NOV. 04 2023 HERIOTZA ONA Eutanasiaren Legeak zabaldu duen bide korapilatsu bezain askatzaileak bi urte Eutanasiak, etimologikoki, heriotza ona esan nahi du. Berez gizakiaren izateari itsatsita dago ahalik eta gehien bizitzeko desira. Baina heriotzari ezin dio inork iskin egin, eta, gehienentzat, heriotza on baterako bidea desiragarria da. Bi urte bete ditu Eutanasiaren Legeak; prozesua korapilatsua da baina, era berean, askatzailea. Eutanasiaren Legeak bi urte bete ditu. Osasungintza publikoak eskaintzen duen aukera bat da. (GETTY) Amagoia MUJIKA TELLERIA ZarautzOn eta Zarautz Herri Zaintzailea elkarteek antolatuta, Itsaso Bengoetxeak hitzaldia eskaini zuen duela aste batzuk Zarautzen. Eutanasiaren Legeak bi urte bete dituenean, hainbeste erreparo sortzen duen heriotza aurreratzeko nahia jarri zuen mahai gainean Bengoetxeak. Etxeko ospitalizazio eta zainketa aringarrien medikua da, Medikuntzako irakaslea Deustuko Unibertsitatean eta EAEko Eutanasiaren Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidentea. Eutanasiak heriotza ona esan nahi du. Osasun arloko profesional batek pazienteari bere bizitzarekin bukatzen laguntzen dionean gertatzen da eta beti pazienteak eskatutako ekintza bat da. Legean aurreikusitako baldintzak betetzen dituen eta hiltzeko nahia adierazi duen pertsonari beharrezko baliabideak ematean datza eutanasia. Eutanasiaren Legea nahiko «korapilatsua» dela, epeak eta pausoak zurrun zehaztuta daudela eta orokorrean lege oso garantista dela uste du Bengoetxeak. Prozesua pertsona batek eskaera egiten duenean hasten da: «Nik eutanasia nahi dut». Eskatzaileak 18 urtetik gorakoa izan behar du, naziotasun espainiarra izan behar du edo hamabi hilabete baino gehiagoko erresidentzia Estatu espainolean. Hortik aurrera, Eutanasiaren Legeak bi baldintza aurreikusten ditu: Gaixotasun larri eta sendaezina edo Pairamen larria, kronikoa eta eragozlea. Baldintza horiek betetzen dituen eta eutanasia nahi duen pazienteak mediku batekin jarri behar du harremanetan prozesua martxan jartzeko. Baina bada garrantzi handia duen beste baldintza bat: eskatzaileak gaitasuna eduki behar du erabakia hartzeko. «Pazienteak zer erabakitzen ari den jakin behar du, gaitasun hori eduki behar du. Estatu espainolean aukera dago erabaki hori beste pertsona batengan delegatzeko. Pertsona ondo dagoenean, bere gaitasun guztiak osasuntsu dituenean, Aurretiazko Borondateen Dokumentu bat egin dezake beretzat sufrimendu jasanezina eta onartezina zer den zehaztuz. Hartara, biharko egunean berak ezin badu erabakia hartu gaitasunak galdu dituelako, bere senideren bat egongo da bere izenean eutanasia eskatzen duena. Baina horretarako beharrezkoa da Aurretiazko Borondateen Dokumentua egina egotea. Hori da dokumentu horren zentzua», azaldu du medikuak. «EAEn pazienteak aukeratzen du konfiantzazko medikua, prozesuan lagunduko diona. Hori izango da mediku arduraduna eta, kasu gehienetan, lehen arretako medikua izaten da. Oso prozesu intimoa da, zure bizitzaren azken fasean ondoan izango duzu mediku hori», iritzi dio Bengoetxeak. Behin mediku arduraduna izango dena aukeratuta, deliberazio prozesua hasten da. «Prozesu horretan zehaztu behar da ea heriotza aurreratzeko desira horren atzean benetan bizitzarekin amaitzeko desira bat ote dagoen». Legeak zehazten du prozesu horrek ezin duela 15 egun baino gutxiago iraun. Pazienteak eutanasia eskatzen duenetik, lehen deliberazio prozesu horretan gutxienez 15 egun egon behar dira, berak aukeratutako medikuarekin elkarrizketan. «Behin epe hori pasata, berdinean jarraitzen badu, pazienteak bigarren eskaera bat egin behar du idatziz. Bigarren eskaera horretatik 24 ordura, eskatzaileak