NOV. 11 2023 { ANALISIA } Sagarrondoa astindu nahian Getariako trainerua, aurtengo udan, Orioko estropadan. (Jon URBE | FOKU) Zuriñe Iglesias Kazetaria Arraun klub bateko lokatzetatik baino, askotan gauzak hobeto ikusten dira goiko plano batetik. Ikusten duzu arrauna nola dagoen eta konturatzen zara desoreka bat dagoela. Arrauna osotasun batean jarraitzen dugunok, konturatzen gara krisi batean sartzean ari garela, eta ez bakarrik goiko ligan», Aitor Agirreren hitzak dira. Izen asmatua da, anonimotasuna gorde nahi baitu. Arrauna hartzen ari den norabidearen inguruko bere hausnarketa plazaratu nahi du. Gogoeta horren bi bideo igo ditu Harribiribil kanalera, eta TKEn dauden klub guztiei bidali die. Ez du erantzunik jaso. Tolosan bildu da NAIZekin Agirre. Arraunlaria izandakoa da, eta orain beteranoetan dago. Ez du klubekin inolako loturarik. «Anonimotasuna gordetzearen arrazoia da pertsona nor den ez dela garrantzitsuena, baizik eta gogoeta eta debate bat sortzea, etiketarik jarri gabe», nabarmendu du. «Errespetutik eta edukaziotik» plazaratu nahi du bere gogoeta. Agirrek adierazi du arrauna harrobiak «sostengatzen» duela: «Oso esparru txikiko edo toki mugatua duen kirola da tostako arrauna. Oso fitxa gutxi mugitzen ditu, klub txikiak, ertainak eta handiak daude. Baina, orokorrean, kirol minoritarioa da, gogorra. Begiratu bat egiten baduzu azpira, oinarrira, konturatzen zara urte batzuk atzera baino askoz lehiaketa gutxiago daudela beheko mailan. Arraun elkarte gutxiagok parte hartzen dute, krisian gaude. Emakumezkoetan azken urteetan arrauna indartu egin den arren, orain esango nuke egonkortu egin dela». Bere hausnarketa bi puntutan oinarritzen du: «ekitatea eta iraunkortasuna». Lehenari dagokionez, arraunlari izandakoak uste du arrauneko goi mailako lehiaketa ez dagoela «orekatuta». «Bi filosofia daude arraunean. Batzuk diruz jokatzen dute, eta nolabait selekzio batzuk eratzen dituzte, ahalik eta harrobiko gutxien sartuta. Beste batzuk, ordea, harrobia dute oinarri trainerua osatzerako garaian, eta taldea indartzeko fitxaketak egiten dituzte, konbentzimenduz baino gehiago, onenengandik gertu ibiltzeko. Liga berean eta estropada eremu berean bi motatako ontziak ikusten ari gara. Oso profesionalak direnak eta amateurrak. Uste dut hori ez dela justua eta ez dela ekarpen ona arraunarentzat». Iraunkortasunari dagokionez, Agirrek adierazi du arraunean «asko kostatzen» dela harrobia sortzea, eta orain arteko araudiak «era honetako lehian desorekak eta motibazioa galtzea» eragiten duela: «Arrauna mundu txikia da, dirurik ez dago. Kantaurikoan dauden 100 klubetatik bi edo hiru kenduta gehienak apalak eta harrobikoak dira, eta beraiei ez dagokien arauetan ari dira lehiatzen». Agirreren hitzetan, hori iraunkortasunaren ikuspegitik, «ez da ona». Are gehiago, haren ustetan, harrobia sortzea «denon ezinbesteko ardura da», eta «ia erabat beste klubetako harrobitik elikatzen diren klubak ez lukete egon behar». Izan ere, Agirrek nabarmendu du harrobiari goi lehiaketan «pisua» ematen zaion heinean, «pizgarri handia izan daitekeela harrobiarentzat eta hau ontzen duten elkarteetako jendearentzat, ikusiko baitute ereiten denak fruitua ematen duela». Merkantilismoa Eta ikuspegi merkantilista duten pertsonei zer esaten die? Ez dela ari filosofia «berdinaz; ez tamainaz, ez tipologiaz». Agirrek azaldu du arrauna «oso