GAUR8 - mila leiho zabalik
{ KOADERNOA }

Bertsotan edo politikan, emakumeak lehen lerroan


Lehendakarigai emakumerik ez dugunez izango, errepresentazioaren eta boterearen inguruan idatzi nahi nuen. Madrilen, Isabel Diaz Ayusok argi utzi digu trans legeari eginiko eraso instituzional ezberdinekin, emakumeak politikan egoteak ez duela zuzenean inplikatzen politikak feministak izatea, baina politikan emakumerik ez egoteak patriarkatu kirats nazkagarri bat adierazten duela ukaezina da.

Errepresentazio politikak garrantzitsuak dira, emakumeak eta arrazializatuak lehen lerroan egotea garrantzitsua da, ez aniztasunaren irudikapen hutsala egiteagatik, botere banaketa antipatriarkal eta antikolonial bat praktikatzeko beharrezkoa delako baizik. Hau ulertzeko, eskuinean eta ezkerrean ohikoa den dikotomia liberal bat kritikatu beharra dago, errekonozimendu- edo identitate-politiken eta birbanaketa-politiken arteko dikotomia. Jule Goikoetxeak bereizketa hori kritikatzen du “Feminismo marxistaren 13 tesiak” bideoan; bertan azaltzen dena da nola Nancy Fraserrek Judith Butlerrekin izandako eztabaidan talde zapalduak bitan bereizten dituen, alde batetik, langile klasea, talde ekonomikoa dena, eta bestetik, arrazializatuak, emakumeak, transmaribolloak edo aniztasun funtzionaldunak talde kulturalak direnak. Lehen taldean, langile klasean, helburua klasearekin berarekin bukatzea izango litzateke, burgesek langileekiko duten zapalkuntza harremana ezabatuz. Bigarrenean, ordea, helburua ez da horrenbeste talde sozial horien identitatea ezabatzea, baizik eta dikotomia horiek mantentzea (arrazializatu/zuri, emakume/gizon, hetero/transbollomarika, gaitu/ezgaitu), ezberdintasun horien artean zapaldua izan den taldearen errekonozimendua lehen lerroan jarriz.

«Errekonozimendua vs. Birbanaketa» markoak esentzialismoa indartzen du, badirudi nolabait arrazializatuak eta emakumeak ez direla eraikiak, ez direla klase ekonomikoak, baizik eta ospatu eta bisibilizatu beharreko ezberdintasun naturalak direla. Transfeministok argi dugu hau ez dela horrela, menderatze forma anitzek (esplotazioak, zapalkuntzak, subordinazioak) egiten gaituztela emakume edo beltz, ez gure azalak edo gure aluak. Eta esplotatuta, zapalduta eta subordinatuta gaudelako gara emakumeak eta beltzak, ez alderantziz. Zapalkuntzen bukatzeak emakumeen eta beltzen bukaera ekarriko du, gure identitatea zapalkuntzaren ondorioa delako.

Gai hauen inguruan sakonago idaztea nuen buruan, baina asteburuan Bizkaiko Bertso Finalean bizitakoak hunkitu nauenez, Aissa Intxaustik hitz gutxirekin esandakoari ezer gehitu gabe («ez ditut nahi famili politdun lehendakarigai gizonak»), Miribillan ikusitakoaz arituko naiz hurrengo lerroetan. Ez delako kasualitatea gauza hain politak emakumeak errepresentazio eta botere lekuetan daudenean bakarrik gertatzea.

Hasteko, esan beharra daukat nik ez dakidala ezer bertsoez, baina feminismoak Euskal Herrian nahitaez egiten duenez bertsolaritzarekin topo, bidegurutze horretan zale egin nintzen.

Nerea Ibarzabalek ganbarako ariketan laguntasunari abestu zion, bizitza osoa patriarkatuaren azpian egon diren bi emakumeren arteko laguntasuna goraipatuz eta adiskidetasun horrek duen potentzial feministari lekua eskainiz. Txapela beretzat, eta nire partetik, zorionak! Jone Uriak ere saio ederra eskaini zigun, sektore publikoak beharrezko duen grebara deitu eta bakarkakoan (hain maskulinizatuta dagoen) matematikari abestuz. Aitortu behar dut nire ikuspegi bolleroak espero zuena bakarkakoa amatasunaren inguruan egitea zela, ohikoa baita emakumeetan amatasunaren, hau da, lan ez ordaindu familiarizatuaren idealizazioa. Sorpresa handia eraman nuen benetan, eta ilusio hori oraindik azalean dudala, bertsozale askori entzundako hitzak nire egin nahi ditut: «Bizkaiak txapel bat zor dio Joneri». Oihana Bartrak puritanismoaren aurrean jarri zuen pornografia feminista, AHTaren aurkako ardura kolektiboa aldarrikatu eta gizarte farmakologikoaren egunerokoa ikusaraziz.

Bukaerako lerroak Aissarentzat eta Onintzarentzat dira, komentatu ditzaket Onintzaren umorea egiteko gaitasuna eta beti erakusten duen handitasuna edo Aissaren agurren edertasuna, baina bertsoak albo batera utzi eta titietan zentratuko naiz; azken lerroak oholtza gainean ikusi ditugun titi bakar eta liluragarrientzat. Emakumeek haien gorputza erakusten dutenean onarpen maskulinotik at, normalean indarkeria jasotzen dute; Miribillan, ordea, txalo zaparrada. Aissaren titi ausarta, umoretik eta indarrez bertso-munduaren zurruntasunari aurre egiten, eta Onintzaren erantzuna Aissak egindakoa ahizpatasunez babestu eta legitimatzen.

Titi horiek ezingo lirateke oholtzan egon feminismoak ez balu Euskal Herria eraldatu, titi horiek ez dira posible izan aurretik izan ditugun txapelketa guztietan eta hau ezinezkoa litzateke orain arte ikusi ditugun gizonez betetako oholtzetan. Feminismoa gizon eta emakume klaseekin bukatu eta dena eraldatzera dator, baina bertsolari feministak 10 urte aurrerago doaz; politikariak, ordea… •