GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Bidean azaltzen zaizkigunak

Jorge Gimenez editorea duela aste batzuk zendu zen. (Jon URBE | FOKU)

Atzera begira urtearen balorazioa eginez, azken hamabi hilabetean nire ibilbidean agertu diren horiei egin nahi diet aipamen txikia. Askotan uste ez duzunean azaltzen dira, eta aurreikuspen falta horrek egiten ditu berezi; bidelagun izaten dira, batzuetan egun batez, astebetez edo besteetan hilabete askotan zehar. Baina arrastoa uzten dizute, eta arrasto horrek egin du, hain zuzen ere, nire urtea ezberdin; proiektu, bidaia, asmo, frustrazio eta egunerokotasuneko beste kapitulu guztien gainetik. Egunen batean, zutabe hau berrirakurtzen dudanean, zuetako bakoitzari egindako erreferentzia gogoratuko zuen zerbait hor utzi nahi nuen.

Mila esker, Gloria Steneimen ezagutzeko aukera paregabe hura emategatik; mila esker astero, ostegun arratsaldetako hitzorduan, hor zaudela erakusteagatik; mila esker Bartzelonako jatetxe hartako hitz-aspertu onestarengatik eta emandako baimenarengatik; mila esker nire pasioetako bi -futbola eta ikus-entzunezkoak- berriro ere uztartzeko aukera emategatik; mila esker une gogor hartan entzuteagatik; mila esker emandako urrats txiki bakoitzak balio duela erakusteagatik eta borroka horretan partaide izaten uzteagatik.

Horrela azaldu zinen zu ere, duela hamahiru urte. Oraindik biziki gogoratzen dut nire liburuaren itzulpena egiteko dirulaguntza onartu ostean, 2011. urteko argitalpen planean sartzeko asmoaren berri eman zenidan mezua. Ilusioa jarriko geniola esan zenidan eta hori gelditu zitzaidan buruan, ilusioari egin zenion aipamena. Trantsakzionala izan zitekeen, beste egiteko bat, beste proiektu bat hainbaten artean; baina proiektuari ilusioa jarriko zeniola esan zenidan, niretzat horrek egin zuen ezberdin. Eta horrela egin zenuen, bi hitz eta beste hitz guztiei ilusioa jarri zenien.

Durangoko azokan egin genuen hitzordua, lan planaz hitz egin eta ilusio hura sentitzeko gogoz abiatu nintzen. Espainiako aire kontrolatzaileen lanuztearengatik nire hegaldia bertan behera utzi zuten, eta Londresen gelditu nintzen inpotentzia handiz. Aireportutik etxera nindoala idatzi nizun mezua irakurri dut gaur; zu ere Mexikoko Guadalajaran ospatzen zen liburu azokatik bueltan zentozela Madrilen gelditu zinen arrazoi berdinagatik, Durangoko azokako lehen eguna galduta.

Txikikeria da pasarte hori, baina hori izan zen harreman haren hasiera.

Aurrerago, hurrena Euskal Herrira itzultzean, Amarako kafe-etxe batean egindako lehen bilera etorri zen, lehen kapituluaren itzulpena, ondoren tonua eta estiloa zehazteko; eta denbora gutxian egin zenuen itzulpena. Donostiako udal liburutegian egiten zituzten literatura solasaldietan egin genuen aurkezpena, eta ederra izan zen iradoki zenuen formatua; itzultzaile lanaz gain, aurkezle lanetan ibili zinen orduan, eta askok zoriondu gintuzten saioaren ostean zuk eman zenion ukitu bereziarengatik. Zurekin egon nintzen eta partekatu genuen mezu bakoitzean ikasi nuen zerbait; batez ere, gogoan ditut erakutsi zenizkidan lana egiteko gogoa, jakinduria eta eskuzabaltasuna. Zorionekoa ni, aukera hura eman zenidalako.

Bidaia on, Jorge. Mila esker, nire bidean azaltzeagatik. •