hirugarren dokumentu bat sinatu behar du, ‘informatutako baimenaren dokumentua’», azaldu du adituak. Une horretan mediku arduraduna beste mediku batekin jartzen da harremanetan, mediku aholkularia izango dena. «Mediku aholkulariak beste txosten bat egin behar du pazientearen eskaera berretsiz edo ukatuz. Legeak aurreikusten dituen baldintzetan sartzen den edo ez aztertu behar du. Mediku aholkulariak txostena egin eta mediku arduradunari bideratzen dio. Honek 24 orduren buruan jakinarazi behar dio pazienteari». Mediku aholkulariaren kasuan, ezin du mediku arduradunaren lantalde berekoa izan eta pazientea aurrez aurre ebaluatu behar du. Normalean, mediku aholkularia espezialista izaten da eta etxean egiten du pazientearen ebaluazioa. Medikuek eta erizainek kontzientzia eragozpena azaldu dezakete eta eutanasia prozesu bat martxan jartzeari uko egin. Baina horretarako derrigorrezkoa da kontzientzia eragozleen erregistroan izena emanda egotea. «Abortuaren Legearekin ikasi genuen kontzientzia eragozpenarekin zer gertatzen den askotan. Mediku asko objektore ziren goizetan eta arratsaldeetan beren klinika pribatuetan egiten zituzten abortuak. Horregatik, kontzientzia-eragozle bazara, erregistro horretan eman behar duzu izena. Modu horretan, profesional askok bi aldiz pentsatzen dute». Mina eta sufrimendua oso sentipen konplexuak dira, eta norberak bere modura bizi ditu. Ez dira unibertsalak. (GETTY IMAGES) Prozesuaren puntu horretan sartzen da jokoan Berme eta Ebaluazio Batzordea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan batzorde horrek ebaluatzen ditu eutanasia eskaera guztiak. Talde multidiziplinarra da eta osasungintzaren eremuan ertz desberdinetan dabiltzan 25 profesionalek osatzen dute; medikuak -psikiatrak, zaintza aringarrietakoak, genetistak, lehen arretakoak...-, legelariak, erizainak, psikologoak, gizarte laguntzaileak... «Batzordean gauden profesional guztiok ezaugarri komun bat daukagu: denak gara batzorde etikoetako partaide. Hori da EAEn jarri duten baldintzetako bat, eta nire ustez oso egokia da. Etika batzordeetako kideak normalean ohituta gaude egoera korapilatsuak kudeatzen, gaien inguruan hausnartzen eta deliberatzen. Eutanasia eskaera batzuk oso bistakoak dira, baina beste batzuk nahasiagoak dira. Etika batzordeetan aritzeak lagundu egiten du egoera horiek kudeatzen». Berme eta Ebaluazio Batzordeak baiezkoa ematen badu, mediku arduradunari jakinarazten dio eta eutanasia ekintza noiz egin adosten da. Prozesua martxan jartzen denetik ebazten den arte normalean 30 egun edo gehiago joaten dira. «Prozesua korapilatsua da eta denboran luzatu egiten da. Legezkoa den eutanasia prozesu bakarra aipatutako pauso horiek guztiak ematen dituena da eta normalean luzatu egiten da, 30 egunetik gora», azaldu du medikuak. Eutanasia ekintzari dagokionez, legeak bi mota aurreikusten ditu. Lehen aukeran, pazienteak berak burutzen du ekintza. «Mediku suizidio lagundua da. Profesionalaren jarduna pertsona horri heriotza eragiteko behar dituen baliabideak ematera mugatzen da. Osasun langileak aurrean daudela burutzen da ekintza. Ez da gertatzen intimitatean». Bigarren aukeran, osasun langileak berak burutzen du ekintza. Gaixotasuna eta pairamena Aipatu bezala, bi baldintza biltzen ditu Eutanasiaren Legeak: Gaixotasun larri eta sendaezina eta Pairamen larria, kronikoa eta eragozlea. «Gaixotasun larri eta sendaezina bere izaeragatik sufrimendu fisiko edo psikiko iraunkor eta jasanezina eragiten duena da. Pertsonak onartu dezakeen arintzerik ez dago, bizi-pronostikoa mugatua da eta hauskortasun progresiboko testuinguru batean ematen da». Finean, hiltzen ari den norbait da lehen baldintza horretan sartzen