GAUR8 - mila leiho zabalik
MALAYSIAKO JEDEK-A

Hizkuntza berriak deskubritzearen lilura

Egun hitz egiten diren 6.000 hizkuntzetatik erdia mende honetan desagertuko da. 6.000, alabaina, ez da kopuru zehatza: animalia edota landare espeziekin gertatu legez, hizkuntza berriekin ere topo egiten dugu noiz edo noiz. Eta asko ikas daiteke haiengandik.

Libiako eskola baten irudia. Tamazight-a 2011tik irakasten da bertan. (Karlos ZURUTUZA)

Niclas Burenhalt-ek hogei urte baino gehiago eman ditu Malaysiako oihanean. Mila laguneko tribu baten hizkuntza dokumentatzeari eskaini dio bere bizitzaren erdia hizkuntzalari suediarrak. Horretan bete-betean ari zela, nahigabe eta ezustean erabat, mintzaira berri batekin egin zuen topo. Burenhalt-ek 2017ko urte amaieran aurkeztu zion munduari bere aurkikuntza. Hizkuntzari «jedek» izena egokitu zitzaion. 200 bat hiztun omen dira.

Galderak pilatu zaizkigu dagoeneko. Zerk bultzatzen du norbait mila ehiztari-biltzailek hitz egiten duten hizkuntza ikastera? Eta zertan datza oraindik txikiago bat aurkitzearen garrantzia?

Burenhalt-i berari helarazi dizkiogu galderak. Lehenengoari erantzunez, suediarrak dio «istorio luzea» dela oso, ezingo lukeela «modu koherentean» laburbildu. Bigarren galdera dela-eta, adierazgarriagoa da hizkuntzalaria: «Oraindik identifikatu gabeko beste edozein hizkuntza bezala, jedek-ak aniztasuna dagoela frogatzen du. Bere existentziaz oraintxe bertan jabetu garenez, pentsa dezakegu oraindik asko dagoela deskubritzeke. Ez al da zoragarria?» Bat gatoz.

Entomologo batek labezomorro lumineszente bat aurkitu zuen 2012an; urte berean, botanista batek landare intsektujale ezezagun bat katalogatu zuen; bost urte beranduago, hizkuntzalari batek mintzaira berri bat deskubritu zuen Indonesiako oihanean. Hizkuntzalaritzaren alorrean, hizkuntzen arteko antzekotasunak daude, eta, batzuetan, haien arteko ahaidetasun berriak identifikatzen dira. Horrexegatik, hain zuzen, benetako altxorra dugu azken jedek-arena.

Serendipia kasu garbia da: beste zerbaiten bila ari zarenean, aurkikuntzak ustekabean harrapatzen zaitu. Jedek-a ez da idazten, baina suediarrak dio Malaysiako alfabetoa erabiltzeko ahalegin «xume» bat egin dela. Hizkuntza orok legez, elementu berriak txertatu ditu beharren arabera. «Truke» eta «partekatze» kontzeptuak ñabardura guztiez izendatzeko gai da; «erosi» eta «saldu» kasuetan, ordea, malaysieratik (Indonesiako hizkuntza nazionala) hartu ditu maileguan. Antza, gizarte honek ez du hitzik jabetza pribatua izendatzeko, eta berdin gertatzen omen da ofizio edo lanbide ezberdinekin. Emakume nahiz gizonezkoek zerbatanekin ehizatzen dute, eta bizirauteko gainontzeko trebetasun guztiak ikasten dituzte.

Jedek-a bitxia da oso. Kontuan izan euskara edo ingelesa bezalako hizkuntzek (beste askoren artean) hitzaren amaieran markatzen dutela plurala. Bada, oker zaudete munduan atzizki eta aurrizkiak baino ez direla pentsatzen baduzue. Malaysiako oihanean, esaterako, hitz barruan txertatzen dira partikula hauek. Adibide bat: bidan, «agure», eta bridan horren plurala; babo, «emakumea», brabo, bat baino gehiago direnean…

Egia esan, ez da hain harritzekoa. Horrela sortzen dira arabierazko txikitzaile asko, bai eta turkierazko ezeztapenak ere: Görmek («ikusi»); görmemek («ez ikusi»). Badira hitz hasieran eta bukaeran daramatenak ere. Esanahia jakin gabe ere, erraz jakin daiteke taddart, tefuit eta tanemirt genero femeninoko hitzak direla tamazigteraz. Ohartu al zarete «t»-z hasi eta bukatzen direla? Bide batez, «etxea», «eguzkia» eta «eskerrik asko» honela esaten dute.

