JAN. 20 2024 Tragikomedia Xabier Mikel ERREKONDO 2024a badoa abiada bizian eta hobe dugu lehenbailehen heldu, bestela arriskua dago norberarena baino ez den bizitza beste norbaitek gidatzeko, eta orduan bai komeriak… Komediatik badu galanki San Sebastian eguneko danborradak, tragedia galanta izan zena jai giroan ospatzen dugunean. Nago gaur-gaurkoz danbor harrabotsen goreneko ospakizuna ahanzturak eragindako tragikomedia ariketa arin bat dela. Danbor hotsek, niri behinik behin, su eta tiro eraileen burrunba didate adierazten eta halakoetan, guda orotan lez, irabazleak eta galtzaileak izaten dira; eta nago Donostiako herriak, eta are gutxiago herritarrek, nekez zutela ospatzeko ezer irabazi. San Sebastian egunak, jai egunaz gain (Donostian egiten baitut lan), kolpean danborrak eta angulak dakarzkit iruditeriara. Lehenak napoleoniko eta portuges-ingeles-espainol soldaduak tiro hots eta odol amaraunean borrokan Bretxa parean, eta donostiarrak kaltetuenak, milaka eraildako, bortxatu… eta guztia sugarretan erreta. Bigarrenak tradizio modernoan bigun justifikatutako eszentrikotasun paregabea. Biak ala biak dira San Sebastian egun handiaren musikaren parte, baina abestiek diskurtsoek eta aginduek baino gehiago dezakete herritarra manipulatu. Izan ere, abesti popularra ez da beti herritarrengandik sortua, aitzitik, izan liteke manu-militari olatuz olatu ziztatua pozoitzeraino, mina eta malkoak ordezkatzeraino ospakizunezko danbor-hotsez. Jakina da memoriarik gabekoek aukera gehiago dutela zoriontsu izateko eta, noski, izan gaitezen zoriontsu, baina ez edozein preziotan. “Sebastian bat bada zeruan…”. •