dena. Bigarren kasuan, Pairamen larria, kronikoa eta eragozlea gertatzen da. «Autonomia fisikoan zuzenean eragiten duten mugak dira. Pertsona horiek ezin dira beren kabuz baliatu eta ez daukate adierazteko eta harremanetan jartzeko gaitasunik. Sufrimendu fisikoa eta psikikoa etengabea eta onartezina da, eta ez dute sendatzeko edo hobera egiteko aukerarik». Gaixotasuna eta pairamena aurreikusten ditu, beraz, Eutanasiaren legeak. «Desberdinak dira. Zergatik? Lege hau diseinatu zutenek Ramon Sampedroren kasuak bezalakoak legean sartzea nahi zutelako. Sampedrok ez zeukan gaixotasun bat, pairamen kroniko bat zeukan. Patologia horiei erantzuteko diseinatu zuten legea modu horretara». 2021ean jarri zen martxan osasun sistemaren prestazio berri hori (Eutanasia), eta VOX alderdiak errekurtsoa jarri zion hilabete gutxira. Errekurtso horren haritik etorri zen Konstituzio Auzitegiaren ebazpena 2023ko martxoan, eta legea kamustu egin zuen. Hauxe ebazpena: «Gaixotasun larria gaixotasun somatiko gisa agertu behar da beti jatorrian, nahiz eta sufrimendu iraunkor eta jasanezinak psikikoak izan daitezkeen. Beraz, LOREak ez ditu barnean hartzen gaixotasun psikologikoak edo depresioa». «Esaldi bakarrarekin buruko gaixotasun guztiak baztertu dituzte Eutanasiaren Legetik. Buruko gaitzak gaixotasun kronikoen atalean sartzen dira. Sufrimendua eta desgaitasuna sortu ditzakete, eta batzuetan ez daukate hobekuntzarako tarterik. Baina ebazpen hori tarteko, legetik apartatu dira erabat», azaldu du adituak. Bizitzaren amaierako egoerak Itsaso Bengoetxea medikuak eguneroko lanean oso gertu ikusten ditu bizitzaren amaierako egoerak. Horregatik, garrantzitsu ikusten du hausnarketarako zenbait egoera proposatzea. «Zer da duintasunez hiltzea? Pertsona adina ñabardura izan ditzake erantzunak, duintasuna norberak modu batean ulertzen duelako. Gutako bakoitzak garbi samar dauka zer den duina eta zer ez, baina ezin da duintasun unibertsal bat zehaztu, nahiz eta topatu daitezkeen espazio partekatuak. Adibidez, duintasunez hiltzea norbaiten ondoan hiltzea da». Heriotza ona normalean konpainian irudikatzen dena da. (GETTY IMAGES) Bizitza kalitatea da aztertu beharreko beste kontzeptu bat. «Hori ere desberdina da pertsona bakoitzarengan. Dimentsio desberdinak dituen kontzeptua da, dinamikoa eta osagai subjektiboak ditu. Ez dago ondo mugatutako erreferentzia patroirik eta zaila da definitzea eta neurtzea». Zaila izanda ere, medikuen ustez bizitza kalitatean lau osagai identifika daitezke: ongizate fisikoa, psikologikoa, soziala eta espirituala. Mina hitzak ere baditu ertz ugari, «esperientzia pertsonal eta konplexu bat definitzen duelako». Medikuaren azalpenaren arabera, minak erantzun neurofisiologikoak, emozionalak eta lotutako sintomak hartzen ditu bere barnean. Baina, finean, mina oso sentsazio desatsegina, pertsonala eta subjektiboa da. Sufrimenduarekin antzeko gertatzen da. «Min fisikoa edo estuasun emozional, sozial edo espirituala da. Pertsona bat triste, beldurtuta, deprimituta, antsietatearekin edo bakarrik sentitzera eramaten duena». Bengoetxearen ustez, sufrimendua, tristura eta desesperantza sentitzen du pertsonak ez duenean egoera horri aurre egiteko modurik ikusten. «Sufrimenduak pertsona puskatu egiten du, birrindu, zentzurik gabeko sufrimendua denean. Sufrimenduari zentzu bat aurkitzeko gai bagara, indarra ateratzen da eta sufrimendu horri aurre egiten zaio. Arazoa sortzen da sufrimendu horri zentzurik ez zaionean topatzen. Hor dago sufrimendu jasanezina». Tematze terapeutikoa terminoa ere jarri du mahai gainean Bengoetxeak. «Pertsonaren bizitza biologikoa luzatzea beste zentzurik ez duten baliabideak erabiltzeari egiten