kirol mugatua» dela, «EAEn, fitxen %1 dela beste kirolekiko», eta «beste kirol galaktikoek duten filosofia berean edo merkatu librean jokatzeko arauak arraunarekin ez datozela bat». «Norbaitek sortu behar du harrobia», nabarmendu du arraunlari ohiak, eta gaineratu, «oraingo jokoa dela batzuk harrobia sortzea eta beste batzuk horretaz elikatzea, diruz, eta gainera, dena irabaztea». Galdera bat bota du hausnarketarako: «Besteek zergatik ez dituzte joko arauak aldatzen? Gutxi batzuen joko arauetan ari gara denok. Gogoeta hori da, zergatik ez ditugu joko arauak orekatzen?». Eta zer aldatu da azken urteetan, joko arauak aldatu egin behar direla esateko? Agirrek azpimarratu du ez dela azken urteotako kontua, baizik eta, «urte asko daramatzagula dinamika berean». «Lehen Cantabriakoak ziren dena irabazten zutenak eta marka guztiak hausten zituztenak, dopina ere sartu zen tartean. Gero, dirua galdu zutenean, dena galdu zuten, ez zutelako inbertitu harrobian, instalazioetan edo oinarrian. Eztabaida hau lehen ere sortu zitekeen. Ikusi da beste ontzi batzuk ere egin zutela saiakera: Portugaletek, Santurtzik... Hau ez da berria. Zergatik sortzen da orain? Inork ez duelako sagarrondoa astindu, eta uste dut astindu egin behar dela». «Harrobirik gabe ez dago arraunik», esaldi horrekin laburbildu du Agirrek gogoeta, eta nabarmendu du elkarte «apalek» ehuntzen dutela arrauna, eta beraien «neurrira marraztu behar» dela etorkizuna. «Araudiak pisu gehiago emango balio harrobiarekin jokatzeari, oinarria zaintzen eta indartzen ariko ginateke, eta horrek arraunari bizi-itxaropena emango lioke». TKE elkarteko araudia lau urtez behin aldatu daiteke, urte olinpiko bakoitzean. Datorren urtean, 2024an, aukera egongo da horretarako. Araudia aldatzeko Eusko Label Ligan dauden hamabi klubetatik zortzik eman behar diote babesa proposamenari, eta indarrean sartuko litzateke 2025etik aurrera. Sagarrondoa astindu, klubek egin beharko lukete. «Pausoak emateko ausardia baino gehiago, esango nuke beldurra dagoela. Hainbat prestatzaile entzun ditut esanez hurrengo urtean gorengo ligan araudiarekin jarraituko dutela, baina egokitu beharra dagoela, eta saiatuko direla ontzia indartzen. Baina ez zaie okurritzen esatea: badakigu zer liga den, zer dagoen, eta zergatik ez dugu aldatzen eta denon interesera ekartzen? Gogoeta horretara ez dira iristen, eta gauzak aldatzeko daude, onerako baldin bada». «Nolako lehiaketa?» Afera honetan klubek daukate hitza, zehatzago esanda, Eusko Label Ligan dauden hamabi klubek. Izan ere, Euskotren Ligan dauden, baina gorengo mailan gizonezkoen trainerua ez duten ontziek ez dute ez ahotsik ez botorik. Horiek dira Arraun Lagunak, Tolosaldea, Hibaika eta Tiran. Horiez gain, beheko mailetako traineruek ere ez dute erabakitzeko ahalmenik. Zenbait arraun elkarteetako ordezkarien iritziak bildu dira, gaia osotasunean aztertzeko asmoz. Horiek dira Agustin Aramburu (Gallarta, Abanto, 1949) Urdaibaiko presidentea, Jose Manuel Gorostiaga (Getaria, 1961) Getariako delegatua eta zuzendaritzako kidea, Kike Mokoroa (Tolosa, 1977) Tolosaldeako koordinatzailea, eta Joseba Fernandez (Pasai Donibane, 1974) San Juaneko entrenatzailea. Aramburu Urdaibaiko presidenteak galdera bat jarri du mahaigainean: «Zer nolako lehiaketa nahi dugu?». Haren ustez, hori erantzuten denean, orduan aztertuko dute kontua. «Guk egin ditugun