GAUR8
MIGRATZAILEEN KRISIA AMERIKAN

Etorkinen errekorra gainditu du 2023an Amerikak, nahiz eta gero eta oztopo gehiagori aurre egin behar dioten

Amerikan, migratzaileen errekorra gainditu dute 2023. urtean. Kontinenteko mugak zeharkatzeko, arrisku ugariri aurre egiten diote milaka lagunek. Oztopoek ere gora egin dute eta bidean dauden horiek estatuetako mugetan trabatuta gelditzen dira aurrera egiteko aukeraren zain.

Mexikoren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko muga zeharkatu ondoren atxiloturiko migratzaileak.
Mexikoren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko muga zeharkatu ondoren atxiloturiko migratzaileak. (Valerie MACON AFP)

Aurrekaririk gabeko migratzaileen krisia bizi du Amerikak. Iparralderako bidean estortsioari, bortxaketei eta lapurretei aurre egin behar dieten ehunka mila migratzailek ziurgabetasunarekin topo egiten dute Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldeko mugara iristen direnean. Helmugara iritsiko ote diren ez dakite, eta gero eta traba gehiago izateak bertan geldiarazten ditu.

Hego Amerikan, migrazio ibilbide guztiak Dariengo oihanetik igarotzen dira, Kolonbia eta Panama arteko muga naturaletik. Zeharkaldia Uraba golkoan hasten da, Kolonbiako ipar-mendebaldean. Historikoki talde armatuek kontrolatu dute eremu hori eta Kolonbiako Estatuaren presentzia ia ez da existitzen.

«Muga porotsua izan da, legerik gabeko eremu moduko bat, non trafiko mota desberdinak egon diren: lehen armak mugitzen ziren Darienen, gero kokaina-klorihidratoa, eta berriki migratzaileen trafikoaren “booma” ikusten ari gara, Venezuelako krisi sakonarekin indarra hartzen hasi dena», azaldu dio Efe-ri Luis Fernando Trejosek, Universidad del Norte unibertsitateko irakasleak.

Etorkinak gora

Oihan menditsu horretan migrazioa ez da berria, baina 2019az geroztik asko indartu da, hainbat marka ezarrita eta 2023an 500.000 migratzaile erregistratzeraino, Panamako agintariek emandako datuen arabera.

Dariengo oihana, kasu askotan, amesgaiztoa da egunero zeharkatzen duten ehunka migratzaileentzat. Animalia basatien erasoen, ibaien bat-bateko hazkundeen, sexu-bortxaketen edo daukaten apurra kentzen dieten kriminalen erasoen biktima izaten dira.

Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen (OIM) Migratzaile Desagertuen Proiektuak 42 heriotza edo desagerpenaren berri eman du Darienen abenduaren hasierara arte, baina beste datu batzuk handiagoak dira. Iaz 141 izan zen kopurua.

«Ia ito egin nintzen, jende askok ez baitzekien igeri egiten, eta askori laguntzen saiatu nintzen. Ez nuen inor hiltzea nahi», esan dio Efe-ri Daniel Cruz venezuelarrak Lajas Blancan, migratzaileak artatzen dituzten migrazio estazioetako batean.

Panamako agintariek eta nazioarteko hamar bat erakundek osasun laguntza eta elikadura eskaintzen dizkiete bidaiariei zentro horietan, Estatuarentzat, gutxienez, 70 milioi dolarreko kostua duen kontinenteko operatiko bakanetakoan.

Autobus zerbitzuak ere antolatzen dituzte, migratzaileek eurek ordainduta, iparralderantz jarrai dezaten eta Panamako lurraldean geldi ez daitezen. Erdialdeko Amerikako beste herrialde batzuek ere neurri bera hartu dute.

Honduras migratzaileen herrialdea da, baina baita urrutitik etorritakoek beste helmuga batera iristeko erabiltzen duten pasabidea ere. Egunero 500 nazionaletik gora ausartzen dira “amets amerikarraren” bila, eta aurten milioi erdi migratzailek zeharkatu dute; gehienak, venezuelarrak, baina baita ekuadortarrak, haitiarrak edo Afrikako eta Asiako herritarrak ere.

