Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
{ ANALISIA }

#MeToo-ren pareko iraultza

Jenni Hermoso jokalariari babesa helarazteko manifestazioak egin ziren, Madrilen zein Mexikon -liga mexikarrean jokatzen baitu madrildarrak-. Irudia Madrilgo mobilizaziokoa da, abuztuaren 28koa.
Jenni Hermoso jokalariari babesa helarazteko manifestazioak egin ziren, Madrilen zein Mexikon -liga mexikarrean jokatzen baitu madrildarrak-. Irudia Madrilgo mobilizaziokoa da, abuztuaren 28koa. (Jesus HELLIN | EUROPA PRESS)

Zapore garratza nagusitu da azken asteotan, Lointek Gernikako entrenatzaile ohi baten gainean azaleratu den sexu jazarpeneko salaketa bat dela-eta; duela hogei urte izan zen, adin txikiko bati, modu jarraituan. Hotz utzi ninduen berriak, nazka sentitu nuen gero, eta ostean, klub barnean sortu zitezkeen buruhausteak izan ditut bueltaka, estamentu baten barnean isiltasun konplizeek egin lezaketen minean gogoa.

Gernikako sare feministak klubaren jarrera gaitzetsi du, teknikariaren bertsioari jarraiki, uneak eskatzen zuen neurririk ez duelako hartu, teknikari kargutik kirol arduradun izatera pasa zelako, alegia; tartean, klub, jokalari eta kolektibo feministako kideekin hainbat bilera egin eta zenbait ohartarazpen alboratu ostean. Momentuz, “mea culpa” intonatu du klubak, salaketaren dimentsioak eskatzen zuen neurririk hartu ez izanagatik.

Ezinbestean, abuztura joan zait pentsamendua, Luis Rubialesek Jenni Hermoso jokalariari eman zion muxura, hain zuzen ere. Eta jarraian, estamentu handiek nolako abilezia daukaten garrantzia duten auziak gutxiesteko. «Muxua besterik ez da», «euforia une bateko erreakzioa», «muxu lagunkoia da»... Zenbat eta zenbat mezu zentzugabe, emakumearen oldarraldia xumetzeko, emakumea «zorotzat» jo eta gizonen, estamentu handien, diskurtsoa gailentzeko gizartean.

Abuztuaren 20az geroztik, zalapartatsuak izan ziren egunak, asteak, hilabeteak... Iskanbila galanta sortu zen, sare sozialetan hasi eta jokalariek beren aldarrikapenean sendo mantentzeko. Zenbait hedabide espainiar ere nabarmen geratu ziren, muxuaren konparaketa hutsalak egiten, botere harremanen ageriko eragina erabat alboratuz.

Jokaera nardagarri hori mugarri bilakatu zitekeen zantzurik ez zen sumatzen, baina urtea bukatzen dagoen honetan, batek baino gehiagok eskerrak eman beharko lizkioke emakume talde honi, jazarpenaren aurrean gaitzespen irmoa erakusteagatik, taldekidea maila guztietan babesteagatik -honek kolektibotasunari ematen dion boterea hauspotuz- eta matxismo estrukturala hain modu agerikoan salatzeagatik. Izan ere, behin eta berriz errepikatu den bezala, Rubialesek Hermosori emandako muxua itzalean dagoen estruktura zaharkitu, matxista eta nardagarriaren erakusle txiki bat baino ez da.

Aldaketa

«Nire alabak etorkizunean jabetuko dira zer borrokatu zuten emakume hauek. Borrokatzen ari diren hori ona da futbolarentzat, baina baita gizartearentzat ere. Une honetan gertatzen ari den guztia lehen urratsa baino ezin da izan. Baina urrats garrantzitsua da. Munduko txapelketa irabazi dute, haien arrakastaz hitz egin beharko genuke. Baina batzuetan gauza txarretatik gauza onak atera daitezke, kausa zuzenaren alde borrokatzen bada. Jokalariak euren eskubideen alde borrokatzen ari dira, eta argi eta garbi bide onetik doaz». Xabi Alonsok prentsaurreko batean adierazitakoa da, bere zenbait kideren kontrara, tolosarra aho bizarrik gabe mintzatu zen.

Izan ere, Espainiako selekzioko emakume hauek -tartean, lehen lerroan, Irene Paredes legazpiarra, Gipuzkoako kirolari onenaren sariarekin aitortua urte bukaera honetan- gutxik egin zutena egitera ausartu ziren: Federazioko barne antolaketan aldaketak ematea, Rubialesen auziaren “boom”-a baliatuz, hilabeteetan aldarrikatzen ari ziren kontu horiek berriro mahai gainean jarrita. «Hamabost kapritxosa» izatetik, entzunak izatera pasatu ziren, Munduko txapeldunaren garaikurrak ematen duen bermearekin. Beste behin, irabazi egin behar, emakumeen diskurtsoa kontuan hartzeko. Jokalari batzuek Mundiala jokatzeari uko egin behar izan zioten, barne estrukturan exijitzen zituzten aldaketak ez zirelako «nahikoa» izan. Irmo mantendu ziren beraien erabakian, eta denborak -eta, batez ere garaipenak, kontraesankorra badirudi ere- arrazoia eman zien.

