Maider IANTZI - Iraitz MATEO
Interview
JONE URIA ALBIZURI

«‘Terrenal’ baina ideologikotik kantatu nahi nuke, gogoz nago gauzak esateko»

Algorta, 1990. 2008an parte hartu zuen lehen aldiz Bizkaiko Txapelketan, eta zazpigarren finala du. Azkenekoan, buruz burukoa jokatu zuen.

2021ean Bizkaiko Txapelketa, iaz Nagusia eta berriro Bizkaikoa, zer moduz daramazu txapelketen kateatze hau?

Lau urtero, hirutan txapelketa tokatzen zaigu Euskal Herrikoan sartzen garen bizkaitarroi behintzat, hau zikloko hirugarrena da, eta beti iristen gara apur bat nekatuago, txapelketan esposizio handiagoa jasanda ez zara hain fresko heltzen, baina aldi berean ‘rodaje’ handiagoarekin, ez zaitu hain sorpresan harrapatzen. Nire ziklo pertsonalean, duela bi urte Bizkaikoan oso pozik bukatu nuen, Euskal Herrikoan ez hainbeste, lanarekin gustura baina emaitzarekin ez hain pozik, eta bi horien memoriarekin harrapatzen nau honek.

Prestakuntza berezirik egin duzu?

Modu bereziren batean ez dudala prestatu esango nuke, azkenean astean pare bat aldiz elkartzen gara bertso eskolakoak, eta han entrenatu eta hortik kanpo buruak eramaten nauen lekuetara eramanda entrenatzen ari naiz, ez naiz beste munduko ezer egiten ari.

Santurtzin jokatutako finalaurreko hasierako agurrean, ebakuntza gela eta zesarea aipatu zenituen. Eragin dizu amatasunak?

Bizitzan gertatzen zaigun guztiak eragiten digu kanturako, ez nuke nahi gaizki aritzen banaiz aitzakia bat izatea. Bada jendea haurdunaldian edo erditze ostean memoriak ezberdin funtzionatzen diona edo kontzentratzea gehiago kostatzen zaiona, ez da nire kasua. Egia esan, gustura ari naiz bertso eskolan eta egin ditudan plazetan ez dut sentitu horrek burua beste norabait eraman didanik. Esperientziak eta esperientziak daude, erditzea erraza izan ez zen bezala, ostekoa nahiko erraz joan dela esango nuke, eta zentzu horretan niri ez dit suposatu ez fisikoki ez mentalki desgaste handi bat, beste kasu batzuetan suposatu dezakeena. Gustura ari naiz eta ez dit eragiten modu nabarmen batean, ez bada esperientzia metatutik.

Finalaurrekoa koska handi samarrarekin irabazi zenuen.

Saioan bertan eroso eta gustura aritu nintzen, zentzu horretan lasai eta pozik noa finalera nahiko nukeelako gorputzaldi horrekin berriz topo egin. Emaitzarekin agian ez nago hain ohituta, nik puntu sail handia izan nuen eta gero tarte handia egon zen. Batzuetan tarte oso handiak iruditzen zaizkigu 50-60 puntukoak, ohituta gaudelako dena 10 puntu baino gutxiagoan jokatzen, eta harrigarrienak 10 puntuko aldeak dira, enpate praktikoak direlako. Bertsoz bertso eta epailez epaile hasten bazara pentsatzen, 10 puntu ez dira ezer eta 50 ere ez dira horrenbeste, baina asko iruditzen zaigu. Hala ere, ez nuen horrelako alderik espero.

Buruz burukoa berriro dastatzeko gogoz?

Bai, noski. Inoiz probatu gabe nengoenean ere gogoa nuen buruz burukorako, nik uste dut hara goazen gehienok, ez bada denok buruz burukoan kantatzeko gogo handia izaten dugula. Nik jada probatuta dut eta gezurrik ez dut esango, berriro ere probatuko nuke, oso oroitzapen ona daukat eta horretarako motiboak ematen saiatuko naiz. Kontziente naiz, zaila izango da; orain arte ere kostatu zait sartzea, hortxe egon izan naiz urte batzuetan.

Zortzikoteari dagokionez, bost emakume eta erdal eremuko bi bertsolari.

Asko aipatu da bost emakumerena, uste dut lehenengo aldia dela historian emakume gehiago garena; gehituko nuke aurten gertatu dela baina nik sentsazioa dudala pasatu zitekeela lehenago ere. Poztekoa da behingoz gertatu izana. Finalean erdia baino gehiago garen bezala, finalaurrekoetan herena ginen, ematen du finalak dena konpontzen duela, baina finalaurrekoetan zazpi emakume ginen eta bost pasa gara finalera, horrek zerbait esaten du. Bestalde, nik askotan aipatzen dut erdal guneetako bertsolarion kontua, hartzen badituzu finalak edo plazan dabilen jendea, nahiz eta zazpi probintzia aldarrikatzen ditugun, geografikoki asko murrizten da. Pozten naiz Oihana sartu delako, bereziki euskaldun eta arnasgune ez diren lekuetako bi bertsolari gaudelako; hala ere, zortzitik bi ez da asko. Eta hor ere gauza bera, finalerdietan hiru geunden eta bi pasatu gara.

Zertarako gogoz zaude?

Gustatuko litzaidake lasai kantatzea eta lasai heltzea esateko modu ezberdin edo originalei. Kasu honetan bakarkakoak konkretuak izaten dira normalean, eta ez da egoten aukerarik norberak nahi duen gai bat plazaratzeko; hala ere, jardun nahi dut apur bat ‘terrenal’ baina ideologikotik kantatzen. Ez dadila izan estetika hutseko bertsoaldiak kantatzeko saio bat, batzuetan sentsazio hori izaten dut txapelketan. Gogoz nago gauzak esateko, ea aukerarik dudan.