INKLUSIO BULTZADA

Zelaian landutako baloreak bertso plazara eramango ditu Hernaniko errugbi taldeak

Tolosako Leidor aretoan da hitzordua, bihar, 12etan. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Jexux Mari Irazu eta Beñat Gaztelumendi ariko dira bertsotan, inklusioaren ertz desberdinetatik.

Hernaniko talde inklusiboak aurtengo udaberrian jokatutako torneo bateko irudia.
Hernaniko talde inklusiboak aurtengo udaberrian jokatutako torneo bateko irudia. (HCRE INKLUSIBO)

Aski ezaguna da Hernanik errugbi inklusiboan azken urteetan egin duen lana, eta, zelaian izandako arrakasta ikusita, beste urrats bat eman nahi izan du. Kasu honetan, errugbiaren bidez landu izan dituzten baloreak zelaitik atera eta plazetara eraman nahi dituzte, jendartea inklusiboagoa bilakatzeko helburuarekin.

Lehen ekitaldia bihar Tolosako Leidor aretoan ospatuko den bertso jaialdi inklusiboa izango da. "Inklusio bultzada" izena hartu duen saioa 12etan hasiko da, eta oholtzara igoko diren bertsolariak Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Jexux Mari Irazu eta Beñat Gaztelumendi izango dira.

Ez da ohiko jaialdi bat izango. Antolatzaileek azaldu dutenez, bertsolariak urritasunen bat duten pertsonen, hauen senideen edo esparru honetan lanean dabiltzan profesionalen larruan jarriko dira; eta aniztasun funtzionala duten pertsonek gizarteratzeko dituzten trabak edo zailtasunak agerian uztea izango da ekitaldiaren xede nagusia.

Horretarako, gaiak prestatzen lan berezia egin dute antolatzaileek, Gipuzkoa mailan aniztasun funtzionalaren inguruan lan egiten duten erakundeen laguntzarekin. Gautena, Pausoka, Atzegi, Marea Urdina, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa eta Uliazpiko erabiltzaileen, senitartekoen edo profesionalen bizipen pertsonalak jaso dituzte Unai Elizasuk, Agin Laburuk eta Harituz elkarteko bertsolariek, horiek bertsotarako gai bilakatuz. Unai Elizasu izango da gai jartzailea igandean, baina aipatutako erakundeetako pertsonen laguntza izango du.

Sarrerak internet bidez eros daitezke Leidor aretoaren ohiko sisteman, 12 euroko prezioan, eta egunean bertan ere leihatila irekita egongo da.

Ikusgarritasuna

Ekitaldia antolatzen ibili da Agin Laburu bertsolaria, eta berak azaldu digu nola sortu zen errugbi inklusiboan egindako lana kirolarekin zerikusirik ez duen beste esparru batera eramateko ideia.

«Gure inguru hurbilean bai izan da arrakasta eredu bat -aipatu du Hernaniko errugbi inklusiboko taldearen inguruan-, eta badauka oihartzun bat. Gure txikian, eman diogu plazaratze bat. Baina oraingoan aprobetxatu nahi izan dugu bertsoak daukan ikusgarritasun hori gure lana ere ikusgarriagoa izan dadin. Jendeak ikusi dezan, gogoratu dezan eta presente izan dezan gizartearen zati oso zaurgarri bat hor dagoela eta ez dela ahaztu behar. Gizarte inklusibo baten alde bultza egin behar dugula denon artean. Hori da pixka bat helburua».

Antolaketa lana berezia izan da ohiko bertso jaialdi batekin alderatuz gero. «Parte hartzea eskatu diegu inklusioaren alde lanean dabiltzan beste elkarteei. Eta jaialdi arrunt bat izan beharrean, nahi dugu inklusioa zehar lerro izango duen jaialdia antolatzea. Inklusioari kantatuz, noski, baina ez hori bakarrik. Inklusioa eta berdintasuna izan daitezela zehar lerro bat, eta gai guztietan presente egon daitezela. Hori nahi genuen, eta horretarako egin duguna izan da elkarte hauekin harremanetan jarri eta beraien egunerokotasuneko anekdotak, zailtasunak eta gertaerak guri kontatzeko eskatu. Guk horiek gai jartzaile batekin partekatu ditugu, Unai Elizasurekin kasu honetan, eta tematika hori izango da. Inklusioa izango da zehar lerroa, baina bertso saio baten formarekin, gai serio, umorezko eta abarrekin», azaldu digu Agin Laburuk.

Erronka bertsolarientzat

Bertsolariak ohituta daude besteen larruan jarri eta haien paperetik kantatzen, ez da ezer berria, baina biharkoa ez da edonolako erronka izango Tolosan oholtzara igoko den seikotearentzat.

«Ez, eta badakit bertsolarientzat ere kezka iturri bat dela», onartu digu Aginek. «Batzuk jarri dira nirekin harremanetan jakin-min horrekin, ea zer egingo dugun, kezka puntu horrekin. Azkenean, gai delikatua da. Denek eman nahi dute onena, eta ez da erraza beraientzat gai horiei heltzea, egunerokotasunean ez dituztelako bizi. Gai serio baten aurrean denok ongi posizionatzen gara. Gurpildun aulkian dagoen pertsona bati buruz kantatu behar badugu, gaia denok oso presente daukagu buruan, baina beste gai orokor batez ari bagara, agian ahaztu egiten zaigu hori gurpildun aulki batetik bizi duen jendea dagoela. Guk errealitate horiek presente egotea lortu nahi genuke».

Azken batean, errugbi zelaian kirolari bakoitzaren rol, erronka, gaitasun eta zailtasunak errazagoak dira antzematen, neurtzen, deskribatzen. Baina bertso saio batek kirolari bizitzaz gain pertsona horrek bere egunerokotasunean bizi dituen egoera desberdinak jorratzeko askoz aukera zabalagoa eskaintzen du.

Agin Laburuk laburbildu digun moduan, «beraien egunerokotasunean oinarritutako saio bat izango da. Kontua da gure begiz nola ikusten dugun beraien egunerokotasuna, eta nola gauza askorekin ez garen konturatzen. Egiten den lana ikusteko eta egiteko zenbat lan gelditzen den ikusteko aukera ona izango da Leidorrekoa».

Jarraipena emateko asmoz

Printzipioz, aurrera begira, proiektuari jarraipena eman eta ekitaldi gehiago antolatzeko asmoa dute antolatzaileek, baina, ezer ziurtatu aurretik, lehen hitzordu honek jendearen partetik duen erantzuna ikusi nahi dute.

«Helburua hori litzateke, baina lehenik aurreneko ekitaldi honek izaten duen erantzuna ikusi beharko da. Azkenean, gustura egiten den lana da, baina ez dio lana izateari uzten, indar gastu bat suposatzen digu honetan gabiltzan norbanakoei. Baloratu beharko da egindako lan honek zer erantzun jasotzen duen, merezi duen, ez duen merezi, zerbait aldatu behar den... Hori dena aurrerago ikusiko dugu, baina oraingoz aurreneko mugarria igande honetan jarri dugu. Gero baloratuko dugu zer egin: jarraitu, zerbait aldatu, beste proiekturen bat martxan jarri... Azkenean, hemen gertatzen dena da talde handia ematen duela, baina banakako lana ere badela, eta bakoitzak bizi duen egoera pertsonalak ere kontuan hartu behar dira. Delikatua izaten da, baina, printzipioz, jarraipena ematea litzateke asmoa».