DEC. 23 2023 IKUSMIRA 668 egun eta gau Ukrainan (Anatoli STEPANOV | AFP) Amagoia Mujika Gerrak 668 egun eta gau bete ditu Ukrainan. Gauek misil eta droneen zarata daukate, hotza iluna da eta ez dauka elektrizitaterik. Misilak milaka kontatzen dira, puntako teknologiaz ari dira arma egileak, eta politikariek gerra irabazitako eta galdutako lur eremutan neurtzen dute. Badirudi ukrainarren kemena makaltzen ari dela eta errusiarrak aparretan daudela, hori diote gerra kronikek. Baina gerra kroniketan kontatzen ez dena da gerra bat hurrengoak mututzen duela. Gerra lehertzen denean herritar denak lehertzen dira, gertukoak eta urrutikoak, eta bizitzak zartatzen dira bidean. Baina laster, gerra ez zaigu kabitzen egunerokoan. Irudian, Ukrainako Odesan aste honetan jasotako unea. Gauez etengabe gertatzen dira leherketak, eta eguna argitzen ikustea gero eta zailagoa da bertakoentzat. Bai, Ukrainan gerran daude oraindik, eta amaren magalak munduko toki seguruena izaten jarraitzen du.