ikerketen arabera, harrobiaren alde bozkatu zuten klub guztiek beherakada izan dute, Bermeok eta Hondarribiak izan ezik. Ontzia harrobikoa izatea oso polita da, baina harrobikoa izate hutsagatik arraun egin behar bada, trainerua ahuldu egiten da. Arraunlari batek taldea uzten badu, ni saiatuko naiz beste batengatik ordezkatzen, berdina edo antzekoa ekartzen». “Bou Bizkaia” traineruak aurten 21 arraunlarietatik bost zituen harrobikoak. Presidentearen hitzetan, «harrobikoak izan behar du TKEn arraun egiteko bezain ona», eta «ezin dena da arraun egin harrobikoa izate hutsagatik». Athleticen adibidea jarri du hori azaltzeko. Urdaibaiko arraunlariak, aurten irabazitako Kontxako bandera ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU) «Athleticek badaki oso zaila dela Europara joatea edo liga irabaztea, baina filosofia horrekin jarraitzen du eta ez du inor behartzen hori egitera. Arraunean berdina gertatzen da. Harrobiko gehiago nahi dituzula? Zuk jakingo duzu zergatik. Guk uste dugu harrobikoek lehiaketa ahultzen dutela». Aldi berean, Aramburuk adierazi du orain araudia jarri nahi badute goran dauden klubak «ahulduko» dituelako, «hutsegite larria» dela: «Nik ere nahi ditut zortzi harrobiko izan, baina maila emango dutenak arraun egiteko. Benetako lehiaketa bat izango den Eusko Label liga bat nahi baldin badugu, egiazkoa izan dadila. Orain nik galdera bat botako dut: Egingo dugu lehiaketa bat harrobiko gehien dituenak irabaziko duena? Hori ez da kontua». Presidentearen ustetan, 2003tik 2012ra TKE «ederki» zihoan, eta orain aztertu behar da zer gertatu den 2012tik 2023ra. Bi filosofiak aztertu behar direla nabarmendu du Aramburuk: «2016an Hondarribiak irabazi zuenean eta errekor guztiak hautsi zituenean, hor ez zen hitz egin harrobikoez. Bermeok ezer ez duenean irabazi ez da hitz egin harrobikoez, eta aurten ikusten dutenean bizkaitarrak, Zierbena eta Bermeo, goran daudela, orain bai heldu behar zaiola harrobikoen aferari. Ezin dugu lau urtez behin araudia aldatu». Aramburuk adierazi du arazoa dela ez dagoela arraunlaririk. Bermeoko presidenteari galdetuta ea hori ez ote den harrobia ez delako nahikoa lantzen, hark erantzun du arrauna «beheraldia» izaten ari dela, eta «asko mintzen» duela horrek. «Harrobiarengatik da? Uste dut alderantziz dela. Ez daude arraunlariak merkatuan. Busturialdea eremu oso mugatua da, batzuek asko egin dezakete eta beste batzuek oso gutxi. Bermeokoak ez propioak dira, orduan Elantxobek eta Busturialdeak haien klubeko harrobikoak sartu behar dituzte, baina oraindik ez dute maila nahikoa liga horietan lehiatzeko. Beraz, talde hori jaitsi egingo da. Araudia behera doa. Hamahirutik zazpi toki baldintzatuta dituzu, eta arraunlari ez propioak oso leku gutxi du beste klubetan». Harrobia helduleku Getaria eta Tolosaldea dira gorengo mailan bi adibide garbi harrobia helduleku dutenak. Kostaldeko eskifaian hemeretzi arraunlaritik hamahiru dira bertakoak, eta barnealdeko taldean hemezortzitik hamabi. Tolosaldeako koordinatzaileak argi du beraien filosofia «harrobia zaintzea» dela. «Gu bateletatik gatoz eta gurean batelek garrantzi handia dute. Gaur egun helburua da harrobian dauden arraunlariek etorkizunean traineruan egoteko aukera izatea. Egia da baita ere, arraunlari baten mailaren arabera, gorengo mailara heltzeko aukera izango duela edo ez. Baina guk ikusten dugu gauzak txukun