Juantxo EGAÑA

Gabriel cromer-en bi argazki, 1896an biarritzen

(GABRIEL CROMER. BIBLIOTHEQUE NATIONALE DE FRANCE)

Bere argazki-bildumen garrantziagatik mundu mailan ezagunak diren bi erakundek, AEBetako George Eastman museoak eta Frantziako Liburutegi Nazionalak, beren funtsen artean gordetzen dute 1839an hasi zen argazkigintzaren historiako bilduma pribatu garrantzitsuenetako bat, Gabriel Cromer frantsesarena (1873-1934). Daguerren erretratu ezagun eta erreproduzituenetako bat, 1844an Jean Baptiste Sabatier Blot-ek egina, bilduma honen parte da. Gabriel Cromer abokatua izan zen ofizioz, baina ez zuen inoiz horretan lan egin. Zuzenbide ikasle zen garaitik argazkilari lanetan aritu zen, eta Parisen estudio ere izan zuen. Aipatutako bi erakundeek 6.000 objektu baino gehiago dituzte, argazki, aparatu, liburu, eskuliburu, aldizkari eta dokumentuen artean, urteen poderioz enkanteetan, martxantetan eta antikuarioetan jasotakoak. Frantziako Liburutegi Nazionalak bere bidaietan egindako argazki album batzuk gordetzen ditu. Horietako batek "Quelques vues de Biarritz et de Bayonne: Fevrier 1896" izenburua du eta Biarritzeko 19 argazki eta Baionako 6 ditu. Oro har, ikuspegi panoramikoa dutenak dira, Biarritzeko bi izan ezik; hain zuzen, artikulua ilustratzen dutenak. Batean arrantzaleak eta emakumeak otarrekin ikusten dira arraina kargatu aurretik, eta bestean, arrantzale talde bat portuan euren ontziekin.