwadarreko emakumeen istorioak biltzen dituen liburu bat argitaratu berri du. Bostehun kopiako edizio elebiduna da, urdueraz eta balutxeraz. Balutxe hizkuntza sustatzeko bi erakunde nagusien ezezkoa jaso ostean, bere diruz ordaindu behar izan zuen. Gwadarreko auzo zaharretan, emakumeek ura goizean goiz eta eskuz garraiatzen duten horietan, Anilak Noor Bibirekin egin zuen topo. Hiriko bazarrean bere postua duen emakume bakarra omen da. Arraina saltzen du bertan eta, duela ez asko, arrantzatu ere egiten zuen, bere hiru semeek debekatu zioten arte. Familia ohorea suntsitzea ekidin nahi zen horrela. Hadidarena zen itsasoari lotutako beste istorioetako bat. Balutxe emakumea egunero ateratzen zen arrantzatzera bere txalupan. Etekinekin beste bat erosi zuen, baita hirugarren bat ere, geroxeago. Negozioa hain zen emankorra, non Omanera ere bidaltzen baitzuen bere arrantzaren zati bat. Egun, bere semeek eusten diote arrantzari, jada jakin baitakigu ez dela «egokia» emakume bat horretan aritzea, eta are gutxiago denen bistan. «Gaur egun, portuan sareak ehuntzen ere ez dira ikusten, baina aitak esaten zuen asko zeudela hirurogeita hamarreko hamarkadan», gogoratu zuen Anilak. Garai hartakoa zen Sibil ere, Pakistango trans emakume ezaguna. Abeslari bikaina ere bazen, aski ezaguna. Pertsiako Sha berak Teheranera gonbidatu zuen behin, bere semearen urtebetetzean kanta zezan. «Gaur egun pentsaezina litzateke, eta ez bakarrik genero kontuagatik», zioen Anilak. Presio itzela jasaten badute ere, Balutxistango emakumeek mobilizatzeko gai direla erakutsi dute. (BSO AZAD) Berak bildutako emakumeen istorio artean Shaida andereñoarena dago. «Punjabia zen, eta biziki maite zuen baliabiderik ez zuten familiei laguntzea, seme-alabak eskolara bidal zitzaten. Baina askok ez zuten begi onez ikusten, eta Shaidaren anaia erail zuten. Azkenean, emakumeak alde egin behar izan zuen». Anilak ere maite du irakaskuntza, baina ez omen da erraza ikasgelan irautea. Jaialdi ugari antolatzen ditu eskolan; neskatoek dantza eta kanta egiten dute haietan, baina irain eta mehatxu zaparrada jasotzen du Anilak bueltan beti. Edo okerragoak. 2022ko apirilean, gizon talde batek hainbat ikasgela txikitu egin zituen, baina denen artean berrosatu zituzten. Merezi duelakoan dago Anila. Bere bi ikasle ohi Gwadarren lehen doktore eta lehen abokatu bilakatu dira. Harro dago. Norbaiti bidea egiten laguntzea, «pertsona bakarrari bada ere», sekulako saria dela dio. Bertan, ikastetxean, egin nahi du bere liburuaren aurkezpen ofiziala. Dagoeneko aurreratu dit ez duela ez politikaririk, ez burokratarik ez buruzagi tribalik gonbidatuko. Egun horretan, hemezortzi istorio horietako protagonistak eta eskolako jendea bildu nahi ditu. Ez besterik. «Emakumeak gero eta giltzapetuago daude etxean, eta batzuk beraientzako merkatu berezietan erosketak egiteko baino ez dira ateratzen», azaldu du Anila Yousufek Dozenaka gonbit jaso ditut balutxeen etxeetara joateko. Haiekin bazkaldu eta afaldu egin dut, baina ez ditut inoiz ezagutu beren emazteak. Ezta ikusi ere Pakistanen hezkuntza bereizia da, eta eskola gutxiago daude neskentzat. Nazio Batuen datuen arabera balutxeen %40k baino ez daki irakurtzen, %20k, emakumeen kasuan Gwadarreko emakumeen istorioak biltzen dituen liburua argitaratu du Anila Yousufek. 500 kopiako edizio elebiduna da, urdueraz eta balutxeraz, baina ez du laguntzarik jaso Arrantza munduan arrakasta izandako zenbait emakumeren kasuak kontatzen ditu, baina familiak jarduera hori bertan behera uztera behartu ditu, «ohorearen» izenean Balutxeen jazarpena ozen salatzen zuen Karima Baloch aktibista ezagunaren gorpua Kanadako Ontario lakuan aurkitu zuten, erbestean hiru urte eman ondoren