Urtzi URRUTIKOETXEA
MANXERA, INOIZ BAINO BIZIAGO

Maneko uhartean ahalegina egiten ari dira bertako hizkuntza berreskuratzeko

Unescok bere garaian hildako hizkuntzen zerrendan sartu zuen arren, manxera berreskuratzeko lan handia egiten ari dira Maneko uhartean. Azken datuen arabera, 2.000 hiztun inguru egon daitezke irlan, eta kopurua hazten ari da. Bunscoill Ghaelgagh eskolako haurrak dira hedatze horren adibide onena.

Bunscoill Ghaelgagh eskolan hartutako irudia.
Bunscoill Ghaelgagh eskolan hartutako irudia. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Duela ia 15 urte Unescok egindako zerrenda batean, hizkuntza zeltiko bat hildakotzat jo zen. Izan ere, Irlandako eta Eskoziako gaelikoen ahaide den manxeraz mintzatzen hazitako azken pertsona 1974an hil zen arrantzale bat dela diote liburuek. Hala, Nazio Batuen Erakundeak azken hiru belaunaldietan galdutako 200 mintzairen artean izendatu zuen Maneko uharteko gaelikoa.

Unescoren egoitzara, baina, gutun bat iritsi zen. «Gure hizkuntza galduta badago, zein hizkuntzatan ari gara idazten?», zioten uharteko zenbait neska-mutikok. Izan ere, XX. mendean jatorrizko azken hiztuna galdu zuen hizkuntza ume eta gaztetxoen ahotan entzuten da gaur egun. Oraindik ere galtzeko arrisku bizian dagoen mintzaira da manxera, baina hildakotzat jotakoa bizirik egote soila asko da.

2021ean egindako azken zentsuan 2.000 manxera hiztun baino gehiago ageri ziren, lehen aldiz XX. mendearen hasieratik. Zentsuan hiztun gisa agertzea eta benetan mintzatzea ez dira gauza bera, baina, edozelan ere, ofizialki badira uharteko biztanleen % 2,5 inguru. XX. mendean ez zen egon manxeraz mintzatzen zen haurrik. XXI. mendean, berriz, Tynwald izeneko muino eta Parlamentu historikoaren ondoan, ostera ere hizkuntza gaeliko zaharra darabilte dozenaka umek eta haien irakasleek Bunscoill Ghaelgagh eskolan.

Julie Matthews da ikastetxeko zuzendaria, haren eskutik bisitatu ditugu harrizko eraikin sendoko gelak. Manxeraz irakasleak, manxeraz haurrak. Ondo ezagutzen dugun errealitatea daukate, ikasgelatik kanpo ingelesa nagusitzen da nahi baino gehiagotan. Oraindik ere, ia ez dago manxera etxetik dakarren ikaslerik, bizpahiru familia kalkulatzen dituzte gehienez ere. Etxe gehienetan gurasoetako batek behintzat manxeraz daki, baina oso gutxi dira horiek ere. Itxaropena dute, ordea, hori guztia aurki aldatzeko, Bunscoill Ghaelgagh-etik pasa zen lehen belaunaldiak hogeitaka urte baititu dagoeneko.

Manxerazko murgiltzea

Hizkuntza eskolan sartzea XXI. mendeko berpizkundearen faktore garrantzitsua izan den arren, XX. mendean manxeraren bultzatzaile talde batek egindako ahalegina izan zen Maneko gaelikoa ez hiltzearen giltzarria. Duela urte batzuk (2019an hil zen) Brian Stowell manxeraren berpizkundearen arduradunak esan zigunez, «oso behetik abiatu ginen, beraz ez da harritzekoa aurrerakada polita egin izana. Elementu garrantzitsua herri-ekimenaren babesa izan da. Jende arruntak manxera eskoletan irakastea nahi zuen. Baina ezingo genukeen egin Gobernuak diruz babestu ezean, manxerak inoiz izan duen benetako finantzaketa bakarra!».

Maneko uhartea administratiboki ia independentea izanda ere, Ingalaterrarekiko mendekotasun politiko eta ekonomikoak kolonialismo kulturala ekarri zuen historikoki. «Manxerak ez dizu sosik emango» esaldia nagusitu zen, eta belaunaldi batean eten egin zen transmisioa. 1901erako, Maneko biztanleen ehuneko bederatzik baino ez zekien hizkuntza. Nagusiak ia guztiak, arrantzale gazteago batzuek ere jakin arren, irlandar arrantzaleekin ere gaelikoz egiten baitzuten. Baina I. Mundu Gerrarekin, hura ere amaitu zen.

