Maider IANTZI - Iraitz MATEO
Interview
OIHANA BARTRA ARENAS

«Ez nuen pentsatzen hain pozik egongo nintzenik finalean kantatzeko»

Bilbo, 1984. Hamar aldiz hartu du parte Bizkaiko Txapelketan, lehenengoz 2014an kantatu zuen finalean, bigarren finala du gaurkoa.

Miribillako plaza ez da berria zuretzat. Zer moduzkoa izango da itzulera?

Oso pozik eta gogotsu nago finalerako, txapelketa hasiera pixka bat errezeloz hartu nuen, baina pixkanaka eman diot buelta gorputzaldiari eta orain gogotsu nago. Uste dut nahiko desberdina izango dela, aurreko finaletik jada ia hamar urte dira eta uste dut final honi beste modu batean egingo diodala aurre.

Orain arteko ibilbidean nola sentitu zara?

Laurdenetan asko sufritu nuen, asko-asko, saioan bertan nire buruarekin elkarrizketa itsusiak izan nituen. Aldiz, finalaurrekoan pila bat disfrutatu nuen, sekulako giroa egon zen, oholtzan oso talde polita geunden… Oso bestelako sentsazioa izan nuen Lemoan, gusturago eta aldarte hobearekin egon nintzen.

Nolakoa izan da prestaketa?

Aurten txapelketa bizi izan dut txapelketatik urrun, ez naiz saio batean ere egon, ez dut jarraitu. Nire burua txapelketaren beldurretik babestu nahian bezala egon naiz, sentitzen nuelako beldur moduko batekin nindoala txapelketara; agian horregatik lehenengo saioko sentsazio hori: berriro hemen, eta berriro sufritzen… Nire helburua aurtengoan ahalik eta gutxien eragitea zen, eta babesten eta distantzia hartzen aritu naiz horretarako. Beste batzuetan izan dudan aurretiazko sufrimendu hori gutxitu nahi nuen, eta pixka bat lortu dut: nahiz eta laurdenetan saioan sufritu nuen, aurreko asteak hobeto eraman ditut distantzia horri esker.

Posible da urruntzea?

Gero eta zailagoa da. Pixkanaka bola handitzen doa eta leku gehiagotan dago presente, jendeak ere galdetzen dizu... Zaila da distantzia hori hartzea.

Lemoako saioan gai sozialak eta Euskal Herrian lekututakoak izan ziren nagusi. Garrantzitsua da?

Niretzat hori da garrantzitsuena, gauza askori kantatu ahal diegu, baina niretzat behintzat bertsotan aritzearen funts handienetakoa gure kezkei kantatzea da, eta hausnarketa kolektibo batzuk egitea batzuetan oholtza gainean.

Azken finalaurrekoa zen, nolako plaza izan zen?

Gozada bat izan zen, sartu eta pasilloa egin eta oholtzara igotzerakoan sumatzen zen halako giro bat, sekulako animoak, aurpegi ezagun pila bat… Haizea alde nabaritu genuen hasieratik, eta batzuetan zaila izaten da sortzen diren espektatibei erantzutea;. Beti ez da horrela izaten, baina nik uste dut bertsotan ere asmatzen joan ginela pixkanaka eta giro horrek ere lagundu zuela saioa hobetzen, denon arteko zerbait izan zen, oso polita.

Finalean argazki berri bat, historikoa, gainera.

Oso pozgarria izan da, lehenengo aldiz emakume gehiago egongo gara oholtzan eta niretzako kantatzeko ere kristoren gozada izango da saioa, zortzikote ederra izango da. Lehenengoz horrelako argazki bat egotea oso inportantea da, eta oso polita aldi berean.

Etxean kantatuko duzu. Zer ematen dio Bilbori finala bertan egiteak?

Niretzat garrantzitsua da Bilbon izatea, beste momentu batzuetan bertso munduan hain presentzia handia ez daukan gune horretan egiteak ematen dio sinbolismo bat. Horrelako ekitaldi garrantzitsu bat euskaraz eta horrenbeste jende batuko duena Bilbora ekartzea inportantea da.

Zein aldarterekin igo nahiko zenuke oholtzara?

Momentuz daukadan sentimendua poza da, poz handia daukat, ez nuen pentsatzen hain pozik egongo nintzenik hemen kantatzeko. Poz hori hara eramatea eta han sentitzea nahiko nuke. Jendeak esaten didanean txapelketan “disfrutatu”, beti esaten diet ezetz, baina oraingoan banoa gozatzera, eta saio on bat egitera, noski, grina horrekin ere banoa. Momentuz poza da dudan sentimendurik handiena.