JAN. 13 2024 ITSASOA BASAMORTUAN Neurri berritzaileak Txilen eta Txinan, klima aldaketaren aurkako ekinean Txilen zein Txinan, basamortuak eskaintzen duen eremu zabal eta eguzkitsua erabili dute plaka fotovoltaikoak jartzeko eta zerutik begiratuta itsasoa diruditen parkeak sortzeko. Energiari dagokionean inoren mendeko izateari uztea da helburua, baita energia fosilak alde batera uztea ere. Langileak Cerro Dominador instalazioan, Txilen. (Pablo COZZAGLIO | AFP) Nerea LAUZIRIKA Txileko iparraldean dagoen Atacamako basamortuan, munduko idorrenean, Latinoamerikako dorre termosolar bakarra dago, aldaketa klimatikoaren aurkako iraultza energetikoaren ikurra. 240 metroko eraikuntza erraldoia da, eta Txilen 2019an abian jarri zuten energia berdearen asmo handiko programaren zutabeetako bat da. Ekimenaren bidez, 2040. urterako erregai fosilak erabat ordezkatu nahi dituzte herrialdean. Halaber, Txinako Kubuquiko basamortuan eta Taklamakanekoan plaka fotovoltaikoak jarri dituzte, arearen erdian itsasoaren itxura duen masa bat osatzen dutenak. Horri esker, espero dute energia berriztagarrietarako aldaketan aurrea hartzea, momentu honetan mundu mailako herrialderik kutsatzaileenetako bat bada ere. Txiletarrek “Eraztunen jauna” sagako Sauronen dorrearekin alderatzen duten Cerro Dominador zentral elektrikoaren ekoizpen termosolarrarekin batera ari da aurrera egiten Alba Proiektua. Munduan aitzindaria da termoelektrikoa ikatz bihurtzen, energia berriztagarrietan oinarritutako biltegiratze-sistema handi batekin. Bi instalazioak Antofagastan daude, Santiago hiriaren iparraldean, 1.300 kilometrora. Lehena 2021etik dago martxan eta bigarrena, aldiz, lehen gauzatze fasean dago oraindik. «Duela hamar urte inork ezin zuen imajinatu Txileko energiaren herena baino gehiago etorriko zela eguzkitik eta haizetik 2030. urtea baino lehen. Anbizio handiko helburu bezala ikusten zen eta gainditu egin dugu», azaldu dio AFPri Marcelo Mena Txileko Ingurumen ministro izandakoak. Gaur egun, Txilen sortutako energiaren %35,4 da energia eolikoa eta eguzki energia, eta %37,2 Sistema Elektriko Nazionalean (SEN) sortutako iturri hidrikoetatik dator. Petroliotik, ikatzetik eta gasetik eratorritako energia sortutako guztiaren %26,9 da; hots, berriztagarriak ehuneko altuagoa hartzen du fosilak baino. «Munduan oso herrialde gutxik finkatu dute, Txilek egin bezala, energia berriztagarriaren industria bat», nabarmendu du Marta Alonsok, Global Energy Services etxearen Hego Amerikarako zuzendariak. Enpresa haize- eta eguzki-industriarako zerbitzuen hornitzailea da mundu mailan. Ekimena aitzindaria bada ere, hasierako bultzada handiaren ondoren, matrize energetikoa aldatzeko beharrezko legedi faltagatik prozesuak erritmoa galdu zuela gaineratu du Alonsok. Cerro Dominador instalazioko dorre nagusia barrutik. AFP Biltegiratzeko alternatiba Agian, deskarbonizaziora bidean izaten den oztopo handienetako bat biltegiratzea da. Energia mota oro, sortzean erabiltzen ez bada, galdu egiten da, txorrota ireki batetik urak ihes egiten duen modu berean. «Dilema bat da, biltegiratzea ez baita behar beste heldutako teknologia oraindik», adierazi du Alonsok. Txilen bestelako aukeraren bat aztertzen hasi dira, eta dagoeneko zabaldu dute munduko beste leku batzuetara ere. Cerro Dominador eta Alba Proiektua Atacamako basamortutik ateratzen duten “eguzki-gatz” delakoarekin elikatzen dituzte. “Eguzki-gatza” potasio nitratoz eta sodio nitratoz osatua