Bunscoill Ghaelgagh eskolako beste irudi bat.

Ned Maddrell izan zen arrantzale horietako bat. 97 urterekin hil zen 1974an, eta jatorrizko azken hiztun gisa gogorarazi ohi da. Hizkuntzaren mugimenduan diotenez, ez zuen aparteko eraginik izan. «Manxera komunitate-hizkuntza nagusi gisa aspaldi hil zen, XIX. mendean. Baina beti egon zen manxeraz ondo mintzatzen ikasi zuen jende nukleo bat. Haiek izan ziren egungo berpizkundearen arduradunak. Ned Maddrell-ek eta jatorrizko beste hiztun zaharrek argi eta garbi bultzatu zuten hizkuntza. Haien seme-alabek sarritan ez, ordea», zioen Brian Stowellek.

XX. mende hasieran zenbait hizkuntzalarik manxeraren azken hiztunen mintzaira hobeto dokumentatzeko ahalegina egin zuten. Baina hizkuntza berpiztu eta berriz mintzatu nahi izan zuen belaunaldia ez zuen mundu guztiak begi onez ikusi. «Azken hiztunetako baten alabak ezin zuen ulertu zergatik nahi zuen inork manxeraz ikasi! Zaila da azaltzea zenbaterainoko aurkakotasuna zeukaten Maneko herritar askok. Gehienek guztiz kolonizatuta zeukaten burua, hizkuntza ikur lotsagarria zen haientzat. Baina gero manxarrak zirela esaten zuten harro. Ezaugarri berberak aurki litezke kultura gutxitu askotan», zioen Stowellek, Pirinioetara egindako txango batean erosi zuen euskarazko gramatika gogoraraziz.

Irlandatik babesa

Errezeloak errezelo, talde txiki bat hasi zen manxera berreskuratzeko asmoz. Eta irla barruan aurkitu ezin zuten kanpoko bultzada garrantzitsua izan zuten 1950eko hamarkadan, dozena bat hiztun baino ez zeudela. Eamonn de Valera Irlandako presidentea Man uhartera etorri zen bisitan, eta gaelikoz mintzatu zen Ned Maddrellekin, irlanderaz bata, manxeraz bestea. Haren ostean, Irlandako Foklore Batzordeak eta Yn Çheshaght Ghailckagh-ek (Manx Gaelikoaren Elkartea) grabaketak egin zituzten.

Castletown hiriko ikuspegia, uhartearen hegoaldean.

1961eko erroldan inoiz baino hiztun gutxiago ageri da; egun, ia 15 aldiz handiagoa da kopurua. Baina jatorrizko hiztunak hil ahala, berriak ere sortu ziren. Ekimen pribatu edo herri-elkarteei lotutakoak ziren, ia babes ofizialik gabekoak, harik eta 80ko hamarkadan gauzak aldatzen hasi ziren arte. 1985ean Maneko Parlamentuak hizkuntzaren aitortza ofiziala egin zuen, eta «1992an, Brian Stowell manxeraren hizkuntza arduradun izendatu zuten. Gurasoei galdetegi bat egin zieten, seme-alabek manxera ikastea nahi ote zuten, eta espero baino erantzun positiboagoa jaso zuten. Bi irakasle kontratatu behar izan zituzten. 7-11 urte bitarteko lehen hezkuntzako haurrei astero 30 minutuko eskolak ematea erabaki zen, eta DBHko ikasleei eskolaz kanpoko ikasgai gisa», dio Rob Tearek, manxerazko irakasle eta irlako eskolen arduradunak.

90eko hamarkada amaierarako, manxeraz murgiltzeko Mooinger Veggey haur-eskola sortu zuten, eta 2001ean zabaldu zuten Bunscoill Ghaelgagh. Oraingoz, lehen hezkuntza amaitu artekoa. Bigarren hezkuntzako institutuetan ez dago manxerazko murgiltze-eredurik. «Peel hirian badago ikasgai batzuk manxeraz egiteko aukera», Tearek dioskunez.

Haurrek manxerazko eskola arautua hartzen duten bitartean, aldamenean dagoen Greens kafetegian dozena erdi lagun batu dira goizean. Batzuek beste batzuek baino jario hobea dute, baina denak dira gutxi-asko manxeraz egiteko gai. Mintzapraktika saioek berebiziko garrantzia dute, arnasgunerik edo manxera nagusi den herri edo eskualderik ez baitago, uharte osoan zehar daude sakabanatuta hiztunak. Estatistikoki, eskolaren ondoko Peel herrian portzentaje handiagoa dago (apala, betiere), baita jatorrizko azken hiztunak egon ziren Cregneash hegoaldeko eskualdean ere. Baina hiztun gehienak Douglas hiriburuan daude (Doolish, manxeraz).

