Emakume ijitoen diskriminazio hirukoitza
Azaroaren 16an ospatuko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Ijito Herriaren Eguna. Aitzakia horrekin, ijitofobiaren inguruan idaztera animatu naiz, urriaren 3an Donostian Kera Emakumeen Ijito Elkarteak antolatutako “Topaketa pedagogiko eta feministak Emakume ijitoekin” jardunaldian ikasitakotik abiatuta.
Gure gizarteak pairatzen duen gaixotasun sozialetako bat da ijitofobia. Ijito-komunitateari berariaz zuzendutako diskriminazioan datza, eta modu askotan islatzen da. Besteak beste, lana, hezkuntza edo etxebizitza eskuratzeko ijitoek izaten dituzten oztopoetan eta tratu diskriminatzailean. Topaketan parte hartu zuen emakume ijito batek, adibidez, «lapurtuko dutelakoan» supermerkatuetan zinpeko zaintzaileengandik pairatu behar izaten duten jazarpena salatu zuen.
Halaber, pobrezian bizitzeak ekartzen duen diskriminazioa gehitu beharko litzaioke ijitofobiari. Izan ere, Topaketan aipatu zen moduan, ijitoek pobrezia maila altuari egin behar izaten diote aurre ijitofobiaren ondorioz. Hala, diskriminazio bikoitza jasaten dute ijitoek: batetik, ijitofobia eta, bestetik, klasismoa. Hori gutxi ez eta emakume ijitoek hirugarren diskriminazio bati egin behar izaten diote aurre: emakume izate hutsagatik jasaten dutenari. Hala, emakume ijitoek diskriminazio hirukoitza dute parean, ijitofobiaren, klasismoaren eta genero-diskriminazioaren biktima baitira.
Aniztasuna aberastasuna den mundu honetan, pedagogia feminista tresna boteretsua izan daiteke diskriminazio hirukoitz horri aurre egin eta genero-diskriminazioaren, arrazakeriaren eta klasismoaren aurkako jarrerak sustatzeko.
Helburu hori lortze aldera, estereotipoak deseraikitzea litzateke lehen urratsetako bat. Izan ere, emakume ijitoak estigmatizatu egiten dira haiei buruzko estereotipoen bitartez. Adibide moduan, Ijitoen Elkarteak biltzen dituen Fakali federazioak “Topaketa pedagogiko eta feministak Emakume ijitoekin” jardunaldian azaldutako estereotipo batzuk aipatuko ditugu: ijito ez direnak baino matxistagoak direla; haien bizitzak eta gorputzak hipersexualizatuta daudela; ez dutela gizartean integratu nahi; ezkontzea eta ama izatea direla haien helburu bakarrak; analfabetoak direla; ez dutela etxetik kanpo lanik egiten; gaizkileak direla; gizarte-laguntzetatik bizi direla… Gizarteak bere egiten ditu estereotipo horiek eta, ondorioz, oztopo handiak jartzen zaizkie emakume ijitoei ikasketak, lana eta etxebizitza lortzeko, besteak beste. Gainera, askotan, beraiek barneratu egien dituzte estereotipoak, eta horrek, noski, eragina du haien bizitzan. Adibidez, mugatu egiten du emakume ijitoek garatzeko eta ikasketen zein lanaren arloan aurrera egiteko duten motibazioa.
Pedagogia feministak hezkuntza-giro inklusiboa eta parekidea sortu nahi du, non baztertuta daudenak erdigunera ekarri eta ahots guztiak baloratu eta errespetatuko diren. Emakume ijitoen kasuan, generoaren, klase sozialaren eta etniaren arteko intersekzionalitatea hartu behar da aintzat. Horretarako, emakume ijitoek dituzten berezitasunak eta beharrak ezagutu eta azken horiek asebetetzeko lan egitea da gakoa.
Halaber, funtsezkoa da ijito-komunitatearen kultura-ondare aberatsa aitortu eta merezi duen balioa ematea. Pedagogia feministak prozesu horretan lagun dezake, ijito-komunitatearen historia, kultura eta ekarpenak curriculumean txertatzea ekartzen baitu. Horrela, ikusezintasunari aurre egiten zaio, eta ijito-identitatea eta ijito izateak ekartzen duen harrotasuna sustatzen dira emakume ijitoengan.
Azken batean, pedagogia feminista tresna baliotsua izan daiteke emakume ijitoak ahalduntzeko eta ijitofobiaren aurka borrokatzeko. Estereotipoak deseraikitzean, diskriminazio hirukoitzaren aurkako borrokari ekitean eta aniztasuna sustatzean, mundu inklusiboagoa eta bidezkoagoa eraiki dezakegu pertsona guztientzat, haien generoa, jatorria edo maila ekonomikoa edozein izanda ere. Payoek eta ijitoek elkarrekin komunitate guztiak errespetatuko dituen gizarte bidezkoagoa eraikitzen lagun dezakegu. Eta hori gauza handia da. •