GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
GARIKOITZ GOIKOETXEA ETXEBERRIA
«EUSKARAREN GEOGRAFIA BERRIA» lanaren egilea

«Euskaraldiaren helburuek berberak izan behar al dute Orendainen eta Karkarren?»

Txillardegi-Hausnartu Soziolingustika Sarietan nabarmendu dute bere ikerketa lana, bigarren sariarekin. Begirada goratu eta Euskal Herriari osotasunetik begiratzeko proposamena da, tokian tokiko errealitateak ikusteko adinako zorroztasunarekin.

(Argazkiak: Andoni CANELLADA | FOKU)

Soziolingustika Klusterrak antolatzen dituen Txillardegi-Hausnartu Sarietan 2023ko bigarren saria lortu du Garikoitz Goikoetxea Etxeberria euskara teknikariak, “Euskararen geografia berria” lanarekin. Euskararen eta euskaldunen mapa berritzeko proposamena egiten du, Euskal Herria osotasunean begiratuz baina tokian tokiko errealitateak ikusiz.

Hari-mutur ugari bildu dituzu zure ikerketan.

Badaude gogoeta merezi duten beste hainbat gai. Besteak beste, hemen planteatzen delako, Euskal Herria bere osotasunean hartuta, zein norabide eta abiadura desberdinak ditugun ezagutzari eta bereziki erabilerari begiratuta. Planteamendu nagusia da Euskal Herrian hizkuntza politikak zonatan banatuta egin behar ditugula. Zonifikazioa ez dut planteatzen, noski, hizkuntza eskubideen ikuspuntutik -gaur egun Nafarroan legeak egiten duen bezala-, baizik eta hizkuntza plangintzaren edo hizkuntza politikaren ikuspegitik. Eta eskualdekako proposamen horietan uste dut badagoela beste buelta bat emateko premia. Zer egin behar dugu eskualde tipologia bakoitzean? Uste dut gogoeta hori askotan falta izaten zaigula euskara sustatzeko egiten ditugun plangintzetan.

Nazio ikuspegia izan behar dugu, ezinbestekoa da hori, eta 2024. urteak ekarriko digun opari handienetakoa 23. Korrika izango da, Euskal Herriko bazter guztietan ikusiko duguna. Baina, aldi berean, beste jarduera batzuek tokian tokira egokitu behar dutela uste dut, eta burura datorkit Euskaraldia. Euskaraldiaren helburuek berberak izan behar al dute Orendainen eta Karkarren? Planteamendu hori da lanaren funtsa, eremu bakoitzean zer eta nola egin. Horrek ez du esan nahi gaur egiten ez denik, hizkuntza politikak testuingurura egokitzen dira, baina egokitzapen handiago baten falta sumatzen dut, batez ere diskurtso mailan.

Egiten dena findu egin behar da, beraz.

Egiten dena tokian tokira egokitu behar da, eta badira jarduera batzuk leku batzuetan behar direnak eta beste batzuetan agian ez. Esaterako, azkenaldian boladan dago hitanoaren sustapena, Gipuzkoako hainbat herritan egin da eta oso ondo ikusten dut hori. Baina denoi datorkigu burura sustapen jarduera horiek ez dutela Euskal Herri osorako balio. Edo Tuteran hitano ikastaroak antolatu behar ditugula planteatzen ari ote gara? Hortik noa.

Hori are gehiago fokalizatu dezakegu, Gipuzkoan bertan ere egoera ez da berdina Donostian, Irunen edo Abaltzisketan. Bultzatu nahi dugun hitano jarduera horrekin indar berbera jarri behar al dugu eremu guztietan? Edo bereziki aukerak dauden eremuetan egin behar dugu proposamena?

Planteamendu hori ez da berria, Mikel Zalbidek -nire ustez azken urteotan Euskal Herrian teorizazioaren ikuspegitik ekarpen handienetakoa egin duen euskaltzainak- askotan planteatu du arnasguneen gaia, udalerri euskaldunen gaia... nolabait daukagunetik abiatu behar dugula aipatu du. Eta suaren irudia erabiltzen du askotan, nola errazagoa den sua mantentzea oinarri edo brasa bat dagoen lekuetan eta zailagoa indar gutxiago duen edo ia itzalita dagoen eremuetan.