eta ondo eginez gero, bateletatik ateratzen diren arraunlariek aukera dutela traineruan ibiltzeko». Bide beretik, Getariako delegatuak nabarmendu du herri «txikia» izanda, ekonomikoki arazorik ez dutela, baina erraztasunik ere ez, arraunlariak ekartzeko, eta, beraz, harrobia «lantzen» duten zerbait dela. «Guk harrobiko jendearekin ez badugu lanik egiten, inork ez du egingo, hori argi dugu», nabarmendu du Gorostiagak, eta gaineratu, «bihar edo etzi» erdia behintzat ez badira herrikoak, «argi» dutela ez direla ibiliko arraunean «orain bezala». Tolosaldeak kanpoko jendea ere fitxatzen du, ontzia indartze aldera, baina Mokoroak argi du harrobikoek osatu behar dutela ontziaren bizkarrezurra, eta «ez alderantziz»: «Kirol elkarte batzuek, eta guztiz errespetagarria da, talde ona egiteko kanpotik jende ona ekarri eta araudia betetzen dute. Traineruan hiru-lau harrobiko izanda, nahikoa. Uste dut kirol elkarte bakoitzak herri batean edo eskualde batean lana egin behar duela, eta hori sustatzen da harrobiko jendea edukita». Horren harira, Getariako delegatuak adierazi du beste klub batzuek «diruarekin» egiten dutena dela «harrobia baztertu, eta handik eta hemendik fitxaketak egin». Eta hori egiten dutela «aukera duten bitartean». Horregatik, Gorostiagak uste du harrobikoen kopurua igo egin behar dela. «TKEko batzarretan, azkenean denok ezagutzen dugu elkar, eta badakigu jendeak nondik joko duen. Harrobikoen kopurua igo egin behar da. Baina zu ari zara mutil koxkorrak hartzen, mimatzen eta gozatzen, eta gero etortzen dira diru pixka batekin eta eraman egiten dituzte. Hainbeste lan egin dugu, eta badoa». Horrekin zerbait egin behar dela nabarmendu du Getariako delegatuak, eta galdetuta zein den klubeko proposamena, adierazi du traineruan harrobiko sei egotea eskatu beharko dutela. Baina zortzi klub behar dituzte, eta hasi da kontatzen: «Orio, Hondarribia, gu, Lekeitio, Cabo... bost ditugu, baina beste hirurak?». «Saiakera bat» egin behar dutela azpimarratu du, bestela, «beti txikiak» daudela «atzera eginda». Tolosaldea, Hondarribian jokatutako Euskotren Ligako estropadan. (Gorka RUBIO | FOKU) Bestalde, Getariako ordezkariari galdetu zaio ea gero eta gazte gutxiagok izena ematen duten klubean. «Azken bi urte hauetan oso ondo gaude. Hiru batel eta beste trainerilla bat osatu dugu. Aspaldiko partez gauza ederra da». Bide beretik, Mokoroak adierazi du Tolosaldeak azken urteetan gorakada izan duela, nolabait, traineruak «arrakasta» izan duelako: «Arrakasta izan ondoren, jendeak ikusten du eta esaten du: agian hemen irtenbide bat izan dezaket. Mutilen kasuan, ordea, oso mugatuta gaude. Zailtasunak ditugu». Gorostiaga Getariako delegatuaren ustetan, arazo handiena gazte mailako arraunlarietan dute. «Arraunlariak gazte mailara iristen dira eta alde egiten dute. Parranda zer den ikasten dute eta ez dakit hori den arazoa, baina... Orain kasik ez dago gazte mailakorik. Niretzat arazoa ez da goian ez dutela aukerarik. Arrauna gogorra da, garai onenean ibili behar da, udan, eta denoi gustatzen zaigu uda». Kontxako adibidea Fernandez San Juaneko prestatzailea bi filosofia ezberdinetako klubetan egon da, eta arraun munduan aski ezaguna den pertsona da. Bermeon, Pedreñan eta Lapurdin ere entrenatzaile izandakoa da. Haren ustez, «mahaigainean» jarri beharreko gaia da. Bideoaren edukia «bikaina» iruditzen zaio, baina «horrek ez du esan nahi gauza guztietan ados» dagoenik. Fernandezek adierazi du arraunketako azken hogei urteetan bi filosofia «bata bestearen kontra» lehiatu direla: «harrobia eta fitxaketak». «Duela bost urtera arte harrobia gehien lantzen duten klubak gai izan dira besteei aurre egiteko, nahiz eta besteek ere haien momentuak izan. Hondarribiak eta Oriok, bere burua gai ikusten zuten besteei aurre egiteko», azaldu du San Juaneko entrenatzaileak. Oriok 2019an irabazi zuen liga, eta Hondarribiak 2015ean. «Zer gertatu da orain?» segitu du Fernandezek, «beste filosofia duten klubek orain arte lortu ez duten egonkortasuna lortu dutela». Haren hitzetan, halako taldeek orain arte aldaketa ugari izaten zituzten, bat-batean zortzi-hamar arraunlarik uzten zuten taldea, eta multzoa berregin behar zen. Egoera horretan, Fernandezen esanetan, «harrobikoek lortzen zuten haien kontra lehiakorrak izatea». Orain, ordea, prestatzaileak nabarmendu du Urdaibaik, Zierbenak eta lehen Kaikuk, Kortarekin egin zuen bigarren aroan, egonkortasunaren bitartez, gai izan direla taldea gehiago indartzeko: «Hamabost arraunlari dituzte, eta gaitasun ekonomikoa dutenez, aukera dute Caboko edo Hondarribiako onena fitxatzeko. Orduan, gai dira aurkarien ontzia ahultzeko eta haiena indartzeko. Eta, horrela, diferentzia areagotu egiten da». Fernandezek nabarmendu du Kontxan «diferentzia oso esanguratsua» izan dela, «izugarrizko aldea» egon baita, «gehiegi». Momentu «latza» da arraunketarentzat, eta ez horregatik bakarrik, azpimarratu du prestatzaileak. Hirugarren mailan zazpi talde «bakarrik» daudela adierazi du, eta bigarren mailan «puntan» dabiltzan arraunlari batzuk «nahiago» dutela Eusko Label Ligan egon, «nahiz eta estropadetan ez parte hartu, beheko mailan egon baino». Alde horretatik, galdetu dio bere buruari ea Eusko Label Ligak «onura edo kalte» egiten dion arraunketari: «Hasieran denok ados geunden aurrerapausoarekin, baina gaur egun hasi gara galdetzen ea etxeko arraunlariak bultzatzeko sortu zen ideia alderantziz etortzen ote zaigun». «Erabakiak hartu behar» direla nabarmendu du Fernandezek, zalantza du araudia «horren zorrotza» izanda, lehiaketak arrakasta izango ote duen. Baina, «zerbait egin beharra» dagoela argi du. «Oraintxe bi talde daude, eta hori ez da aldatuko datorren urtean. Ligan ikusten duguna ez da benetakoa, Kontxakoa da erreferentzia. Zerbait egin behar da. Bestela azkenean jostailua bukatuko zaigu, eta ez dut uste inork hori nahi duenik». Fernandez baikor mintzatu da kluben inguruan, eta uste du gaiari berandu baino lehen helduko diotela. Hori bai, proposamena nork aterako duen ez du argi. «Hondarribia, Orio, Ondarroa... Guretzat ere ona da». Horrez gain, beste eztabaida bat utzi du mahaigainean: «Nola da posible Eusko Label Ligako hamabi taldeek erabakitzea Euskotreneko gorabeherak? Hori beste mende bateko kontua da». Hain justu, Tolosaldea da klub horietako bat. Gizonezkoen trainerua ez duenez, ez du erabakitze ahalmenik TKEn. Mokoroa klubeko koordinatzaileak esan du «erakunde pribatu batek antolatutako liga» dela, eta beraiek onartzen dutela araudia. Hala ere, Tolosaldeakoak azpimarratu du «diferentea» dela «nola dagoen eta nola izan daitekeen nesken liga bat», eta horregatik, klub horiek esan beharko luketela «zer iruditzen zaien egokiena: antolaketa, liga eta igoerak eta jaitsierak kontuan hartuta».