Aste gorabeheratsuak izan ziren, nardagarriak, Federazioko goi-kargudunak agerian geratzeraino. Lehenik eta behin, Jenni Hermosoren hitzetan adierazpen batzuk jartzeraino, prentsa ohar soil batean, Rubialesen muxua bi aldeek onartua izan zela baieztatuz. Noski, sekula ez zituen hitz horiek ahoskatu madrildarrak; are gehiago, Rubialesek Qatarreko aireportuan grabatu zuen bideoan parte hartzea -barkamen mezua izan behar zuena, baina, azkenean, bere burua zuritzeko baliatua- ukatu zuen, bai eta Ivana Andres kapitainak ere. Hor, ageriago geratu zen erakundeko kargu eta jokalarien artean zegoen arrakala.

«Mansplaining»

Rubialesek ez zuen ulertu -edo ez ulertuarena egin zuen- auziaren oinarria eta bere burua itsaslabarraren ertzean kokatu zuen, dimisioa eman beharrean bere burua goraipatu zuenean, bai eta bere kide «lagunkoiena» ere. Nazkagarria izan zen Jorge Vilda eta Luis de la Fuente hautatzaileek irribarretsu eta presidentearen hitzei txalo zaparradaz erantzun izana. «Feminismo faltsu» adiera ere bereganatu egin zuten, ze noski, beraiek badakite zer den «feminismo ona», ezta? “Mansplaining”-aren isla eta estrukturen oinarrian dagoen matxismo zikina.

Auziak mugak gainditu zituen, AEBetan hain sona handia hartu zuen #MeToo aldarrikapenaren pare kokatu zen #SeAcabo (#BukatuDa), borroka bateratu bat bilakatu zen, matxismo estrukturala erakundeetatik desagertzeko, edo behintzat lehen urratsak emateko, eta jazarpena jaso zuen pertsonari erabateko babesa eskaintzeko. Gobernu espainolak bideratu behar izan zuen auzia -hau ere, aukeran, berandu, FIFAk behin behinean Rubiales kargugabetu zuenean etorri baitziren erreakzio guztiak-.

Mario Lopezen kasuak argi erakutsi du zer aldatu asko dagoela oraindik (Monika DEL VALLE / FOKU)

Beti gertatu ohi den moduan, Munduko txapelketako irabazleak zalantzan jarri zituenik ere egon zen, Federazioaren organigrama beraiek beraien erara eratu nahi zutela aurpegiratuta. Ez dakit beraiek beraien erara eratu nahi izan ote duten; argi geratu dena da emakumeek, gizartearen babes gutxiagorekin, oihartzun gutxiagorekin, Federazio barnean kontra zituzten pertsonekin, ausart jokatu zutela eta benetako aldaketa bat emateko lan egin behar izan zutela, baloiari ostikoak emateaz gain, euren pareko gizonezkoek ez bezala.

Gizonezko futbolariek putzu sakonak saihestu ohi dituzte, eta auzi honetan ere lotsagarri geratu ziren, Rubialesen jarrera irmoki gaitzesteko gai ez baitziren izan, Espainiako selekzioko jokalarien artean zeuden ikuspegi desberdinengatik. Gainerakoak ere isilik mantendu ziren, kikilduta, matxismo estrukturalaren peoi. Borja Iglesias izan zen bakarra, eta bere teknikari Manuel Pellegriniren kritikak jaso zituen; atera kontuak!

Beti merezi du

Iraultza egin dute emakume futbolariek, iraultza egiten ari dira ematen duten ostikada bakoitzean. Tamalez, futbolera %100ean ezin dira zentratu, ertz asko daude borrokatzeko, Rubiales auziak agerian utzi duen legez, eta belaunaldi berriei egoera hobea uzteko betebeharra oso barneratuta daukate. Oroitu behar gara Rubialesek Espainiako Federazioko presidente gisa eginiko mugimendu asko -negozio kontuetan, batez ere- ikertuak izan direla, iruzur kasuren bat egongo ote den. Iruzurrak iruzur -futbolean ohikoak diren jarrerak-, emakume futbolari hauen borrokaren ondotik atera da erakundetik pertsona mafioso zein matxista hau. Borroka ez da hor bukatzen, orain kargua hartu duen Pedro Rocha -noski gizonezkoa, lurralde ezberdinetako Federazioetan nagusi den legez: beti profil bera, gizon heteronormatiboa, zuria eta adinean oso heldua- urte askoan egon baita Rubialesen alboan, Montse Tome hautatzailearen hasierako erabakietan goi kargudunen abisua egon izanaren zantzuak baitaude. Selekzioari uko egin ziotenak Madrilera joatera behartuz, mehatxatuta, ez bertaratzeagatik zigorra jaso zezaketelako. Etsipena nagusi, amaigabeak ziruditen negoziazioen ondotik, gutxiengo batzuk adostera iritsi ziren. Eta honen kausalitate bada ere, Madrilgo Kongresuan onartuko da Espainiako selekziora joateko hautua derrigorra izatetik eskubide izatera pasatzea. Borrokak beti merezi duelako, beti.