Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna
3 BEGIRADA:

Harreman neoliberalak

Bestearen minean inplikazioa dugu, eragin egiten diogu elkarri.
Bestearen minean inplikazioa dugu, eragin egiten diogu elkarri. (GETTY IMAGES)

Ni, ni eta gero, ni. Bada korronte bat «moderno» eta «aurrerakoien» ahotan asko entzuten dena. Ideia multzo, korronte, filosofia, ideologia (ez dakit nola deitu)... honen ezaugarririk nagusiena zera da: nire behar eta nahiak asetzeko eskubidea dut eta hori da nire eginkizun nagusi eta garrantzitsuena. Uste dugu, ni-tik hitz egitean ez dugula inor epaitzen eta zilegitasun guztia dugula gure nahiak, usteak eta iritziak eman eta adierazteko: «Ez hartu gaizki e, nik horrela sentitzen dut» esaten dugu. Uste dut arazo nahikotxo ditugula sentitu eta pentsatu artean dauden desberdintasunak ikusteko, baina hori beste gai bat da.

Niaren filosofia honek limite argi eta zurruna sortzen du ni eta zu-ren artean, erraz desberdindu daitezkeen entitateak izango balira bezala. Gainera, Zu Eta Ni izan beharrean, askotan Zu edo Ni bezala irakurtzen ditugu harremanak, nire interesak defendatzeko betebeharra dugula uste baitugu. Eta ez hori bakarrik, harremanetan Gu bat existitzen dela guztiz ukatzen dugu ideologia honetatik. Hiru izan beharrean (Ni, Zu eta Gu), bat gehi bat izatera mugatzen gara gehiegitan.

Merkatuan bezalaxe, norbere interesak, beharrak, nahiak asetzea da helburu nagusi eta bakarra. Erregulaziorik gabe baldin bada, hobe, eta besteengan duen eraginaren ardura guztiz alde batera utzita, noski. Nik uste badut zu nazkagarri bat zarela, esateko eskubide eta, zer demontre, betebeharra dut. «Ah, hori da pentsatzen dudana», «nire iritzia hori da», «iritzi guztiak errespetatu behar dira»... eta horrelako esaldien atzean ezkutatzen gara. Gure iritzi eta ekintzek besteengan eraginik ez balute bezala jokatzen dugu, eta gainera, eragina baldin badu eta min egiten badio, bestearen ardurapean erortzen da zauria: «Zerbait ukitu dizu esan dizudanak, lanketa egin beharko duzu». Uau, ederra tranpa, eta nire uste apalean, a ze biolentzia.

Gu-a krisian dagoela jakin badakigu. Gu garen heinean, mikrotik makrora, ardura dugu besteengan. Horrelako sinplea da. Ezin dugu nahi duguna esan eta egin, «nire iritzia da»-ren izenean, eta ondoriorik ez jaso nahi izan. Hori tranpa da. Nahi duguna esan, bestearengan mina eragin dugula ikusi eta «zure ardura da» esatea tranpa da.

Bestearen minean inplikazioa dugu, eragin egiten diogu elkarri. Horrek ez gaitu arduradun bakarrak bihurtzen, ezta gutxiago ere. Polo batetik bestera pasatzen gara erraztasun gehiegirekin; zure zoriontasunaren arduradun izatetik, zure minaren indiferentziara. Arlo askotan bezalaxe, kontua ez da zu edo ni-ren artean aukeratzea. Ez da zer den ona edo txarra. Zu eta Ni gara, onak eta txarrak, ausartak eta beldurtiak... denetarik. Gainera, harremanek badute ezaugarri berezi bat; zu, ni eta Gu garela.

Gu-a elikatzeko gonbidapena luzatu nahi dizuet. Harremana bere osotasunean ikusi eta zaintzera, goxatzera, begiratzera. Gu izateak ez nau neure burua sakrifikatzera eramaten, bestea ere hor dagoela kontuan hartzera baizik. Ardura hartzeak ez digu askatasuna kentzen, bestearen askatasuna zaintzera eramaten gaitu. •