Port St. Mary hiriko ongietorri mezua, ingelesez eta manxeraz.

Manxeraren aktibistek gogoratzen duten bazterketa-giroaren oso desberdina nabari da gaur egun: kale-seinaleak, eraikin askoren izenak... manxeraz ageri dira. Gobernuak eskola finantzatzen du, eta gogoan izan behar da, estatus administratibo oso berezia daukan uhartea dela Man, ez da Erresuma Batuko zati, eta Brexitaren aurretik ere ez zen EBko kide. Eskoziak edo Galesek baino autonomia handiagoa dauka, eta paradisu fiskal gisa agertu izan da zerrenda askotan.

Hazkunde ekonomikoak uhartetik kanpoko jende asko ere erakarri du; gaur egun, biztanleen erdiak baino ez dira bertan jaioak, baina manxeraren bultzatzaileen artean badaude kanpotik etorriak ere. Mec Vannin alderdi independentista txikiak uhartea errepublika bihurtzea bultzatzen du; manxeraren berpizkundearen protagonistetako batzuk (Mark Kermode idazkari nagusia, kasu) alderdi honetako kide dira.

 

Julie Matthews, Bunscoill Ghaelgagh eskolako zuzendaria: «Guraso batzuek haurrekin batera ikasten dute manxeraz»

Nola hasi zen eskola?

2001ean hasi genuen. Haur-eskolara joaten ziren umeak, eta ikusten zuten pena zela hor manxera hartzea eta gero eskolara joan eta ingelesez jarraitzea. Douglasko ikastetxe batean gela batekin hasi ginen, bederatzi ikasle genituen. 17 ziren hurrengo urterako, eta 2003an St John’s-eko eraikin honetara iritsi ginen. Steve Rodan, Tynwaldeko presidentea eta garai hartan Hezkuntza ministroa, oso gure aldekoa zen. Ikusi zuenean zuzen ari ginela, haurrak ikasten ari zirela, zuzendari izaten utzi ziguten, neu aurkeztu nintzen, eta hala naiz ordutik. Egunotan 60-70 ikasle ditugu, eta lau ikasgela. 4tik 11 urtera arteko umeak ditugu. Hortik aurrera, Peelera badoaz, badituzte ikasgai batzuk manxeraz.

Zein profil dauka hemengo ikasleak?

Denetik dago. Guraso batzuek eskola txiki bat nahi dute, gelako ume gutxirekin. Beste batzuek haurrek manxeraz egitea nahi dute. Beste batzuek bigarren hizkuntza baten abantailak nahi dituzte. Hasieran gurasoek ez zekiten manxeraz, baina guk ere gero eta gehiago ditugu, Adrian Cainek ezarritako programari esker, umeekin batera gurasoek ere ikas dezaten. Eta ikusten dugu ahalegin hori egiten duten gurasoen haurrek askoz hobeto egiten dutela. Galesen izan gara, hango esperientzietatik ere ikasten, noski, han askoz diru gehiago inbertitzen dute, baina haien ideiei jarraitzen diegu.

Noiz ikasi zenuen zuk?

Beti izan dut manxera inguruan. Umetan, azken hiztunetako bat gure etxera etorri zen, grabatu egin zuten Aita Gurea errezatzen manxeraz. Brian Stowell eta besteek ikasi eta irakatsi zuten. Pubetan ere baziren eskolak, badakizu, tragoren batekin ere lotsa galtzen da. Nik ere gogoan dut 16 urte nituela, gaztetxotan, edateko adinik ez, baina Annie lagunarekin joaten ginen entzutera, ahal genuena praktikatzera, gehienak gizon zaharrak ziren, baina ahal zena ikastera. Binaka jartzen ginen eta mintzatzeko aukera ona zen. Baina dena ingelesa denean zure inguruan, zeuk sortu behar dituzu hitz egiteko aukera horiek. Eta aurrerago manxerazko eskolak jaso genituen. Interesa hor zegoen, jende asko zegoen, baina denek ez zuten ikasteko aukera.

Orain bada etxean manxeraz egiten duenik?

