Miren AZKARATE BADIOLA

Mila euro eta ezin iritsi

Zenbaki gorrietara iritsi gabe hilabetea mila eurorekin pasatzen nuen ehundaka horien artean nengoen ni, duela gutxi arte. Orain, aldiz, kopuru horrekin hilabete bukaerara iristen ez naizen milaka horien artean aurkitzen naiz. Norbait badago lehenagoko taldean, mesedez konta diezadala nola egiten duen… Zer pasatu da hain denbora gutxian? Nola ari da bizitzen, edo hobe esanda, bizirauten, jendea?

Baten batek esango du “gerrikoa estutuz” edo “noski, bizioak eta luxuak kenduz”. Bai bai, hori dena egiten dut. Aipatu euro guzti horiek etxean eta bere gastuetan eta janarian gastatzen ditut.

Zorionez, arropa bezalako gastuetan denetarako gustatuko litzaidaken sistema erabiltzen dugu etxean: trukea. Haurren arropa (kuadrillako haur zaharrenei txikiak geratzean gurera iristen da eta gureei txikiak geratzean segitu egiten du dantzak), eta helduenean antzeko, batzuei txiki edo handi geratutakoak beste norbaiti ongi geratuko zaizkio.

Denbora honetan pasatu dena ulertzeko ez da ekonomian aditua izan behar: prezioek gorakada izan dute eta soldatak berdin mantendu dira. Okerrena, igoera hauek ez dutela etenik eta gora eta gora doazela. Noiz arte? Zer gertatuko da? Zer gertatu behar du honek guztiak eztanda egiteko? Hori bai, Gabonetan kontsumismo basatian eroriko gara eta elikagaien bankuan arroz eta lenteja kilo bat botako dugu gure auzoko supermerkatuak horretarako jartzen duten saskian. Laster hortik jan beharko du gehiengoak. •