Nola definituko zenuke azken urteotan euskararen egoera soziolinguistikoak izan duen bilakaera?

Hiru ertz aipatuko nituzke. Batetik, ezagutzari dagokionez, nabarmena da Euskal Herri osoa kontuan hartuta, euskaraz dakien jende gehiago dagoela. Datuek erakusten dute eta ikusi ere egiten dugu. Duela 40 urteko egoerarekin konparatuta, euskaldunen kopurua nabarmen hazi da. Baina horrekin batera esan beharko genuke hazkunde hori ez dela berbera izan Euskal Herri osoan, intentsitatea aldatu egin dela eta, are gehiago, badauzkagula ingurune batzuk non euskararen ezagutzak atzera egin duen, hain justu sendoen zegoen lekuetan. Eta hirugarrenik esango nuke ezagutza gaitasunarekin lotu behar dugula. Gero eta jende gehiago daukagu euskaraz dakiena, baina dakitenen artean gero eta jende gehiagok erraztasun handiagoa du gaztelaniaz edo frantsesez egiteko.

Beraz, gauza bat da euskaraz jakitea, nola edo hala, eta beste gauza bat da gaitasuna eta erraztasuna. Ezagutzatik erabilerarako jauzia gero eta handiagoa dela aipatzen dugunean, derrigorrez kontuan hartu behar dugun faktorea hori da.

Gaur egun hiriburuei begiratzen badiegu, Gasteizen, Bilbon, Iruñean -neurri apalagoan-, Baionan -are neurri apalagoan-... gazte gehienek badakite euskaraz, baina horrek ez du esan nahi euskaraz egiteko egokierarik badaukatenik; ez egokiera pertsonalik ezta testuinguruari dagokionik ere. Euskararen ezagutza gora egiten ari da, baina azken datuek esaten digute Euskal Herrian hirutik batek dakigula euskaraz. Euskaraz egiteko, norberak jakiteaz gain, inguru bat ere izan behar da. Alde horretatik zailtasunak oraindik oso nabarmenak dira.

Aipatu duzu euskara sendoen zegoen tokietan atzera egin dela. Zer gertatu da?

Hainbat faktore aipatu daitezke, horietako bat demografikoa da. Faktore demografikoak hiru bidetatik aipatu daitezke. Batetik, inguru horietan 80ko hamarkadan emigrazio handia izan zen. Hori Tolosaldean bertan nabarmena da; jende asko etorri zen landa auzoetatik leku industrializatuagoetara, erabilera apalagoa zegoen tokietara. 2000ko hamarkadatik aurrera kontrako joera bat izan da, hiriguneetatik herri txikiagoetarako joera izan da, arnasguneetara. Horrek aldaketa bat dakar ezagutzaren ikuspegitik, herri askotan behera egin du. Baina toki askotan eragina nabarmenagoa izan da erabileraren ikuspegitik.

Herri batean, euskaldunen kopurua berbera izanda, nolatan izan erabilera txikiagoa? Bertan bizi diren euskaldunen ezaugarriei begiratu beharko diegu. Migrazio mugimenduekin arnasguneek galtzeko aukera guztiak dauzkate; emigrazioak kalte egiten dielako eta immigrazioak ere eragina duelako euskararen ezagutzan eta erabileran. Eta, kontuz, immigrazioa esaten dudanean ez naiz ari jatorri atzerritarreko herritarren migrazioari buruz bakarrik, Euskal Herri barruan bertan gertatzen direnez ere ari naiz, euskaldunen tipologia bera aldatzea ekartzen duelako.

Nabarmena da, esaterako, Donostialdeatik Gipuzkoako beste eskualdeetara nolako mugimenduak gertatzen ari diren, Tolosaldeara eta Urola kostara nagusiki. Edo, Goierrin, Beasain-Ordizia ingurutik, herri txikiagoetara. Mugitzen ari diren horietako askok badakite euskaraz, baina beste testuinguru batekoak dira, beste hizkuntza ohitura batzuk dituzte, kuadrilla beste testuinguru batekoa daukate... beraz, ezin dugu espero lehendik herri txiki arnasgune horietan bizi diren euskaldunen jokabide bera izango dutenik. Badakigu, seguruenik, jokabide horretara gerturatzen joango direla, baina ezin dugu pentsatu aldaketa demografiko handi horrek ez duenik eraginik izango euskararen egoeran.

