Maider IANTZI - Iraitz MATEO
Interview
NEREA IBARZABAL SALEGI

«Bertso oro egon nahi dut bertso horiek kantatzen dituen gorputzean sartuta»

Markina-Xemein, 1994. Seigarren Bizkaiko Txapelketa, laugarren finala eta txapel bat.

Orain arteko txapelduna zara, finalera sartzeak arindu dizu zama?

Bai, lehen finalera sartzea opari bat zen eta orain nire buruari jartzen nion betebehar bat zen kasik. Eta bide horretatik finalaurrekoak bihurtu dira ez horrenbeste gozatzeko eta bai sufritzeko esparru. Behin helburu hori beteta nik uste dut finala exijentea eta luzea dela, baina langa bat pasatzera baino zerbait ematera joateko aukera gehiago ditudala, ni behintzat libreago sentitzen naiz.

Finalaurrekoan ganbarako borobila egin zenuen, zure ariketa gustukoena da?

Uste dut baietz, uste dut hobeto kontzentratzen naizela bakarkako ariketetan, erabaki denak zure gain daudelako; ni libreago sentitzen naiz, eta sentitzen dut inor ez dudala kaltetzen bide horretan, eta beharbada hor aitortzen diot neure buruari askatasun gehiago ofizioetan baino; ofizioa elkarrizketa bat da, eta erabakiak elkarrekin inprobisatzea oso zaila da beti. Lemoako kasuan gainera, gaia entzun eta berehala bide hori okurritzen zitzaidan maiuskulekin, beharbada gertutik eta pertsonalki ere pasatu dudalako antzerako prozesu bat, uste dut emakume askok janariarekin harreman gatazkatsu hori badugula.

Zazpitik bostek kantatu zenieten elikadurarekin izandako harreman gatazkatsuei.

Hori ere ederra izan zen, Ibaik ere antsietatez jatearen bidea hartzea, ez zedin genero marka bat besterik izan. Uste dut emozio asko kudeatzen ditugula elikaduraren bitartez bakoitzak ahal duen moduan, eta argazki esanguratsu bat izan zen.

Poz kolektibo bat gailendu zen ondoren.

Momentu oso zoro eta oso eder bezala gogoratzen dut, argazki bat betiko iltzatuta geratuko dena, ekipo horren argazki hori. Ordura arte negarrari eusten egon nintzen eta Aissa esan zutenean jada ezin nion emozioari eutsi, Josunerekin ere berdina sentituko nukeen. Ze ondo hain saio ona egin dugula eta eztabaidaezina dela emaitza hau.

Aldatu da finaleko argazkia.

Bizkai barruko lurraldetasunean, generoan.. prisma horiei beti begiratzen diegu eta nik sentsazioa dut lan asko egin dela gai hauetako bakoitza sendotzeko, eta azkenean, zorionez, islatu egiten direla horrelako emaitzak. Argazki hau guganaino iritsi da aurretik beste batzuek, eta tartean Onintzak berak, bere belaunaldiak eta aurrekoek, askoz horma gogorragoen kontra tope egin izanagatik, baina hor eutsi izanagatik halere. Horregatik heldu gara gu honaino.

Zoragarria da argazki hau, eta aurrerantzean ere aldatzen jarraituko du beste zentzu batzuetan, eta agian ez ditugu aldaketak aipatu behar izango. Baina nik uste dut beti aipatu beharko ditugula, beti faltako direlako gorputzak, diskurtsoak… euskalgintzari falta zaizkion eta irabazi behar dituen lur horiek denak irabazi behar dituelako bertsolaritzak ere.

Bertsozalea gogotsu dago?

Nik hala pertzibitzen dut. Urtero sentitzen dugu, nik uste dut bertsozaleak beti erantzuten diola ondo txapelketari, eta ni pertsonalki horrek lotzen nau txapelketara. Txapelketa bestela maila pertsonalean oso exijentea da buruz eta osasunez, eta nolabait konpromisoa da bertsozaleari urtean behin espektakulu masibo eta eder bat eskaintzearena, eta poz horren parte izatearen gogoak lotzen nau ni behintzat. Urtero sartzen diren izen berriek ekartzen dute beren publikoa, ekartzen dituzte bere diskurtsoa, giroa eta gaiak hartzeko modua; beti da berria eta beti da harrigarria. Gero plazaz plaza ere bada, baina txapelketa beti da argazkirik handiena eta hor sortzen diren emozioak ere biderkatuta sentitzen dira.

Larunbaterako helbururik?

Gogoz nahiko nuke hor egon, bertso oro egon nahi dut bertso horiek kantatzen dituen gorputzean sartuta. Uste dut azken urteetan ikasi dudala kantatzen pilotu automatikoarekin batzuetan, eta hor ez duzu bertsoa berdin sentitzen eta ez da berdin iritsarazten, urduritasunarekin batzuetan oso erraza da pilotu automatikoa jartzea eta ez konektatzea bihotzez eta tripaz esaten ari zarenarekin. Nahiko nuke une oro hor egon, eta ahalko balitz berriro buruz burukoa jokatu, hori ere oso pozik egingo genuke. Eta ez nuke nahi ahal dela errazkerietan ibili, nahiz eta batzuetan ez dagoen beste erremediorik.