Maider IANTZI - Iraitz MATEO
Interview
Aissa Intxausti Aburruza

«Jendea asko poztu da nigatik, eta horrek emozionatzen nau»

Lekeitio, 1996. 2016an parte hartu zuen lehenbizikoz txapelketan. Aurten, finala probatuko du.

Finalista «sorpresa» izan zara. Zu ere harrituta?

Santurtziko puntuazioak ikustean, aukera txiki bat ikusi nuen. Barruan nintzela jakitean, “ai ama!” izan zen lehenengo erreakzioa. Ikara, poza, publikoa bero-bero, nire inguruko denak negarrez, ni baino emozionatuago.

Nola joan zen finalaurrekoa?

Orokorrean saioarekin pozik geratu nintzen, bereziki zortziko txikiagaz eta hamarreko txikiagaz. Ondoan Josune Aramendi betitik bertso eskolako kide izandakoa nuen, elkarrekin ibili gara entrenatzen. Beste kideak ere oso lagunak tokatu ziren. Kartel ideala zen pertsonalki, eta gainez ez egitea nuen erronka. Sarrerak agortuta zeuden eta ikaraz joan nintzen, kontzentratuta kantatzeko asmoz. Puntuak entzun aurretik, Josuneri esan nion: «Saioan egon naiz eta disfrutatu dut, pozik nago».

Josune Aramendi, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Ibai Amillategi, Oihana Bartra eta zu, etxekoak, batera entrenatzen ibiliak tokatu zineten.

Agur kolektiboa ere planteatu genuen [barrez]. Lagunartean baina txapelketan gaude, esaten nion nire buruari. Nahikoa mentalizatu nintzen, bertsoz bertso nirea egiten saiatuz. Banekien babestuko nindutela, kide oso onak dira eta horrek laguntzen du saio ona egiten eta kontzentratzen.

Zure estiloa erakutsi zenuen. Hizketan sartzen diren elementuak sartu zenituen: «Dena OK, ojo...».

Zalantza egin nuen, baina “sartu egingo dut” erabaki nuen; gazteon hizkera aldatzen doan heinean, bertsokera ere bai.

Azaroaren 25a zen, bost emakume lehenengoz finalaurreko batean. Finalean ere bost izango zarete.

Horren parte izateak ilusioa egiten dit. Onintza oso emozionatuta dago horregaz. Bederatzi final daramatza eta negar batean ikusten nuen. Bera entzuten, momentuan konturatu nintzen horren garrantziaz. 10 urte neuzkala nire irakaslea izan zen eta Miribillako oholtza beragaz konpartitzea oso polita izango da. Jendea pozik ikusteaz ere hunkitzen naiz. Mezu pila bat jaso ditut. Jendea asko poztu da nigatik, eta horrek emozionatzen nau.

Zer iruditu zaizu txapelketa?

Polita orokorrean, eta gaiak bereziki onak. Gai-jartzaile taldeak kristoren lana egiten du, asko zainduz. Oso lan gaitza da eta oso eskertuta nago eurei. Sarrera salmenta ere oso ondo joan da eta publikoa oso esker onekoa izan da. Ia saio denak ikusten joan naiz eta gozatzen ari naiz urduritasun puntu horretaz. Kideekin batzen gara, hainbat bertso eskolarekin. Afariak eta ‘kedadak’ egiten ditugu, bestela egingo ez genituzkeenak.

Zein helburu dituzu finalari begira?

Finalak ez egitea gainez, “ai ama 4.000 pertsona!”. Agian behin izango da bizitzan, eta behintzat disfrutatu ahal izatea desio dut. Nahi dudana kantatu ahal dut, jende pila izango dugu entzuten eta animatzen. Bertan, oholtzan egotea, hori nahi dut. Kristoren erantzukizuna da hainbeste jenderen aurrean mikroan jartzea. Gogoa dut disfrutatzeko, nahiko nuke ez egotea pasatuta. Lehen finaletan deskolokatuta ikusi ditut kide batzuk, urduri egon naiz lagunengatik, eta ez nuke nahi hori pasatzea. Lehen txapelketan baino askoz lasaiago ari naiz eramaten; konfiantza puntua irabazi dut eta hori izan da klabea. Orain arte ez diot nire buruari ipini helburu bat, inoiz ez dut eduki lehiakortasun puntu hau, gai izango nintzenik ere ez dut sinetsi, baina aurten ariketa hori egin dut: «Aissa, harrotu, la puta ama zara», nire buruari sinetsarazi diot ahal dudala. Ahal dudana baino helburu handiagoa ipini dut. Orain arte beti ikaraz joan naiz: «Ea ez dudan erridikulurik egiten». Aurten nahiago dut ondo egin.

Bertsolariak gainbaloratuta daudela idatzi duzu «Bertsolari» aldizkarian.

Neska, txikia, ilehoria, aurreiritziz pixka bat tuntuntzat hartua izan nintekeen, baina mikro bat eta oholtza bat jarri eta jendeak jakintza bat aitortzen digu. Ez du zertan; denak ez gara Amets eta Maialen. Bakarkakoetan espero da txapelketan diskurtsiboki maila bat, eta nik ironikoki idatzi nuen ‘Bertsolari’-n: trankil, ez dugu jakin behar dena egiten.

Onintzak kontatu dit bertsotarako grina berezia sumatzen zizula txikitan.

Umetan ondokoari bertsoak egiten nizkion. DBHn Markinara joan nintzen, Nerea, Josune eta Xabat [Galletebeitia] ezagutu nituen, eta motibatuta ibili nintzen. Gero egia da unibertsitatera arte ez duela izan presentzia handirik bertsoak nire bizitzan. Unibertsitate garaian bertsoagaz lotutako beste mundu bat, askoz informalagoa, ezagutu nuen, bertso poteoak, ostegunak, militantziagaz lotuta, eta txapelketak sarrarazi ninduen bertsolaritzara 2016an. Bertsozale Elkartean hasi nintzen ordezkapenak egiten. Bertso irakasle ere aritu naiz, eta orain elkarteko zuzendaritzan nago. Batzuetan ‘frikitzen’ naiz. Faseka doa, baina beti dago hor.