Indonesiako oihanean jasotako irudia. Bertan aurkitu zen jedek hizkuntza, 2017an (David LAZAR)

Horretan datza hizkuntzalaritzaren magia: paragrafo bakun batean, Malaysiako oihanean gosaldu eta Libiako mendietan afaldu dezakezu. Digresioa, alabaina, ezinbestekoa da hizkuntzak konparatzeko garaian. Horrela dakigu jedek mikro-hizkuntza bat izan dela bere hiztun-kopuruari erreparatuta, baina inondik ere ez dela izan ingelesa edo gaztelania baino txiroagoa edo traketsagoa. «Eredu linguistikoari dagokionez, Platon Mazedoniako azken zerri-zaintzailearen mailan legoke», zioen Edward Sapir-ek. Hizkuntzalaritza modernoaren aitzindarietakoa izan zenak zera esan nahi zuen: ez dago hizkuntza «primitiborik», denek antzeko konplexutasun maila dute amankomunean.

Ikertzaile suediarrak azpimarratu du gehienek beste hizkuntza indigenaren bat menderatzen dutela, eta malaysiera ikasten dutela haurrek eskolan. Gauzak honela, nahikoa baliabide linguistiko dituzte bizilagunekin arazorik gabe komunikatzeko. Jedek-eraz Astrofisika ikasi, “Breaking Bad” itzuli edo Tarot-eko kartak bota ahal izango dira, baldin eta horretarako behar diren tresnak ematen bazaizkio. Azken finean, hizkuntzek elementu berriak egokitzen eta txertatzen dituzte beharren arabera. Nola izan «elur» hitza, erortzen ikusi ez duenean? Kalerik eta errepiderik ez dagoen lekuetan «semaforo»-rik behar al da? Shakespearek berak ere ezingo luke Interneten nabigatu wifi, email edo spam bezalako kontzeptuak menderatu gabe.

Aurkitu berri gehiago

Niclas Burenhalt ez da, inondik ere, hizkuntza berri bat deskubritu duen bakarra azken urteotan. 2008an, David Harrison hizkuntzalari estatubatuarrak koro hizkuntza aurkitu zuen Indiako iparraldean. Mila hiztun dituen honek 2009an jaso zuen hizkuntza aitorpena. Oraindik, baina, ez da argitu Tibeteko mintzaira den edo eremu hartara ekarritako esklaboena. Handik hurbil, Pakistango bailara galdu batean, badexieraz egiten dute oraindik gutxi batzuek. Mundu zabalak azken urteotan baino ez du izan beren berri. 2018an, BBCko talde batek hiru hiztun besterik ez zituen aurkitu. Baliteke iraganeko kontua izatea dagoeneko.

Koro-a eta badexiera oso zaharrak izan daitezke, baina ez da beti horrela izaten. 2000. urte hasieran, Carmel O'Shannessy irakasle australiarrak susmo sendo bat zeukan. Etxean jasotakoa ez zen beste hizkuntza batean ari ote ziren bere ikasleak? Eskualde hartako aborigenek warlpiriera dute ama hizkuntza, eta ingelesa nahiz bien arteko kreolera ere menderatzen dute. O'Shannessy ere bikain moldatzen da warlpirieraz eta marrazki liburu bat sortzeko ideia izan zuen bertako hainbat haurrekin. «Txakur bat munstro batengandik ihesean dabil»; huraxe zen abiapuntua, umeek istorioa garatu zezaten. Ehunka grabazio entzun ostean, O'Shannessy-k zerbaiti erreparatu zion: umeek kreoleraren aditzak txertatzen zituzten warlpiriaren egituran. Hori gutxi ez, eta hiru hizkuntzetatik hartzen zituzten izenak. Arau berriak ere sortu zituzten, hots, «m» atzizkia gehitzen zieten iraganeko nahiz orainaldiko aditzei, baina ez geroaldikoei.

