GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ANALISIA }

Palestinarrek etxolarik ere ez

Palestinarrak Merkava tanke israeldar baten gainean. (Said KHATIB | AFP)

Urriak berea duen hego haizearekin, goiz-eguerdi lasaia zen Euskal Herrian. Mendian txango bat egiteko edo semearekin herriko frontoian palan aritzeko modukoa. Horretan geunden larunbat (zapatu) hartan, urriaren 7an.

Israelen Sabatha zen, asteko jaieguna, eguneroko gauza asko egitea debekatzen diena. Are gehiago, urteko Sukot jaia ospatzen ari ziren, Bibliak dioenez juduek Egiptotik ihes egin zutenean basamortuan babes bila ibili zirela gogoratuz (Kabinen Jaia).

Egun hartan, duela 50 urte (1973), Sukota ospatzen ari zela, Egiptoko eta Siriako Armaden erasoaldia pairatu zuen Israelek. Ezustean harrapatu zuten Armada israeldarra (Tsahal), eta galera handiak jasan zituen lehen egunetan. Baina erasoaldiari aurre egin zion Golda Meir orduko lehen ministroak (egun bere biopika zinematan dago) gerra irabazi zuen. Hala ere, kargutik bota zuten hanka-sartze militarraren erantzukizunagatik. Egiptok galdu zuen, Sinaiko Penintsula berreskuratzearen truke Israelekin bake-akordioa (diplomazian errendizioa) sinatu zuen arren.

Talde «terrorista»

Goizalde berdinean, baina mende erdi geroago, Palestinako erresistentziaren erakunde batek, talde «terrorista» batek, Israelen eta Mendebaldearen esanetan, munduko kontzentrazio eremurik handienaren eta kilometro batzuetan jendea gainezka duen eremuaren harresiak gainditu eta eraso egin zien mugaz bestaldeko kuartel militarrei, kibbutz-ei (antzinako landetxe kolektiboak), hiri eta herrixkei eta Gazatik lau kilometrotara milaka gazte ospatzen ari ziren makro-kontzertu party bati.

Harridura izugarria zen. Zer eta talde armatu bat, ez arabiar Armada bat, galtzontzilloak jaitsita zituen Israelgo Armadaren eta munduko zerbitzu sekreturik famatuenen (Mossad, Shin Bet...) aurpegian erasoka, non eta Israelen bertan, gainera.

Erasoaldian, eta ondorengo liskarretan, 1.200 israeldar hil ziren, tartean Ivan Illarramendi zarauztarra, bere emazte txiletarrarekin kibbutz batean bizi zena. Hamasek erasoan sarraskiak egin zituela onartu egin dute erakunde islamistaren bozeramaile batzuek erbestetik, kontrolik gabeko talde eta egoera batzuei egotziz.

Liskarretan israeldarrak ere hil zituela onartu du Israelgo Armadak.

Israelek Hamaseko Brigadek umeei burua moztu eta harrapatutako asko torturatu eta bizirik erre zituztela salatu zuen. Bortxaketa kolektiboak ere salatu dituzte kontzertutik ihes egin zutenek. Irudien faltan, egia ala gezurra, kontua da Hamasek 200 bahitu eraman zituela Gazara bueltan.

Benjamin Netanyahu eta bere gobernu-ultraeskuindarra sutan zeuden. Geroago aditzera eman denez, zerbitzu sekretuek duela urtebete ohartarazi zuten Hamasekoak operazio erraldoia prestatzen ari zirela. Netanyahuk kasurik egin ez, eta, Gaza «baketuta» zegoelakoan, soldaduak Zisjordaniara eraman zituen, gobernu kide dituen kolonoen alderdiak eskatuta, bertako palestinarren kontrako presioa areagotzeko, haienak diren lur eta etxeetatik alde egin zezaten.

Larunbata zen, jaieguna, baina lanari ekin genion. Eta argi genituen lehen ordutik hiru gauza. Erasoak Palestinaren drama ahaztua mahai gainean jarriko zuela, Netanyahuk ez zuela, ez duela, horrelako kolpe baten ostean, etorkizunik, eta hirugarrena, mendekua izugarria izango zela. Besteak beste, «Bibi» ezizenarekin ezaguna den agintaria politikoki hilda dagoelako eta agian kartzelan igaroko dituelako datozen urteak gerra amaitu eta egingo diren ikerketen ondoren.

