GAUR8 - mila leiho zabalik

Santa Ageda


San Anton joan da, badator Santa Ageda eta gogoratu naiz orain urte asko, santa horri buruzko erreportaje bat egiten ari nintzela, siziliar neska erdi aroko sex simbol gisa definitzea bururatu zitzaidala, kronikari garaikideak haren edertasun itsugarriaz nola mintzo ziren ikusita, eta kexa batzuk jaso nituela, fede kontuak fribolitate gehiegiz tratatzen nituelako. Siziliako aktoreren bat izango nuen buruan, asko ziren garai hartan, edo italiarrekin fijazioren bat izango nuen, laneko ordenagailuko pantailan ere Monica Belucci gazte baten irudia bainuen, biluzik, beste batzuek Mont Blancen profila edo Ipanemako hondartza zuten bezalaxe.

Badakit Santa Ageda genero indarkeriaren biktima izan zela eta horren oihartzun gisa beharbada leku batzuetan, Gaztelan eta Leonen esterako, emakumeei entregatzen zitzaiela egun horretan udaleko aginte makila. Orain seguruenik udal horietako asko emakumeen esku egongo dira. Baina Europa osoan hedatu zen martiriaren izena eta, dirudienez, emakumearen edertasuna izan zen genero maskulinoa liluratu zuena; eta zinemarik eta Youtuberik ez zen garai haietan, pentsatzekoa da gure arbasoek, voyeur asegaitzen gisan, tarte luzeak egingo zituztela hari begira elizako ilunpeetan, beste arbaso batzuek San Sebastian gazte eta ederraren irudiari begiratuko zioten antzera.

Kexak jaso nituen, baina gutxi egongo dira santa hori nik adina maitatu duenik. Umeak ginela, aita koplari ateratzen zen eskeko talde handi batekin, eta goizeko lauak aldera atarira iristen zirenean, amak esnatu egiten gintuen atearen bestaldetik aitaren koplak entzuteko, ordurako ahotsa erabat hondatuta bazekarren ere. Koskortu ginelarik, aitak idatzitako santaren bizitza kantatuz ibiltzen ginen etxez etxe. «Santa Agedan azkenan berri nahi duenak enteratu/ Cataniako ziudadean hil zen eta enterratu», kantatzen genuen. Gerora ere gogokoak izan ditut santa eskeak eta seguru nago datorren asteburuan ere, neure kasa besterik ez bada, koplaren batzuk botako dizkiodala; zeren eta santa miresgarri asko baitira, santa Katalinak bioleta usaina omen zuen hil ondoren, Santa Teresak jasminarena, baina ederrean ez dago Agedari irabaziko dionik. •