GAUR8 - mila leiho zabalik
TRUMP: HEMEN BAI, HOR EZ?

Bi estatutako bozetatik kanpo dago oraingoz, auzitegietan erabakiko da hautagai izan daitekeen

Estatu Batuetako hauteskundeen lasterketa hementxe da ate joka. Biden eta Trump, 2020ko bi hautagaiak berriz lehiatzea da gaur-gaurkoz gertagarriena. Baina presidente ohi errepublikanoa, ia 100 kasutan auzipetuta egoteaz gain, zuzenean boto-paperik gabe ere gera liteke.

Donald Trumpen agerraldia 2023ko urriaren 18an New Yorkeko epaitegiaren aurrean, non iruzur auzi bategatik deklaratu zuen. (Alex KENT | AFP)

Astebete pasa falta da AEBetako hauteskunde presidentzialen maratoi-kanpainari hasiera ematen dioten Iowako caucusetarako. Beste astebetera New Hampshireko primarioak izango dira; gero, estatuek banan-banan alderdi errepublikanoko presidentegaia nor izango den bozkatuko dute (demokratek ere egiten dituzte barne-bozak, baina Biden berriz aurkeztuta, ez da lehia aipagarririk izango). Inkesta guztietan, Donald Trump ageri da errepublikanoen faborito nagusi, primarioak irabazi eta Bidenen lehiakide izateko.

Benetako bozketa azaroan da, eta, inkestek gorabehera handiak egin ditzaketen arren, hauteskundeok irabazteko gako izango diren estatuetan -2016an Trumpek eta 2020an Bidenek irabazi zituen swing estatuetan- presidente ohia ageri da gailen. Bost axola urte askotako espetxe zigorra ekar dezaketen 92 kasutan auzipetuta egotea, bost axola publikoki esan izana agintea hartzen duen lehen egunean «diktadore» jokatzeko asmoa daukala; Trumpek oinarri sendoa dauka.

Epaituta eta zigortuta balego ere, Donald Trumpek ez luke hautagai izateko eskubiderik galduko. Ezta espetxean egonda ere. Areago, Etxe Zuriko giltzak kartzelakoa ere irekiko lioke, presidenteak indultuak emateko ahalmena baitu. Testuinguru horretan, egin al liteke ezer nazismora ere hurbiltzen den diskurtsoarekin diharduen (etorkinek estatubatuarren «odola zikintzen» dutela esan du Trumpek egunotan, eta eskoletan ingelesez egiten ez duten haurren aurka ere mintzatu da) hautagai bat geldiarazteko? Gakoa ez dago Trumpen asmoetan edo kanpainako diskurtso filofaxistetan, pertsona horren aurrekari autoritarioetan eta 2020ko hauteskundeak galdutakoan egin zuenean baizik.

Hamalaugarren emendakina

AEBetako Konstituzioko 14. emendakinaren 3. artikuluak debekatu egiten die aurretiaz Konstituzio horri zin egin ostean haren aurka matxinatu direnei herrialdeko hautetsi-kargua izatea. 1868ko araua da, Gerra Zibileko galtzaileek (esklabotzari eusteko gerra egin zuten konfederatuek) aginte-ardurarik izan ez zezaten. Donald Trumpek ere, 2021eko urtarrilaren 6an Etxe Zuriaren ataritik Kapitolioaren erasora animatu zituenean jarraitzaileak, matxinada bultzatu zuen, itxura guztien arabera. Baina «itxura guztien arabera»; hala izatea aski ote da hautagai izatea debekatzeko? Coloradoko Auzitegi Gorenak hala zela ebatzi zuen abenduaren 19an, Trumpen aurkako zenbait errepublikanok irekitako auzibideari jarraituz. Handik astebetera, Maineko estatu-idazkariak gauza bera erabaki zuen: Trumpek matxinada batean parte hartu zuenez 2021eko urtarrilaren 6an, horrek primarioetan parte hartzeko baliogabetzen du presidente ohia. Maineko (edo estatu bakoitzeko) estatu-idazkaria da estatu horretako hauteskunde batzordeko burua. Izan ere, hauteskundeak estatuek antolatzen dituzte, nork bere araudiaren arabera.