dago, eta, galdatu eta egoera likidoan mantenduz gero, energia gordetzeko aukera ematen du. «Alba Proiektuaren kasua bakarra da munduan. Unibertsitate batetik kanpo egindako tamaina horretako biltegiratze termikorako Carnot baterien proiektu bakarra da», azaldu dio Diego Pardow Txileko Energia ministroak AFPri. «Gure proiekzioa da ikatz zentralak desagertzen doazen heinean», landare termosolarrek eta «zentral horiek Alba proiektua bezalako baterietara birmoldatzeak» ordezkatuko dituztela. Horrela, Txilek aurrera egin du Latinoamerikako krisi klimatikoaren aurkako borrokan, munduan CO2 gutxien isurtzen duen eskualdeetako bat baita, adituen arabera. plaka fotovoltaikoak basamortuan, Txinan. GETTY Ikatzetik eguzki-gatzera Cerro Dominador dorrea 10.600 ispilu edo heliostatoz inguratuta dago, eta hauek ekilore moduko bat osatzen dute eraikinaren azpian. Mota horretako munduko laugarren planta da, eta bakarra da Latinoamerikan. Eguzki gatzak hobietatik doaz egituraren puntara. Bertan, eguzki izpiak islatzen dituzten ispiluek 565 ºC-ra arte berotzen dituzte. Gero, hodi berberetatik jaisten dira turbina mugitzen duen lurruna sortzen duten ur-edukiontzietaraino, elektrizitatea sortuz. Instalazioak 110 megawatteko (MW) edukiera du. «Gatzei esker, 17 orduko biltegiratzea lortzen dugu», azaldu du Ivan Abella Cerro Taldeko Eraikuntza Korporatiboko gerenteak. Beraz, «energia-iturria eguzkia izateari uzten diogunerako gatzak dituen ontzi batean biltegiratuta daukagu», gaineratu du. Alba proiektuak teknologia bera erabiliz AES etxeko Angamos enpresa termoelektrikoa eraldatzeko asmoa ere badu, 2011n abiatutakoa. «Zentral honen aktiboen erdia mantenduz (Angamos), bateria bihurtuko litzateke, eta energia elektriko berriztagarria erabiliko luke», azaldu dio Vanni Boggio AES Txileko Ipar Konplexuko kudeatzaileak AFPri. Alba Proiektua energia fotovoltaikoz eta eolikoz hornituko da, eta, aldi berean, gatzak berotuko ditu, gaur egun darabiltzaten erregai fosilak ordezkatuko dituztenak, egungo 560 MW-ko potentziari eusteko. Alba «oso proiektu interesgarria da (...). Hurbiletik ondo jarraitu behar da, irtenbide bat izan daitekeelako», panazea ez bada ere, zehaztu du Marta Alonso Global Energy Services etxearen Hego Amerikarako zuzendariak. Txina ere aitzindari Txinako basamortuaren erdian azaleratzen den itsasoak herrialdeko iraultza energetikoa agerian uzten du. Uste zena baino lehenago ere jo lezake isurien goia Txinak. Honen aurrean, Pekinek basamortuak erabiltzen ditu bere iraultza energetikoa ezartzeko oinarri gisa: «Historian ez da honekin alderatu daitekeen ezer egin». Txina munduko hirugarren herrialderik handiena da, azalerari dagokionez. Lursail zabala duenez, klima, baso eta ekosistema desberdin ugari ditu. Horien artean, Kubuquiko basamortua eta Taklamakanekoa nabarmentzen dira, Mongolia Interior eta Sinkiang eskualdeetan daudenak, hurrenez hurren. Basamortu hauetan fenomeno bisual ikusgarria ari da gertatzen. Izan ere, zenbait lekutatik erreparatuz gero, badirudi itsaso bat ari dela sortzen hondarraren erdian. Ordea, itsaso horrek ez dauka urarekin zer ikusirik. Ilaraz ilara, milaka eguzki-panelek estaltzen dute Barne Mongoliako zerrenda hori, bestela idorra izango litzatekeena. Panel horiek energia berdearen proiektu baten pieza nagusia dira, 1,1 milioi etxe hornitzeko aski elektrizitate ematen dute. Itsaso erraldoia Xi Jinping presidentearen planaren zati txiki bat baino ez da, gizakiaren