Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna
3 BEGIRADA:

Bai, kontakizunak garrantzia du

Diskurtso adostuek izugarrizko eragina dute gure barnean.
Diskurtso adostuek izugarrizko eragina dute gure barnean. (GETTY)

Zeinen garrantzitsua den nola kontatzen dugun. Norberak kontakizun desberdinak sortzen ditugu kanpoan gertatzen dena eta gure izatea azaltzeko. Hau nola egiten dugun klabea izan daiteke gure egoteko, sentitzeko eta bizitzeko moduan. Esaldi batek hala dio: ez da zer gertatzen zaigun soilik, gertatzen zaiguna nola kontatzen dugun baizik. Honi bueltaka nabil azkenaldian eta, askotan egiten dudan moduan, idatzi hau honi buruz hausnartzeko probestuko dut.

Identitateak nola eraikitzen ditugun gai konplexua da, faktore eta bizipen ugariren nahasketa dela esango nuke. Eta horien artean, hitzek, kontakizunek, eragin zuzena dute. Kanpokoak (gure harremanek, kulturak, sinismenek) indar handia hartzen du zentzu honetan, diskurtso adostuek izugarrizko eragina dute gure barnean gertatzen zaizkigun sentsazio eta bizipenei hitzak jartzeko orduan. Esan daiteke diskurtso “onak” eta “txarrak” daudela, adostuagoak eta baztertuagoak. Normak berarengan hartzen ditu kontakizun “onenak” (bere interesak babesten dituenak, noski), eta diskurtso hauek konpartitzen ez dituztenak kondenatu egiten ditu. Kondenatzeko moduak aldatuz doaz formetan, baina helburuak ez dira aldatzen; nolakoa izan behar duzun markatu eta, horrenbestez, nolakoa ezin duzun izan agindu.

Kontaketa bakar eta hermetikoek sortzen duten mina nabarmena da. Jende askoren bizipenak kanpoan uzten ditu, hauek kondenatuz eta zigortuz, honek suposatzen duen sufrimendu guztiarekin: «Ez baldin baduzu nik esaten dudan bezala kontatzen, zu zara ondo ez dagoena. Arazoa zu zara». Eta hau da diskurtsoek duten tranpa handiena, esatea arazoak pertsonak direla, ez kontakizuna bera. Eta zer nahi duzue esatea, terapia narratiboak dioen eran: arazoak dira arazo eta ez pertsonak.

Izugarrizko erresistentziak topatzen ditugu kontakizun “berrien” aurrean, gure diskurtso horiek zalantzan jartzen dituzten kontakizunen aurrean, alegia. Nahiago izaten dugu kontaketa zaharrekin jarraitu, gure hitzak aldatu baino. Nahiago izaten dugu jendearen bizipenak kondenatzen jarraitu, kontaketa jatorragoak sortu baino. Nahiago dugu binarismoan jarraitu, identitate anitzak daudela onartu baino. Nahiago dugu monogamia ez den guztia patologia bihurtzen jarraitu, maitatzeko modu desberdinak daudela onartu baino. Nahiago dugu bizitza bizitzeko modu onak daudela sinesten jarraitu, modu desberdinak onartu baino.

Gure buruak bizitzeko, sentitzeko, maitatzeko, besteekin harremanak sortzeko… moduak anitzak dira. Ez da abstraktua den zerbait, gertaera bat baizik. Gauza da horiekin zer egiten dugun eta zer egin nahi dugun. Zugandik desberdin bizi denarekin zer egin nahi duzu? Kartzela batean bizi den identitate batek bere askatasuna eskatzen duenean, hor dagoela esaten duenean, zer egin nahi duzu horrekin? Kasu egin nahi diozu? Ulertu nahi duzu? Epaitu nahi duzu? Kondenatu, agian? Hori da kontua. Ez da iritzi kontu bat, ardura kontu bat baizik.

Kontakizun kolektibo jatorragoak sortzea gure ardura ere bada. Oso zaila egiten zaigu gure kapitulu propio jatorragoak sortzea kanpo diskurtsoak aurka ditugunean. Elkarrekin ipuinak sortzeak bizigarriago egin gaitzake. Konta dezagun polit eta jatorrago, eta utz dezagun besteek ere hala egin dezaten. •