Horregatik, Coloradoko auzitegiek eta Maineko hauteskunde-arduradunek Trumpen aurkako erabakia hartu duten artean, Michigan eta Minnesotako Auzitegi Gorenek ez dute onartu, eta presidente ohia boto-paperetan egon dadila ebatzi dute… Baina primarioetan Michiganen bakarrik;, hau da, primarioak irabazi eta presidentegai bihurtuko balitz, aztertu egin beharko litzateke Konstituzioaren emendakina ote dagokion, baina ez une horren aurretik. Esandakoa, estatu bakoitzak bere araua.

Kaliforniako hauteskundeen arduradun nagusia den estatu-idazkariak ere Trumpen «aldeko» erabakia hartu du; Mainekoa bezala da demokrata hura ere. Gavin Newsom Kaliforniako gobernadore demokrata ere -Joe Bidenen osteko kinieletan balizko presidentegai gisa agertu ohi da- Trump boto-paperetan mantentzearen alde mintzatu da: «Zalantzarik gabe, Donald Trump mehatxu da gure askatasunerako, baita gure demokraziarako ere. Baina Kalifornian, hautetsontzietan irabazten diegu hautagaiei. Gainerako guztia distrakzio politikoa da».

Iazko irailaren 8an Hegoaldeko Dakotan, ekitaldi politiko batean (Andrew CABALLERO-REYNOLDS / AFP)

Etxe Zuritik, Trumpen aurka baina bide judizialetik kanpo geratu nahi izan dute. Biden presidenteak, esaterako, zalantzarik gabe esaten du «matxinatu» bat dela Trump. «Denek ikusi zenuten. 14. emendakina ote dagokion, auzitegientzat utziko dut erabaki hori. Baina matxinada bat bultzatu zuen. Horrekin ez dago zalantza bakar bat ere», adierazi zuen.

Maineko kasuan, Shenna Bellows estatu-idazkariaren erabakiaren aurkako helegitea jarri du Donald Trumpek aukera izan bezain laster. Izan ere, estatu barruko bide legal guztiak agortu behar dira gaia Gorenera iritsi aurretik, eta berebiziko garrantzia du denborak kasu honetan.

Coloradoko erabakia baliogabetzeko ere eskatu diote Washingtonen Auzitegi Gorenari. Epairik emateko, epaileek aldeak entzun behar dituzte lehendabizi; dena dela, bizkor behar du: martxoko super-asteartean bozkatzen dute bi estatuetan, eta Coloradon posta bidezko botoa otsailaren 12an hasiko da.

Ezaguna da oso jarrera eskuindarreko auzitegia dela Gorena, bederatzi epailetik sei kontserbadoreak izanik (hiru Trumpek berak izendatutakoak dira). Azken erabaki hori orokorra den, estatu guztietarako balio ote duen, ala auzia planteatu den estatuetara mugatzen den erabaki lezake. Bai, gerta liteke presidente ohia estatu batzuetako boto-paperetan agertzea eta beste batzuetan ez. Colorado, esate baterako, demokraten plaza segurua da, Donald Trumpek galtzeko handirik ez lukeena. Maine ere demokrata da nagusiki, baina hauteskunde-lege bereziak izanik, bi alderdiek lor dezakete babesik presidentetzara bidean.

Ezin da ahaztu, halaber, Trumpek lehian jarraitzeko argudioetako bat izan dela presidente ohia ez dela oraindik matxinada horregatik epaitu edo zigortu. Epaiketa hori iragarrita dago, aurtengo martxorako. Newyorktar magnatearen abokatuek prozeduretan etenaldia lortu duten arren, Jack Smith fiskala buru-belarri ari da lanean epaiketa iragarri bezala has dadin.

Datorren urtarrilaren 15eko Iowako caucusetan %50etik gorako babesa dauka Trumpek inkestetan; hurrengo hautagaiak ez dira %20ra iristen. Hainbesteko aldea izan ez arren, New Hampshiren ere (urtarrilaren 23an dira primarioak) lehen lekuan ageri da Trump; hilabete geroago Hego Carolinan gailentzen bada, aurkari errepublikanoek nekez izango lukete aukerarik martxoko super-asteartera begira.

Eta askok zalantzan jarri dute boto-paperetik kanpo uzteak ekarri dion oihartzuna eta bere burua aldarrikatzeko aukera («gure beldur direlako debekatzen dute parte-hartzea, badakitelako galdu egingo dutela»), ez ote diren Trumpen mesedegarri.