dio erreferentzia. Medikuok ez daukagu mugarik. Zientziak aurrerapenak dakartza eta gero eta baliabide gehiago daude tematze terapeutikorako. Muturrera iristeko gai gara eta bizitza denaren gainetik mantentzeko baliabideak dauzkagu. Zientifikoki egingarria den guztia egin daiteke bizitza mantentzeko, baina ez bizi kalitatea mantentzeko». Bide horretan, bada kontuan izateko beste kontzeptu bat: Ahalegin terapeutikoa mugatzea. «Pazientearen ardura duen medikuak hausnartutako erabakia da. Geratzeko unea iritsi dela erabakitzea. Hau da, onura argirik ekarriko ez duten neurri terapeutikoak ez ezartzea edo kentzea, helburuen eta baliabide terapeutikoen arteko desproportzioa hautematen denean. Horrek aukera ematen dio gaixotasunari eboluzioan jarraitzeko, eta horrek, ezinbestean, pertsonaren heriotza dakar. Beraz, gaixotasunak eragiten du heriotza eta ez profesionalen jardunak. Hiltzearen eta hiltzen uztearen arteko aldea ulertzea garrantzitsua da erabakiak hartzeko orduan». Diego Garcia bioetizistaren hitzok ekarri ditu Bengoetxeak: «Ez da gauza bera bizi denari bizitzen laguntzea edo hiltzen ari denari hiltzea galaraztea». «Zoritxarrez, osasun arloan joera dago hiltzen ari denari hiltzen ez uzteko. Hori praxi txar bat dela kontuan izan gabe», gaineratu du medikuak. Tratamenduari uko egitea da gertatu daitekeen beste egoera bat. Pazienteak nahita edo hausnartuta hartutako erabakia da eta horretarako eskubidea dauka. Pazientearen autonomiari buruzko legeak jasotzen du neurri terapeutikoak eta diagnostikoak ez ezartzeko edo kentzeko eskatzeko eskubidea. Sedazio aringarria ere maiz gertatzen da. Farmakoak nahita ematean datza, eskatutako dosi eta konbinazioetan, gaixotasun aurreratua edo terminala duen paziente baten kontzientzia murrizteko, sintoma iraunkor bat edo gehiago behar bezala arintzeko eta haren berariazko baimenarekin. «Hemen nahasketa gertatzen da. Badirudi norbait sedazio aringarririk gabe hiltzen denean, gaizki hiltzen ari dela. Normalean giza gorputza oso azkarra da eta hiltzen ari garenean garuna bera itzaltzen joaten da pixkanaka, berezko barne sedazio bat gertatzen da. Eta normalean ez da beharrezkoa botikak erabiltzea sedaziorako. Beharrezkoa denean, erabili egiten dira. Baina ez da ohikoena. Zainketa aringarrien unitateetan sedazio indizea %30 ingurukoa da. Gainontzeko kasuetan ez da beharrezkoa izaten. Hamarretik zazpi sedaziorik gabe hiltzen da, eta ondo hiltzen da», azaldu du Bengoetxeak. Ez dut «horrela» bizi nahi Azkenik, sedazioa. «Sufrimendu jasanezina eragiten duten sintomak daudenean, medikuak eskura dituzten baliabide guztiekin saiatzen dira mina eta angustia kontrolatzen. Baina hori guztia egin arren, lortzen ez denean, aukera bakarra da gaixoa lokartzea min hori desagertu dadin. Hori da sedazio aringarria». Bizitzaren amaierako egoera horietan, batzuetan heriotza aurreratzeko nahia, desira agertzen da. «Askotan gertatzen da paziente batek esatea ‘hil egin nahi dut’. Baina askotan horren atzean honako ideia dago, ‘ez dut horrela bizitzen jarraitu nahi’. ‘Horrela’ hori kontrolatzea lortzen badugu, segur aski bizitzen jarraitu nahi izango du», azaldu du adituak. Azken hamarkadetan hainbat ikerketek erakusten dute heriotza aurreratzeko nahia nahiko maiz ager daitekeela bizitzaren amaierako testuinguruan; %38,7raino irits daiteke. Bengoetxearen ustez, «modu okerrean, eutanasiarekin identifika daiteke. Kontzeptu zabalagoa da, gehienetan sufrimenduaren aurreko laguntza eskaera bat da. Alegia, heriotza aurreratzeko nahia agertzen dutenen kopurua eta benetan bizitza amaitu nahi dutenena, eutanasiaren bidea aukeratu nahi dutenena, oso desberdinak dira. Bigarren kasua askoz urriagoa