GAUR8 - mila leiho zabalik
{ KOADERNOA }

Oraingo umeak


Israelek Palestinan egiten duenak izenik ez badu ere, sututa nauka antzinatik. Tantaz tanta, bizitzeko oinarrizkoak diren guztiak egunero-egunero suntsituz, ezabatuz, bizitzeko eskubidea gutxietsiz, umiliatuz, apartheid higuingarri zein onartezin baten barnean, eta berria ez den baina orain izugarri azaleratu den genozidio testuinguru ageri eta gupidagabean.

AEBen geopolitika estrategia eta interes ekonomiko hutsek eutsitako eta puztutako panpina-munstroa da Israel, eta aipatutako biak, sarraski historiko eta krudel honen bultzatzaileak. Hala ere, mendebaldea deritzon herrialdeetakook ere tamaina antzekoan gara errudunak, ezbairik gabe, honen guztiaren konplize garelako. Badugu ordua bidegabekeria jasanezin honi erantzuna emateko. Modu eraginkorrenak haien produktuei boikota egitea eta kalera irtetea dira.

Ikusi ditugun azken irudiak dira horren guztiaren adibide: milaka ume erailda eta Palestinako biztanleria -momentuz bizirik dena- betiko traumatizatuta; eta beste irudi soil bat, Israelgo tanke bat Gazan, bidean tril egin eta ez aurrera ez atzera egiten asmatu ez duen familia palestinar baten autoari tiroka. Baina badira beste mila…

Gutako askok dakigu gidatzen eta batzuok seme-alabak ditugu. Nahiko ohikoak dira biak; hainbeste, non bietakoren bat faltan badugu jende dezente harritzen den. Ze arraio! Neuk, esaterako, biak nagusitan eskuratu nituen. Lehena, garraio publiko eskasak eta mugikortasun beharrak bultzatuta; eta ondorengoa, bizitza osoan beste pertsona batzuen erantzule izateak dakarren bertigoak baldintzatuta.

Pozik nago, baina, gaur egun gidabaimena eta semeak ditudalako. Lehenak nolabaiteko askatasuna ematen dit; eta bigarrenak, azaldu ezin den irakaspen mota, eta baita ardura asko ere. Baina gidatu ahal izateko oinarri batzuk ikasi behar izan banituen ere, aita edo ama izateko ez da berez ezer behar izaten. Eta hau bai dela ardura!

Mundu kalapitatsua utzi behar diegu gure ondorengoei, arriskuz, bidegabekeriaz, gehiegizko estimulu eta balio hutsalez jositakoa. Gainera, presaz bizi gara, urgentziaz esango nuke, ez daukagu ezertarako pazientziarik eta ez dugu ezetzik onartzen. Gure umeek dena dute eskura, eta, aldi berean, ezer ez: internetetik eta gailu askotarikoetatik jasotzen dituzte gauza asko, baina falta zaie -horretan ere- gurasoon akonpainamendua eta babesa zabor honetatik guztitik informazioa, benetakoa dena, filtratu ahal izateko eta, mundu ulermena garatzen laguntzeaz gain, segurtasuna eta babesa emateko.

Hori da batez ere gurasoon eginbeharra, eta konbentzituta nago gutako gutxik eskaintzen diegula behar duten arreta eta denbora; eta ondorioz, noraezean dabiltzala gero eta azkarrago haztea nahi dugun eta oraindik umeak diren hauek. Hala, nire ustetan, beraiekiko denbora falta konpentsatu nahian gauza gehiegi ematen dizkiegu, eta azkarregi. Honek, zoritxarrez, haien frustrazio gaitasuna ezabatu dezake, eta honek etorkizunean sorrarazi ahal dituen ondorioak neurtezinak dira.

Hala, munduko herritar askoren begietara, Israelek Gazan ehunka eta ehunka ume hiltzea onartezina eta izugarrizko basakeria bada ere, Netanyahu-ren gobernuak ondo daki zertan ari den, bi arrazoi nagusirengatik: AEBen (eta beste batzuen) babes osoa duelako; eta herri hori sustraietatik moztu nahi duelako, alegia, oraina eta etorkizuna den Palestinako ume eta gazteria. Hori -zaindu- gabe, ez dago ezer.

Egin dezagun, bada, haiengatik, gugatik eta etorriko direnengatik. •