ekimenez sortutako energia-ahalmenaren hedapenik handiena egiteko. Hamarkada honen amaierarako, Txinak energia berriztagarrien horrelako 225 base erraldoiren baliokidea eraiki nahi du herrialdearen barnealdeko eremu zabaletan. Bloomberg agentziak argitaratu duenez, kanpaina honek energia sektore osoa irauli dezake. Helburua da Txinako erregai fosilen eskaria geldiaraztea, energia-inportazioekiko mendekotasuna murriztea eta munduko kutsatzailerik handiena berotegi-efektuko gasen emisioak zerora murrizteko bide iraunkor baterantz gidatzea. Txinak energia gehiago sortzea ere badu helburu, “Made in China 2025” plana modu jasangarrian osatzeko. Cerro Dominador, airetik. Pablo COZZAGLIO Basamortu energetikoa Behin horiek osatuta, energia berriztagarrien base horiek 455 gigawatt turbina eoliko eta eguzki-panel batuko dituzte. Txinatik kanpoko edozein herrialdetan gaur egun dagoena baino energia garbia sortzeko gaitasun handiagoa da, eta Indiako sare elektriko osoaren tamainakoa ia - ikatz-plantak eta erreaktore nuklearrak barne -, hots, munduko hirugarren sistemarik handiena. «Ikaragarria da», azaldu dio Bloombergi Cosimo Ries Shanghain egoitza duen Trivium Chinako energia analistak. Bloombergek egindako analisiak agerian utzi duenez, eguzki-energia eta energia eolikoa hedatu egin dira, eta Txina errekorrak lortzeko bidean dago. Hainbeste energia garbi ari da sortzen, non herrialdea 2030eko epemuga baino askoz lehenago irits bailiteke emisioen gailurrera. Sultan Al Jaber COP28 presidenteak 200 estatu baino gehiago presionatu zituen Dubain egindako Nazio Batuen goi-bilera klimatikoan, hamarkada honetan zehar energia berriztagarrien sorrera hirukoizteko konpromisoa har dezaten. Helburu hori munduak “zero garbia” delakoa lortzeko egin dezakeen ekintzarik garrantzitsuena dela baieztatu zuen Nazioarteko Energia Agentziak. BNEFetik egindako txosten baten arabera, Txinak energia berriztagarrien ahalmena 3,9 terawatt ingurura handituko du 2030erako; hots, 2022ko kopurua halako hiru baino gehiagora. Al Jaberrek Dubaiko gailurrean parte hartu zuten nazioei mundu mailako erabatekoa 11 terawattera igotzeko eskatu die. «Txinak haize- eta eguzki-oinarri handi horiei esker lortuko du bere energia-sistema berrian funtsezko eginkizuna betetzea», baieztatu du Michal Meidanek, Oxfordeko Ikerketa Energetikoen Institutuko Txinako energia-ikerketako buruak. Proiektuen hasierako zatiaren ondoren, beste eremu batzuetara ere hedatuko dute egitasmoa. Besteak beste, Gobi basamortuaren iparraldera eta Taklamakan mendebaldera. Biek ala biek funtsezko eginkizuna bete izan dute nazioaren garapenean, inbaditzaileengandik babesteko ezinbesteko baliabidea izan baitira, muga natural gisa. Orain, ordea, bi basamortuek beste funtsezko eginkizun bat beteko dute, kasu honetan, Txinako iraultza energetikoan. Eguzki-energia eta energia eolikoa horrenbeste hedatu dira, non Txina 2030eko epemuga baino lehen iritsi bailiteke emisioen gailurra jotzera Pekinek basamortuak erabiltzen ditu bere iraultza energetikoa ezartzeko oinarri gisa: «Historian ez da honekin alderatu daitekeen ezer egin» Deskarbonizaziora bidean izaten den oztopo handienetako bat biltegiratzea da. Energia, sortzean erabiltzen ez bada, galdu egiten da, txorrota ireki batetik ura galtzen den bezala BNEF-k egindako txostenaren arabera, Txinak energia berriztagarrien ahalmena 3,9 terawatt ingurura handituko du 2030erako; hots, 2022ko kopurua halako hiru baino gehiagora