da», bukatu du. Itsaso Bengoetxea Martinez, EAE-ko Eutanasiaren Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidentea: «Hobe da aurretik gaia hausnartuta izatea eta norbere heriotzaren inguruko erabakiak hartuta izatea» Itsaso Bengoetxea Martinez. (Gorka RUBIO / FOKU) Eutanasiaren legeak bi urte. Zer nolako balantzea egiten duzu? Balantzea baikorra da. Gizarteak eskatzen zuen eskubide bat bermatzen du legeak. Zentzu horretan, balantzea ona da, askatasunak zabaltzera etorri delako. Legearen kontrakoek aurreikusten zuten olatuan etorriko zirela heriotza aurreratzeko eskaerak. Horrelakorik ez da gertatu, ezta? Ez da gertatu, ez. Nire esperientzian ikusi dudanez, nahiz eta bizitzaren azken fasean egon, oso jende gutxik hil nahi du. Jendeak orokorrean bizitzen jarraitu nahi du; gizakia bizitzari lotzen zaio, ez du hil nahi. Bizitzaren azken partean nahiko maiz ikusten dugu heriotza aurreratzeko nahia; “nik ez dut horrela bizi nahi” esaldia askotan entzuten dugu. Baina esaldi horren atzean beti ez dago eutanasia gogo bat, benetan amaitzeko nahi bat. Esaldi horren atzean gauza asko ezkutatzen dira. Askotan esan nahi dena honakoa da: “sufritzen ari naiz eta lagundu sufrimendu hau eteten”. Botika batekin edo ebakuntza batekin sufrimendua ekidin ahal bada, jendeak bizitzen jarraitu nahi du. Sufrimendua kontrolaezina denean eta ez diozunean irtenbiderik edo amaierarik ikusten, orduan gailentzen da hiltzeko nahia. Eutanasia legea gauza bat da. Jendarteak heriotzari nola begiratzen dion, beste bat. Gu garen bezalakoak eta garen lekukoak gara eta heriotza gure modura bizi dugu, beste toki batzuetan bizi dutenaren desberdin. Normalean ez dugu heriotzari buruz hitz egin nahi, beldurra diogu, ezkutuan bezala mantentzen dugu... Ni mediku bezala lanean hasi nintzenean nahiko ohikoa zen baserrietan hildako aititak eta amamak bertan egotea. Hori gaur egun pentsaezina da. Hori aldatu behar dugu? Ez dakit. Baina, gutxienez, garbi izan behar genuke gure bizitzan segurua den errealitate bakarra heriotza dela; seguru-seguru gertatuko zaigun gauza bakarra. Zenbat eta hausnartuago izan, zenbat eta prestatuago egon gizarte moduan egoera horri aurre egiteko, hobeto. Hori da aldatu beharko genukeena. Baina heriotza bizitzeko modu horren atzean gure kultura dago. Kulturala da, baina hori ere aldatu da. Zuk esan duzun bezala, belaunaldi gutxi batzuetan heriotza etxeetatik aldendu da adibidez. Hilezkorrak bihurtu gara edo, gutxienez, hilezkorrak izan nahi dugu, ez dugu heriotza ikusi nahi. Lehen heriotza askoz presenteago zegoen, seme-alaba asko izaten ziren eta familia gehienetan haurren bat hiltzen zen. Barneratuagoa zegoen heriotza aukera bat zela, gertu sentitzen zutelako. Gaur egun beste kultura batean bizi gara, beste momentu batean. Berehalakotasunaren kultura honetan dena da orain eta hemen, eta gero gerokoak. Heriotzaren inguruko hausnarketa bat egin beharko genuke? Bai, batez ere gustatu ala ez heriotza etorriko zaigulako. Medikuntzaren aurrerapenak direla-eta, gero eta gaixotasun kroniko gehiago izango dira zahartzaroan, eta, estatistikoki, horietako bat izateko aukera hor dago. Hortaz, hobe da aurretik gaia hausnartuta izatea eta norbere heriotzaren inguruko erabakiak hartuta izatea. Hor dago Aurretiazko Borondateen Dokumentua. Garrantzitsua da unea iristen denerako gauzak lotuta izatea, ezta? Bai, gero beranduegi delako. Heriotza helduko da, posible da sufrimendua edo pairamena izatea, gaixotasun kroniko bat eta buruko dementzia bat izatea.... Onena da etxeko-lanak aurretik eginda izatea. Batzuetan gertatzen da eutanasia eskatzaileak prozesuaren bide osoa egitea, Berme Batzordearen baiezkoa eskuan izatea, baina