Saioa Aginako
Psikoterapeuta
3 BEGIRADA:

Askatasunaren beldur

Pertsona asko zapuztuta bizi dira.
Pertsona asko zapuztuta bizi dira. (Katarzyna BIALASIEWICZ | GETTY IMAGES)

Giza kondizio modernoaren paradoxetako bat da gizabanakoak nolabaiteko borroka etengabea izatea bilatzen duenaren, gizarteak izatea eskatzen dionaren eta egoera jakin batzuen pean izan daitekeenaren artean. Gure garaiko pertsona asko zapuztuta bizi dira, beren benetako desioei sortzen eta loratzen uzten ez dietelako; beste batzuk "zanpatuta" bizi dira, gizarteak ezartzen dien etengabeko arrakasta, produktibitate edo etekin-eskaerak direla-eta; azkenik, badira errealitatearekin etengabe talka egiten dutenak ere, ez direlako konturatu beren bizi-baldintzetan zenbait gauza bakarrik direla posible, eta ez oro, edo ez une horretan, edo ez bilatzen ari diren moduan behintzat.

Beraz, nola aurkitu oreka? Ba al dago puntu bat gizakiak bere nahia pertsonalki, sozialki baloratua izanez eta bere egoeraren arabera asebeteta sentitzeko moduan gauzatzeko? “El miedo a la libertad” (1941) lanean, Erich Fromm psikologoak horri buruzko irakaspen baliotsua eskaini zuen, eta, bereziki, argudiatzen zuen niaren errealizazioa deiturikoa zergatik funtsean askatasuna lortzea besterik ez den.

Frommenen aburuz, gizakiok nagusitasun eta erabilpen gehiegi ematen diogu gure zati arrazional eta borondatezkoari. Ondorioz, ez dugu gure burua den bezalakoa hautematen: azken finean, kontraesankorrak, nolabait ezegonkorrak eta gure buruarekiko eta gure baitan darabiltzanekiko ezjakinak gara. Baina kontua ez da hori guztia aitortzea, baizik eta konturatzea ez dugula dugun ahalmen izugarria dimentsionatzen, eta, gure indarra askotan kontziente ez garen beste zeregin batzuetara bideratuta dagoela.

Horrela, orokorrean, gure zati arrazionalari egiten diogu kasurik gehiena. Gure urte berrirako proposamenak adibidez, arrazoiari entzunez zerrendatzen ditugu: ariketa fisikoa egitea, dieta bat betetzea, ikasten denbora gehiago ematea... eta, aldiz, gutako zenbatek ez ote dugu utzi hasieran argi eta garbi eta borondatez planteatu genuen asmo bat? Frommi jarraitzen badiogu, asmo hori gaiztotu egiten dela erantzun dezakegu, gure zati emozionalari arreta jartzen ez diogulako. Frommen ustez, alderdi intelektuala eta emozionala integratzeko prozesu horren zati bat gure ezaugarri estimatuenetako bati buruzko kontzientzia hartzean oinarritzen da: berezkotasunean.

Berezkotasuna pentsatzeko eta jarduteko moduan naturala eta zintzoa izateko trebetasuna da. Ez du zerikusirik gauza originalak edo burutsuak egitearekin edo esatearekin; gardena denari eta den bezala agertzen denari egozten zaio, bai bere jokabidean, bai bere hitzetan. Espontaneoa izatea ongizate emozionalaren adierazlea da.

Gainera, berezkotasuna, giza harremanak errazten dituen bertute handia da. Bigarren asmorik edo zeharkako mezurik ez dagoenean, dena da errazagoa. Izan ere, espontaneoak direnak edozein egoeratan jaulkitzen dira, segurtasun-klimak sortzen dituzte eta besteei egia esaten laguntzen diete, beren naturaltasunari esker.

Izan ere, geure berezkotasuna ezagutzen dugu, badakigu nolakoa den eta, nolabait, hor dugu gure ahalmenaren zantzu bat. Hala ere, gu geu gara maiz bat-batekotasun hori "hiltzen" dugunak eta erabat agertzen uzten ez dugunak.

Beraz, norbanakoa bere ingurunera egokitzeko, berezkotasuna funtsezko eragilea da, egokitzeak nork bere askatasuna suntsitzea edo galtzea ekarri gabe, baizik eta, aitzitik, hau erabili eta garatzeko aukera handiagoa izanik. Berezkotasuna gure egitean, gure buruaz gozatzen dugu eta “hazi” egiten gara. •

saioaaginako@gmail.com