Datu mordoa pilatuko zenuen libururako, herriz herri, eskualdez eskualde. Datu asko eta errealitate desberdin asko.

Finean, hemen egin duguna hurbilketa bat da, Euskal Herri osoko datuen azterketak egiteko sekulako mugak ditugulako. Hiru adibide horien inguruan, EAEn daukagu datu gehien, udalerri mailan baditugu euskara ezagutzari, etxeko transmisioari eta erabilerari buruzko datuak. Nafarroara baldin bagoaz, udalerri mailan daukagun datu bakarra euskararen ezagutzari buruzkoa da, eta hori aurtengo datua da. Joan den 20 urtean ez dugu datu hori izan. Eta hirugarren maila batean izango genituzke Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Horietan ez dago udalerri mailako daturik, horrek dituen ondorio guztiekin. Egoera horren aurrean, ez dakigu Nafarroa Beherean eta Zuberoan arnasgunerik geratzen ote den, udalerri euskaldunik ba ote den, UEMAn sartzeko baldintzak betetzen dituenik ba ote den....

Lan honetan euskararen inguruan ditugun ikerketak hartu, batzuk eta besteak konbinatu, eta argazki baterako hurbilketa bat egin dugu, bere muga guztiekin. Gaur egun Euskal Herri osoa hartzen duten ikerketak bi dira; Inkesta Soziolingustikoa eta Kale Erabilerari buruzko Neurketa. Neurketa hori alboratu egin dugu udalerri mailako daturik ez duelako. Inkestak badauzka probintzia mailara arteko datuak; beraz, iparraldekoa hortik osatu dugu eta hegoaldekoan hamasei urtetik gorakoenak hartu ditugu, inkestak horiek hartzen dituelako kontuan eta bestela ez genuelako irudi homogeneorik izango.

Trebiñuren kasua ere jaso duzue.

Gutxitan aipatzen da. Trebiñu ofizialki ez da Arabaren zati, baina hamar urtean behin Eusko Jaurlaritzak Trebiñuren egoera soziolingustikoaren azterketa egiten du. Hor pena bat dut, justu lan hau atera eta hilabetera argitaratu zirelako Trebiñuko datu berrituak. Beraz, aurreko datuetan oinarritu gara. Trebiñun oraindik ez dute lortu Arabako parte izatea, baina euskararen aurrerakadan pauso garrantzitsuak eman dituzte. Araban bai eta Trebiñun ere bai. Badago zer ikasia Trebiñutik.

Datu zaparrada horretan, zerbaitek harritu al zaitu?

Harritu ez, baina itxaropenerako, uste dut egoera berri bat agertzen ari zaigula Euskal Herriaren mendebaldean, Araban eta Bizkaia mendebaldean. Euskararen ezagutza nabarmen ari da aurrera egiten, baina lehen aipatu dugun guztiagatik, ezin dugu espero ezagutza egiten ari den aurrerabideak automatikoki erabilera ekarriko duenik. Sari banaketan aipatu nuen adibidea hona ekarrita, hotz dagoen bakoitzean ez du elurrik egiten. Elurra egiteko beste faktore batzuk behar dira; prezipitazioa, hezetasun maila bat... ezin dugu espero euskararen ezagutzak berak automatikoki erabilera ekarriko duenik. Gaur egun euskaldun gehien bizi den inguruetan ez daukagu elurra egiteko baldintzarik. Hotza badaukagu, gero eta jende gehiago dago euskaraz egiteko oinarrizko gaitasuna duena, baina horrek ez du erabilerarik ekarriko. Eta, era berean, glaziarretan arazoak dauzkagu.

Migrazio mugimenduek, bai Euskal Herri barruan ematen direnek bai kanpotik datozenek, badute eragina.

Euskaldunen arnasguneetara migratzen ari diren euskaldunen soslaia beste bat da. Badugu etxeko lan oso garrantzitsu bat, maila teorikoan askotan aipatzen dena, baina ez gara asmatzen ari; harreraren gaia. Harrera aipatzen dugu beti jatorri atzerritarreko migratzaileei begira -eta hor sekulako hutsuneak dauzkagu-, baina arnasguneetan bereziki harreran hutsuneak dauzkagu, baita barne migrazioan ere. Alegia, Bilbotik Busturialdeko herrietara migratzen ari diren horiei azaltzen al diegu zer testuingurutara datozen, eskualde horiek zer nolako garrantzia daukaten euskararen erabilerari begira, mezu horiekin asmatzen ari ote gara? Azken urteotan arnasguneen inguruan zabaltzen ari garen kezka handi horretan ez ote gara ari arnasguneak ideia bukoliko batekin lotzen? Arnasguneak ez dira bakartutako eremuak eta nolabait asmatu behar dugu biztanle mugimendu horiek, harrera egoki baten bitartez, nola txertatu herrian.