erabakitzea une horretan ez duela egin nahi. Ez dira asko, baina badaude. Batzuetan gertatzen da beren sufrimenduari zentzu bat topatzea. Kasu hauetan, eutanasia eskaeraren prozesua bera bihurtzen da sufrimenduari zentzu bat topatzeko modua. Bide osoa egiten dute, baiezkoa lortzen dute eta erabakitzen dute orain ezetz, lehenengo beste gauzak batzuk egin behar dituztelako. Baina bitartean sufrimenduari zentzu bat topatu diote eta eutanasia eskaera lortzeak askatasuna eman die, beren buruaren jabe direla sentitu dute. Sentimendu garrantzitsua da hori. Beste kasu batzuetan, gertatu da eutanasia eskaera hori onartua izatea, baina pazientea lehenago berez hiltzea. Baina paziente horientzat, bere sufrimenduaren mundu horretan, kasik terapeutikoa izan da eutanasia eskaera prozesu batean murgilduta egotea. Hala ere, kasu gehienetan eskatzaileek oso garbi izaten dute eta prozesua amaierara arte eramaten dute. Zer nolako profila daukate eskatzaileek? Bukaeraraino beren buruaren jabe izan nahi duen jendea izan ohi da. Eutanasiaren aukera edukitzeak askatasuna ematen die, eta lasaitasuna, era berean. Bizitzaren amaiera urrun ikustean, beste baten sufrimenduaren aurrean, jende askok esaten du «nik horrela ez dut bizi nahi». Horrela da. Baina bizitzaren amaieran dauden gehienek beti nahi dute beste pixka bat gehiago bizi, gehixeago luzatu haria; jaiotzear den biloba ezagutzeko edo ez dakit zein gertaera bizitzeko... beti pixka bat gehiago. Zure begiekin, kanpotik, ezin duzu beste baten bizitza ikusi, beste baten biografia ikusi. Bizitza kalitatea eta bizitza duina oso gauza pertsonalak dira, bakoitzak berea bizi eta baloratzen du. Pertsona bakoitza mundu bat gara eta gure iritzi eta aurreiritziekin ezin dugu beste baten bizi kalitatea baloratu edo ebaluatu. Eutanasiaren Legea Zainketa Aringarrien Legea baino lehenago etorri izana dezente kritikatu da. Nik uste dut biak behar ditugula. Benetan aske izateko, hautatzeko askatasuna izateko, aukera guztiek bermatuta egon behar dute. Berez une honetan ez dago Zainketa Aringarrien Legerik, 2016ko Heriotza Duinaren Legea daukagu. Estatu mailan ez dago zainketa aringarrien lege orokor bat, erkidego bakoitzak bere tresnak antolatu ditu ahal izan duen moduan. Azken urteotan zainketa aringarriak hobetu egin direla ematen du. Behintzat presenteago daudela esango nuke, gehiago hitz egiten da horien inguruan. Baina dena heriotzaren inguruko beto kultural horrekin lotuta dago. Medikuntzan ere badago lehen aipatu dugun beto kultural hori, osasungintza berez prestatuta dagoelako pertsonak ahalik denbora gehien biziraun dezaten, eta heriotzari ez zaio zuzenean begiratzen. Baina uste dut azken urteotan zerbait aldatu dela, zainketa aringarrien onarpen soziala eta profesionala gertatzen ari da. Halere, oraindik bide luzea dago egiteko zainketa aringarrien munduan, profesionaletatik hasita. Izan ere, medikuak bizitzari eusteko prestatzen zarete. Bai. Baina pertsonok garbi izan behar dugu %100ean hil egingo garela. Eta garrantzitsua da medikuntzako fakultateetan zainketa aringarrien inguruko ikasgaia lantzea. Askotan ez dago edo, egotekotan, hautazko ikasgaia da. Zainketa aringarrien inguruko oinarrizko formakuntza bat jaso beharko genuke mediku guztiek. Heriotzari begiratu gabe bizi nahi dugu, eta hori ezinezkoa da. «EAEn pazienteak aukeratzen du konfiantzazko medikua, prozesuan lagunduko diona. Hori izango da mediku arduraduna eta kasu gehienetan lehen arretako medikua izaten da» «Berme Batzordean gauden profesional guztiok ezaugarri komun bat daukagu: denak batzorde etikoetako partaide gara». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jarritako baldintzetako bat da hori