Hizkuntza aurkitu berri batek ez du zertan ez zaharra ez eta ahozkoa izan. 1955ean, William C. Stokoe-k ingelesa irakasten zien gorrei Washingtonen. Ikasleak keinuen bidez arin eta azkar komunikatzen zirela konturatu zen. Erabiltzen zituzten keinuak, ordea, ez ziren ingelesaren keinuen kalko hutsak. Stokoe orduan jabetu zen mintzaira eta hizkuntza bereiz daitezkeela, eta gorrek beren hizkuntza propioa zutela Ameriketako Estatu Batuetan. Herrialde bakoitzak bere zeinu hizkuntza propioa du, eta askotan bat baino gehiago. Ez dago gaizki gogoratzea zeinu hizkuntzak ere gizabanako askoren ama-hizkuntza direla. Aldi berean, hizkuntzok ere arauak betetzen dituzte, eboluzio-prozesu propioak dauzkate, eta familia eta azpi-familietan sailkatzen dira. Eta ahozkoekin gertatu legez, arrazoi berberengatik desagertzen dira.

Kurduera pareta batean. Hamaika aldaera dituen hizkuntza da (Karlos ZURUTUZA)

Dibertsitate zoragarriaren berri emateaz gain, hizkuntza orok nola funtzionatzen duen ere irakasten digute aurkitu berriek. Egin proba: bilatu solasaldi bat telebistan, bolumena jaitsi eta berehala jabetuko zarete zenbat informazio ematen diguten era guztietako keinuek, edo mahai gainean hegan egiten duten esku horiek.

Australiako haurren fenomenoari dagokionez, mendeak behar dituen prozesu baten bertsio sinplifikatu eta azeleratua besterik ez da. Adibide bat: ingelesa aldaera germaniar hutsa zen jatorriz; egun, baina, latindarra da bere hiztegiaren erdia (nagusiki frantsesetik hartua).

Bide batez, noiz arte hitz egingo dute ume horiek beren hizkuntza? Zein adinetan baztertuko dute gurasoen hizkuntzara itzultzeko? Zergatik egingo dute? Erantzun gabe ere, galdera sorta honek gizakiaren aurkikuntzarik handienaren sorrerara hurbiltzen gaitu. Gurpila ez, hizkuntza da giza arrazak asmatutako gauzarik itzelena.

Galeria bat

Adituek diotenez, 6.000 hizkuntza inguru hitz egiten dira egun, eta erdia baino gehiago mende honetan zehar desagertuko da. Koro-a joan egingo da, ez bere hiztun kopuru txikiagatik, baizik eta ez delako geratzen hitz egingo duen umerik. Ez dago transmisiorik. Jedek hiztunak 200 pasatxo izanda ere, txikienen arteko komunikazio-hizkuntza da oraindik. Hizkuntzen bizi itxaropenari buruzko apustuak egiterakoan, hiztunen adina haien kopurua baino termometro fidagarriagoa da beti.

Jedek-aren aurkikuntza hain al da txapela kentzeko modukoa? Askok ez dute argi oraindik. Jakin badakigu hizkuntzak komunikatzeko kodeak baino ez direla. Edonola, ez al dira, aldi berean, gure pentsamenduak margotzeko erabiltzen dugun mihisea? Denborarekin, elementu berriak agertzen dira koadro horretan: gizatalde baten historia, beste batzuekiko kontaktua… Bertan dira gertuen dugun erreka eta galaxiarik urrunena. Mihise horiek guztiek galeria liluragarri bat osatzen dute: koadro bakoitzak pentsamendu, ohitura eta balioen artxibo bat gordetzen du, mundua ulertzeko modu bat, funtsean. Aldi berean, galeria horretako hutsune bakoitza desagertutako hizkuntza batek utzitakoa da. «Zer kontatu nahi zidaten hemen? Zer galdu dut?», galdetu beharko genioke orduan gure buruari.

Australiako ume aborigen talde batek hiru hizkuntza nahasten zituen aldaera sortu zuen. (Murat UYSAL)

Askotan, munduan egoteko modu asko daudela ahazten zaigu. «Tamalez, unibertsala eta gizatiarra dena neurtzeko, gure mundu modernoa eta hiritarra tresna gisa erabiltzen dugu maizegi», bota digu Burenhalt-ek. Jedek-ak, koro-ak edo Australiako haur horien hizkuntzak, besteak beste, kosmogonia ezberdinak erakusten dizkigute. Hizkuntza horien aurkikuntza hutsa baino, esploratzen jarraitzeko gonbita da liluragarriena.