Nire haurrak bai, belaunaldi berria dira, baina gero ez zuten ikasketetan jarraitzerik izan, eta asko galdu zuten. Nagusiak gerora berriz berreskuratu du.

 

Bob Carswell: «Garai batean manxera hiztun guztiak ezagutzen nituen; egungoa pentsaezina zen!»

Manxerazko ahotsik ezagunenetakoa da, hamarkada luzez irratian egindako lanari esker, eta eskolan ere erabiltzen diren idazlan eta itzulpenengatik.

Zure kasuan, oso gaztea zinela ikasi zenuen manxera, ezta?

Umetan, “Manxerazko Lehen Lezioak” liburua aurkitu nuen etxean, baina amak ez zekien zelan ahoskatzen zen, esaldi batzuk baino ez zekizkien. Aitona-amonek ere ez zekiten, baina “Itun Berria”-ren manxerazko edizio bat aurkitu nuen amonaren etxean. Haien gurasoek ba omen zekiten, antza nire birraitonak manxeraz egiten zion tarteka birramonari, baina honek ingelesez erantzun. XIX. mendearen erdialdean utzi zioten transmititzeari, esaten zuten ez zuela dirurik ematen, merkataritzaren hizkuntza ingelesa zen, britainiar inperioaren garaia zen. Pentsatzen dut orduantxe sortuko zela ingelesaren Maneko dialektoa ere, buruan manxerazko gramatika zeukatenek itzulita. Badira poemak eta narrazioak, literatura, estandarretik aparteko ingeles mota horretan, gramatika gaelikoz.

Azken hiztunak hiltzen ari ziren, baina gazte belaunaldi berri bat ikasten ari zineten ordurako.

Hori zen garaiko giroa, mugimendu indartsua zegoen, jende gutxi ginen, baina sare polita geneukan, elkarrekin hitz egiteko, azken hiztunak aurkitu, grabaketak egin... Ondare garrantzitsua bildu zen. Uhartean giro nahasia zegoen, bazegoen sentipen bat stablishment-a, agintariak dirua egiten ari zirela bertakoon kalterako, lurrak eta etxeak salduz. Jende asko etorri zen zerga baxuek erakarrita, bertako gazteek ordaindu ezin zutena ordainduz. Protestak egin zituzten, pintadak errepideetan, eta beste adierazpide batzuk ere izan ziren, dantzek bultzada handia izan zuten, eta hizkuntzarekin berdin, jende asko etorri zen manxera-eskoletara. Kaleko protestaz gain, mugimendu kultural handia egon zen, manxerazko musika berritzen, edo antzerkian, Gabonetan egiten diren antzezpen satirikoekin, kasu. Gero Doug Fargher-en hiztegia iritsi zen 1978an. Batzuek diote neologismo gehiegi dituela. Agian zertxobait zaharkitu da, baina perspektiban ikusita, merezi izan zuen, ezta? Irratian manxerazko titular batzuk sartzen hasi ziren 1970ean, eta lekua irabazten joan zen hamarkadan zehar.

Azken hiztuna 1974an hiltzeak zein eragin izan zuen hizkuntzaren garapen horretan?

Ned Maddrellek txiki-txikitan ikasi zuen ingelesez, ezin zuen esan zein zuen lehen hizkuntza. Baina argi dago harro zegoela manxera jakiteaz. Agian bazegoen manxeraz zekien besteren bat, baina harrotasun hori gabe, garai bateko lotsarekin oraindik. 70eko hamarkadan agian pubean norbaitek esango zizun “utzi zabor hori mintzatzeari”. XIX. mendean, XX.era arte ziur aski, manxeraz eginez gero, eskolan zigortu eta jo egiten zuten, Galesen bezala. Horrek guztiak dakar lotsa.

Ia mende erdi beranduago, zein da zure balorazioa egindako bideaz?

Garai batean manxeraz zekiten guztiak ezagutzen zenituen, gaur egun etorri zait ezagutzen ez nuen jendea manxeraz eginez. Lehen hori pentsaezina zen! Oraindik ere, ez dago manxerazko herri edo komunitate nagusirik. Manxerazko asteburuak antolatu izan ditugu, hizkuntzan murgilduta tarte bat emateko. Sortu dira talde batzuk, musikakoak kasu. Orain erronka Bunscoill eta gero zein beste urrats egin asmatzea da. Noski, patiora irten eta ingelesez egingo dute askotan, baina manxeraz ere bai, edozer adierazteko gai dira, triste daudenean, negarrez, pozez, sentimenduak adierazteko gaitasun erabatekoa daukate.