Asier AIESTARAN

Barrenean bueltaka

Esku artean duzun komunikazio proiektu hau memoria ariketa erraldoi batean murgilduko da datorren urtarriletik aurrera, GARAren 25. urteurrena ospatzeko. Dagoeneko aipamen batzuk egin dira egunkarian eta datozen egunetan xehetasun gehiago jakingo dira.

Nire kasuan, beste memoria ariketa eder bat egiteko aukera izan dut berriki, Josu Txapartegi “Txapas” elkarrizketatzeko parada izan dudalako Pirritx, Porrotx eta Marimototsek argitaratu duten “Txapasen kaxa magikoa” ipuin-diskoaren karietara.

Txapas nire irakaslea izan zen hiru urteko gelan, 1985. urteaz ari gara, eta hamarkada batez berak deskubritu zizkigun musikaren balioak. Noski, orduan gu ez ginen jabetzen lantzen ari ginen guztiaren garrantziaz, baina ziur gaur egun garenaren zatitxo bat oinarri haietan sustraitzen dela.

Era berean, hotz-hotzean ze urteri buruz ari garen begira jarrita, 1985-1995 tartea gutxi gorabehera, ezin dut burutik kendu Euskal Herrian zenbat sufrimendu pilatzen ari zen. Kasu honetan ere, gure adinagatik, seguru asko ez ginen gehiegi konturatzen gertatzen ari zenaz, baina gure gaur egungo izaeran horrek ere nolabait eragingo zuen.

Barrenean horiek denak bueltaka nituela elkartu nintzen Txapasekin, 2023a ere apurka itzaltzen ari den honetan, eta asko bete ninduen berarekin lasai eta goxo izandako elkarrizketak. Kasu honetan, unearen garrantzia erabat barneratuz. Mila esker! •