Eta esango nuke beste testuinguru soziolinguistiko batzuetan ere heldu behar zaiola gaiari. Migrazioaren gaia jarri behar dugu mahai gainean, nahiz eta azkura handiak sortzen dituen. Beharbada ez gara ausartzen errealitate hori patxadaz mahai gainean jartzera. Baina nabarmena da: migrazioak euskararen aurrerabideari eragin egingo dio nahitaez. Hizkuntza guztiei, baina hizkuntza gutxituei bereziki, eta alde horretatik badaukagu etxeko lan garrantzitsu bat harrerarekin.

Eta harrerarekin lotuta, euskaraz ikasteko aukerari buruz hitz egin behar da. Gaur egun Errumaniako familia batek, nahiz eta eremu euskaldun batera etorri, zenbateko erraztasuna dauka gaztelaniaz ikasteko, bai kalean bai erakundeen eremuan? Zenbat kostatzen da gaztelaniaz ikastea eta zenbat euskaraz ikastea? Alde horretatik, nola daukagu abiapuntua? Migrazioarekin lotuta gogoeta bat daukagu egiteko, bai udalerri euskaldunetan bai Euskal Herrian, oro har.

Euskararen inguruko kezka eta gogoeta ugari entzun dira azkenaldian.

Badirudi zikloka aritzen garela, hamar urtean behin euskararen egoerari buruzko datu mordoa dauzkagu eta gogoeta ugari horri lotuta. Euskaltzaindiaren barruan, euskararen gogoeta guneak, eta hor, Jon Sarasua buru dela egiten ari den prozesuak, itzal handia izan du. Sarasua aurkezpen guztietan esaten ari da: orain arte egindakoarekin ez da nahikoa izango, ez dugu aurrera egingo eta atzera egiteko arrisku handia daukagu. Zerbait berria egin behar dugu eta horretan nabarmena da berariazko hizkuntza politikatik haragoko eremuak ukitu behar ditugula; lan mundua, harrera... hor badira hainbat esparru urteotan nahiko maila xumean landu direnak eta hor zeharkakotasun handiagoa behar dugu. Baina, esan dudanez, zeharkakotasun horrek testuinguruaren arabera moldatuta joan behar du.

Adibidez, nahiko adostasun daukagu lan munduan jauzi bat egiteko abagunea dugula esatean. Lan munduan euskaraz trebatutako gazteak ditugu gure lantokietan. Edo aisialdiarekin ere bigarren urrats bat eman behar dugula ikusten da, D ereduko aisialdi batera joan behar dugula. Ados, baina horrek tokian tokira egokituta joan behar du.

Euskal Herriko eremu zabaletan oraindik D eredua ez da nagusi, beraz, D ereduko aisialdia noski behar dela, baina ezin dugu imajinatu D ereduko aisialdi orokortu bat, baldin eta udalerri horretan eskoletan D eredurik ez bada nagusi. Eta uste dut gogoeta horiek oso autonomiaerkidegozentristak direnean, errealitate horiek ahaztu egiten zaizkigula. Iruñerrian G ereduan ikasle multzo oso handia ari da. G ereduak esan nahi du euskara ez dutela ezta ikasgai bezala ere ikasle horiek. Testuinguru horretan mugitzen ari gara, eta zer esanik ez Ipar Euskal Herrian. Uste dut gogoeta horiek tokian tokira egokitu behar ditugula, eta ezin dugu pentsatu EAEn egiten ari garen aurrerapauso horiek, batez ere eskolaren eta ezagutzaren aldetik, Euskal Herri osoan gertatzen ari direnik.

Arnasguneetatik distantzia batekin ikusten ote den Euskal Herri osoaren egoera...

