Juantxo EGAÑA

Txileko pilotalekuak XIX. mendean

(CARLOS BRANDT EDITOREA. CARLOS TEIXIDOR BILDUMA.)

Badakigu Txilen XVI. mendetik jokatzen dela euskal pilotan, eta historialari batzuek Alonso Ercilla aipatzen dute, jatorriz bermeotarra, Amerikako lurretako pilotari eta pilotaren zabaltzaile moduan. XIX. mendetik iritsi dira Txileko geografian sakabanatutako frontoi batzuen dokumentu grafikoak; Ballesteros de Santiago (1884an eraikia), Cañete (1886), Lebu (1993) eta Concepcioneko biak (1885 eta 1889), besteak beste. Amerikako emigrazioaz egindako ikerketetan, Txilen bizi ziren Etcheverry anaien korrespondentzia berreskuratu du Ariane Brunetonek. 1886ko urtarrilean, bere Arnegiko (Nafarroa Beherea) familiari bidalitako gutun batean, Elie Etcheverryk dio pilota partida batera joan zela, «...Etchegaray anaiek eta osabak, Concepcioneko bi gazteren, euskaldunak noski, eta Deyheralderen aurka jokatutakoan...». Urte bereko urrian halaxe kontatzen die beste gutun batean: «...Datorren igandean pilota partida handia izango da Concepcioneko frontoian: hegoaldeko hiru gazte iparraldeko beste hiruren aurka, ondo ulertuta, denak euskaldunak». Irudian Carlos Teixidorren bildumako postal bat ikus daiteke. Bertan, 1889an eraikitako Concepcioneko "Plaza Euskara" frontoia agertzen da, ikuslez beteta, eta xistera jokalariak argazkilariarentzat posatzen. Kronikek bertako xistera partiden berri eman zuten. «...Igandetik igandera, arratsaldeetan, lanetik ateratakoan, Arretchea, Ribes, Uhart, Bordachar, Harismendy, Urrizola eta beste hainbat lagun biltzen dira kirol horretaz gozatzeko. Urruneko aberria gogorarazten die, Pirinio zaharretan galdutako jatorrizko herria, edo beren guraso eta nagusien aberria ere bai».