Askok maiz arazo berari aurre egin behar izaten diote: aurrera egiten jarraitzeko diru faltari. Hori dela eta, asteak edo hilabeteak igarotzen dituzte pasabidea izan beharko litzatekeen herrialde horretan, behar adina diru biltzen duten bitartean -45 dolar inguru, buruko, Hondurasen kasuan, Guatemalako mugaraino joateko garraioa ordaintzeko-.

Azken muga

Azken muga Mexikoko iparraldean dago. Milaka migratzaile hartzen ditu egunero, eta kanpaldia egiten dute AEBetan sartzeko aukeraren zain. Ciudad Juarez exodo horren puntu neuralgikoetako bat bihurtu da, migrazio fluxuak eta udal zerbitzuak gainezka eginda.

Migratzailearen Etxeko zuzendari Francisco Bueno Guillen apaizak adierazi duenez, migrazioaren errekorra izan da aurten.

«Estimazio bat eginez, uste dut 100.000 edo 105.000 pertsona baino gehiago iritsi direla guregana aurten muga zeharkatzeko», esan dio Ciudad Juarezeko apaizak Efe-ri, eta ohartarazi du datozen urteetan kopuru hori antzeko mailan mantenduko dela.

Etsituta, migratzaileek gero eta konfiantza gutxiago dute prozesu erragularren bitartez AEBetan sartzeko.

Maiatzean iritsi ziren askok oraindik ere ez dute hitzordurik lortu CBP One aplikazioaren bidez. Aplikazio horrek AEBetan sartzeko migrazio prozesu formala eskaintzen du. Blokeoak areagotu egin du krisia.

AEBetako polizia Mexikoko mugan patruilatzen, Arizonan. (Valerie MACON / AFP)

Ameriketako Estatu Batuak migrazio fluxua geldiarazten saiatu dira, baina ez dute lortu. Maiatzean 42. titulua indargabetu ondoren -agiririk gabeko migratzaileak asiloa eskatzeko aukera gabe berehala kanporatzea ahalbidetzen zuen neurri polemikoa-, Joe Bidenen Gobernuak mugaren aferari buruzko bere ikuspegia ezartzeko aukera izan zuen.

Bidenen Gobernuak asilo eskubidea murriztu eta CBP One aplikazioaren bitartez bideratu zuen, muga modu irregularrean zeharkatzen dutenak berehala deportatzeko mehatxua egin zuen, eta atzerri politikako estrategia bati ekin zion eskualdeko herrialde batzuek, hala nola Kolonbiak, Panamak eta Mexikok, migratzaileen mugimendurako tapoi lana egin zezaten.

Hala eta guztiz ere, errealitatea nagusitu da. AEBek ez dute “amets amerikarraren” bila dabiltzan pertsona guztiak deportatzeko edo atxilotzeko «gaitasun instituzionalik edo baliabiderik», azaldu dio Ariel Ruiz Washingtonen egoitza duen Migration Policicy Instituteko analistak Efe agentziari.

Horren adibide da, hain zuzen ere, Caracaserako deportazio hegaldiei berriro ekin izana. Izan ere, hegaldi horiek garrantzitsuak diren arren, ez dute inola ere “eskaria” asetzen: astean hegaldi bat edo bi egiten dituzte 170 lagunek, eta hilean, batez beste, 20.000 venezuelar baino gehiago atxilotzen dituzte mugan.

Mugako neurriekin batera, eta lurreko bidaia bertan behera uzteko helburuarekin, Washingtonek “legezko bideak” sustatu ditu AEBetara heltzeko. Garrantzitsuena Kuba, Nikaragua, Venezuela eta Haitiko herritarrentzako “baimen humanitarioa” da, zeinaren bidez lau herrialde horietatik 260.000 migratzaile baino gehiago sartu diren, aurten, AEBetara, Aduanen eta Mugako Babesaren Bulegoak (CBP) emandako datuen arabera.

Beste herrialde batzuekiko eta Acnur-ekiko aliantzan, AEBek “mugikortasun segurua” ekimena ere abiarazi dute, migratzaileak errefuxiatuen programara bideratzeko asmoz.

Hala ere, plan horrek ez du aurrera egitea lortu, eta, azken datuen arabera, izena eman duten milaka pertsonen %10ek baino gutxiagok eskatu ahal izan dute babes hori.