Batetik, garrantzitsua da beste inguruneak nola dauden ikustea. Baina, bestetik, horrek badauka beste arrisku bat; beste testuinguru batzuetan okerrago daudenez, gu oso ondo gaudela pentsatzea, gure egoera arrosa kolorekoa irudikatzea. ‘Hemen euskararekin ez dago arazorik’. Hori askotan entzuten da ingurune batzuetan eta hori ere mahai gainean jarri behar da. Arnasguneetan euskararen egoera beste testuinguru batzuetan baino hobea da, baina horrek ez du esan nahi dena egina dagoenik, eta askotan sentsazio hori egon dela uste dut, gertatzen ari diren atzerakada horiek ez ikusteraino. Arnasguneetan gauza asko dauzkagu oraindik egiteko, euskara ez delako hizkuntza normalizatu bat, hutsune nabarmenak daude.

Tolosaldean adibidez, arnasgunerik arnasguneenean, herritarrak zein hizkuntzatan irakurtzen du prentsa? Zein hizkuntzatan ikusten ditu ikus-entzunezkoak? Zein hizkuntzatan dauka mugikorra konfiguratua? Badauzkagu etxeko lanak.

Erabileraren oinarria eguneroko erabilera informala da eta hor arnasguneek sendotasun handiagoa daukate, baina ezin dugu pentsatu hizkuntzaren aurrerabidea horren esku bakarrik dagoenik. Kontrakoa ere ezin dugu pentsatu, euskararen erabilera eremu formalean ari da aurrera egiten eta hor badaukagu maila informalean pauso bat emateko premia. Osotasunari begiratu behar diogu.

Hainbeste hari-muturrekin, bada zer eta non ikertzen segitu.

Bai. Esaterako, egin dugun argazki orokor horretan, udalerriak hartu ditugu subjektutzat. Azterketa hori egin daiteke adinaren ikuspuntutik, Euskal Herriko 30 urtetik beherako herritarrak hartzen baditugu, zer geografia daukagu? Geografia horretan nabarmena da Bizkaiak zer nolako pisua daukan. Askotan aipatzen da euskalgintzaren gipuzkoazentrismoa; bada, ezagutzari begiratzen badiogu, Bizkaia da gero eta pisu gehiago daukan lurraldea.

Generoaren ikuspegitik ere egin daiteke beste azterketa bat. Eta datu soziolinguistikoetatik harago ere egin daiteke beste azterketa bat, adibidez eskoletako hizkuntza ereduen bilakaera zein den lurraldearen arabera, ikusteko horrek berak nola eragiten dion euskararen ezagutzaren aurrerabideari. Eta hor adibide argiena Nafarroa da, Nafarroan gero eta hegoalderago joan ezagutza txikiagoa nola den, baina baita ezagutzaren hazkundea ere. Konparatzen badugu Arabako Errioxarekin edo Lizarratik hegoaldeko eskualdeen bilakaerarekin, nabarmena da hezkuntzan egin ez den aurrerapenak nola eragiten dion euskararen ezagutzari. Nafarroan ustez zabalduko omen den zonifikazioari buruzko eztabaidan mahai gainean jarri beharreko gaia da.

Askotan totem gisa aipatzen da euskararen ofizialtasuna, baina ez dakigu zer nolako ondorioak izango dituen horrek. Bada, euskararen ofizialtasunak mahai gainean jarri behar lukeen gaietako bat hezkuntzarena da eta uste dut korapilo nagusiena hor dagoela. Gaur egun Nafarroako herririk populatuenetan -erdialdeaz eta hegoaldeaz ari naiz- ikasle multzo oso-oso zabal batek ez dauka harremanik euskararekin, beraz, alde horretatik hazkundea lortzea oso zaila da.

Hari-mutur horietatik ea eztabaida batzuei ekiteko eta datuekin errealitate batzuk mahai gainean jartzeko gai garen. Gaur egun Nafarroako herritar gehienak euskara ofiziala ez den eremuetan bizi dira, eta azken datu soziolinguistikoek argi erakusten digute Nafarroako euskaldun gehienak euskara ofiziala ez den udalerrietan bizi direla. Beraz, garbi izan behar dugu ofizialtasunaz ari garenean ez garela ari lege batean idatzitako esaldi bati buruz, baizik eta herritarrei buruz, hizkuntzaren aurrerabideari buruz eta hizkuntza eskubideei buruz.