Sarraski izugarria

Teoria asko daude, baita konspiratzaileak ere, Israelek pairatu duen irailaren 11 (Sabath Beltza bataiatu dute) azaltzeko. New Yorkeko dorre bikien suntsiketaren kasuan bezala, juduak daude beti atzean. 2001ean Al Qaedak hegazkin komertzialak bahitu eta arma gisa AEBetako sinboloen kontrako erasoaren aurretik juduak jakinean omen zeuden moduan, urriaren 7an Netanyahuk, eta Israelgo Estatu sakonak, utzi egin omen zioten Hamasi eraso egiten, gero Gazako eta Zisjordaniako garbiketa etnikoa justifikatzeko.

Errealitatea, ordea, askoz prosaikoagoa da, eta konspiratzaileak konturatu beharko lirateke Israel Bibliaren eta testu sakratuen irakurketa interesatuaren jardueratik oso gertu dagoela.

Gazaren aurkako bonbardaketa (Fadel SENNA / AFP)

Gauzak sinpleagoak dira, horrek larritasun izpirik ere kentzen ez dion arren. Okupaziopeko Palestinan hauteskundeak aise irabazi zituen Hamasek, Palestinako Aginte Nazionalak (PAN) onartu ez arren. Ondorioz, Gazan 2007. urtetik agintzen duen mugimendu islamiarrak dozena erdi liskar handi izan ditu ordutik hona Israelekin, azkena 2021ean.

Guztiak berdin amaitzen ziren. Palestinarren aire edo lur eraso txiki baten ondoren, Israelek Gazako Lerroa bonbardatzen zuen, ehunka hildako eraginez. 2014koa izan zen latzena.

Azken bi urteetan gauzak lasaiago ziruditen Gazan. Hamasek ez zion erasoari ekin 2022an. Bitartean, egoerak okerrera egiten zuen Zisjordanian. ANPko sasi-gobernuaren ospeak lur jota, gazteen erresistentzia mugimenduak sortu ahala (Balatako Lehoien Gordelekua kasu), Israelgo Armadaren errepresioa areagotu baitzen.

Gauzak ez zeuden hobeto eremu diplomatikoan. Gero eta gehiago ziren, AEBek bultzatuta, Israelekin harremanak normaltzen ari ziren erregimen arabiarrak (Emirerriak, Bahrain, Maroko...); Saudi Arabia, Meka eta Medina hiri sakratuak babesten dituen erreinua Israelekin bakea sinatzekotan zegoen.

Hamasek palestinarrak, sahararrak bezala, historian ahaztuak izateko arriskua ikusten zuen eta, gazatarrek (2 milioi pasa 360 kilometro karratutan) bizi duten itxaropen falta profitatuz, kolpea eman zuen.

Infernua

Orrialde hauek idazterakoan, hiru hilabete bete ditu Israelek Gaza airetik, itsasotik eta lurretik erasotzen. Hildakoak 20.000tik gora dira. Zaurituak 60.000 inguru dira, eta Lerroko etxebizitzen %60 hondakin hutsa da, azpian milaka gorpu lurperatuta daudelarik.

Israelek Gaza bi zatitan banatu eta iparraldeari eraso egin zion hiru frontetatik.

Qatarrek, Hamaseko “Anai Musulman” palestinarrekin harreman onak dituen emirerriak, astebeteko su etena lortu zuen. Palestinarrek 81 haur, gazte eta emakume israeldar askatu zituzten (21 thailandiar eta filipinar ahaztu gabe), Israelek preso zituen 240 emakume eta gazte preso palestinarren truke.

Soldadu israeldarrak eta palestinar ekintzaile militarrak trukatzeko ordua zen, baina Netanyahuk agortutzat eman zituen elkarrizketak eta Gazako hegoaldea erasotzeari ekin zion.

Su etenak joan edo su etenak etorri, Netanyahuk ohartarazi zuen Hamas lurretik desagerrarazi arte ez duela etsiko. Washingtonen konplizitatea eta laguntza militarra ditu alde, batzuetan AEBak Israelgo lobby-aren mende daudela dirudielarik. Europako Batasunaren ezintasuna ere baliatzen du, Alemania bezalako herrialdeek antisemitismoaren arloan duten kulpak palestinarren aurkako edozein sarraski justifikatzen duelako.

Gazako sarraskiak, beraz, iraungo du, era batean edo bestean. Israelek Kabinen Jaian (Sukot) pairatu zuen Hamasen erasoa. Kabina edo etxola batean babesteko eskubiderik ere ez dute gazatarrek. Basamortua edo itsasoa geratzen zaie.

Eta israeldarrek hori ulertzen ez duten bitartean -giza zentzuan, ez zentzu kognitibo-politikoan-, ekialde hurbilak infernu izaten jarraituko du. Noiz arte?