JAN. 13 2024 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Artefaktua kontu batzuk itxi nahi dituen kutxa bat da Iñaki Altuna Oraindik itzali gabe dugu aurreko asteetan sarri entzun dugun «zer da Artefaktua?» galdera, nahiz eta egin ahala, egunero-egunero egin ahala, ageriago den erantzuna. Memoria eta kazetaritza ariketa erraldoia da, atzera begiratzearekin batera aurrera egiteko erronka ere baduena, gure hedabideek etorkizunean Euskal Herrian bete behar duten funtzioa bete dezaten. Urte amaiera arte egingo dugun lana, eta horrek baditu arriskuak, berria zahar edo nabarmena ikusiezin bilakatzen duen monotoniaren lozorroak eragiten dituenak. Horregatik garrantzitsua izango da behin eta berriz saiatzea gauzak behar bezala kontatzen, ahaztutako kazetaritzaren harribitxiak erreskatatzen, garai ezberdinetako gertaerak txukun eta argigarri azaltzen eta garaiko protagonistei berriro hitza ematen. Hasi baino ez gara egin. Lanaren zama lanaren emaitzak arinduko duelakoan egingo dugu aurrera. GARAren 25. urteurrena Garrantzitsua izango da, eguneroko jardunarekin batera, tarteka geldialdi bat egitea eta, ahal dela, astinalditxo bat ematea. Gure ibilbidearen une esanguratsuenak aipatzea. Gutxi barru, urtarrilaren 30ean, beteko dira 25 urte GARA sortu zela. “Egin” itxi zutelako sortu zen GARA, errepresioaren atzaparkada gogor hartatik sei hilabetera, alimaleko esfortzua egin ostean, eta dagoeneko “Egin”-ek baino urte gehiago egin ditu kioskoan. Beste komunikazio proiektu batzuk ere erdietsi dira denbora horretan. Esate baterako, NAIZ erreferentzia saihetsezina dugu sarean. Bada zerbait. Urtea amaitzean, Artefaktuak ia azken 50 urtetan herri gisa gertatu zaiguna eta izan garena gordeko ditu. Kutxa moduko bat izango da, baina ez da erabat itxirik geratuko, kutxa horretan jasotako gauza askok garapena izango baitute aurrerantzean ere, ezinbestean. Artefaktuak ez du denbora gelditzeko asmorik; aitzitik, etorkizunari egoerarik egokienean heltzea du helburu; ezagutzatik, azterketatik, informaziotik... lasaitasunetik. Lasaitasun estrategikoa esaten dio hainbatek horrelako ikuspuntuari. Presoen aldeko manifestazioa Halere, badira atzean utzi beharreko kontuak, kosta ahala kosta. Gaur bertan gogo horrek elkartuko ditu milaka eta milaka pertsona Bilbon, presoen aferaren behin betiko konponbidea azkartzea eta preso politikorik gabeko Euskal Herria aldarrikatzeko. Gai honetan albiste txarrak izan dira normalean nagusi. Artefaktuan hala egiaztatu ahal izango dugu urte honetan barrena. Gaur egun ere kontu negatiboak nabarmendu dira manifestazioaren deialdia egiterakoan, presoek dituzten trabak eta oztopoak azpimarratuz. Kazetaritzan ere albiste txarrak izan ohi dira «albisteago», eta gai honetan, gainera, badirudi azken urteetan izandako aurrerapenak gehiegi ezagutaraztea ez dela komeni, bakearen kontrako indar boteretsuen erreakzioa saihesteko. Hala beharko du, albiste txarren kontra mobilizatu beharra izan da betiere, baina akaso albiste onak biderkatzeak izan beharko luke giltzarria, euskal gatazkaren muinaren zein ondorioen konponbidea eta Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzeko bidea. • El artefacto no tiene intención de parar el tiempo, sino que tiene como objetivo el futuro en la situación más adecuada...; desde el conocimiento, el análisis, la información...