Nerea GODOY FUENTES
Hezitzailea eta Bizipozako kidea
3 BEGIRADA:

Haragi kolorea

Bi pertsona Angelica Dass brasildarraren Humanae proiektuari begira.
Bi pertsona Angelica Dass brasildarraren Humanae proiektuari begira. (WIKIMEDIA)

Marraztea izugarri gustatzen zaio Joanari, kolore urdina bereziki maite du. Argizariek eskuak margotzen dizkiote, ortzadar koloreak geratu zaizkio eta pozarren dago. Harik eta oroitzapen bat burura etorri zaion arte, izan ere, aurreko batean aitarekin parkean zeudela heldu batek galdetu zion: nongoa zara? Galdera erraza izanik, Joanak berehala erantzun zion bergararra zela. Haatik, helduak barre txiki batez galdetu zion berriro: bai, baina nongoa?

Bere koloretako eskuei erreparatuz, amari galdetu dio: ama, zergatik ez zidan sinetsi?

Norbere pantonea

Eta orain dator galdera: zein ote da euskaldunon azalaren kolorea? Angelica Dass argazkilari brasildarrak 4000tik gora laguni argazkiak egin zizkien eta bere sudurreko “pantonea” atera zuen 2012an egindako Humanae proiektuan. Pantonea kodeen bidez identifikatutako kolore gida bat da, hau da, lau mila azal koloretik gora daudenaren froga bizia. Ez daudela kolore bereko bi pertsona, alegia. Hortaz, zergatik da horia eta laranjaren artean datorkigun argizari hori “haragi kolore” izenez ezagutzen dugun argizaria? Nire haragia ez da kolore horretakoa, ez zurea, ezta Ndank-ndank elkarteko lagunena ere.

Woloferaz, poliki-poliki

Horixe da ndank-ndank-en esanahia, Bergara eta Senegalen arteko elkarrekintza eta komunikazioa bultzatzen dute, kulturartekotasunean haziz eta heziz. Bergararrek, senegaldarrek, bergarar-senegaldarrek, senegaldar bergarartuek eta bergarar senegaldartuek osatzen dute “dankan dankan” irakurtzen den talde polit hau. Senegalen kolore guztietako oihalak lantzen dituzte, guzti-guztietakoak, eta Bergaran arropa, zapiak, diru-zorroak eta abar egiten dituzte. Dionewar herrira joaten dira tarteka; bertan, kultur etxea eraiki dute berriki. Herri batetik bestera doan zubi eder bat eraiki dute elkarrekin, elkarrentzat, besoak beti zabalik dituena, ez baitu aterik, beti dago zabalik. Senegal edo Teranga: kanpotarrak beso zabalik hartzen dituen herria. Terangatik Euskal Herrira, mugarik gabeko maitasuna eta kultur trukea ahalbidetzen du elkarteak.

Kultur aniztasunetik kulturartekotasunera

Bergaran, bada, Euskal Herriko beste herri askotan bezala, Terangatik etorritakoek osatutako komunitate bat. Gure artean bizi dena baino, gurekin batera bizi beharko lukeena. Horretarako lehen urratsa zein ote? Ba akaso, terangar egin gaitezen denok, eta munduan jaiotako pertsonak beso zabalik hartu behar ditugula ikas dezagun. UEMAk berriki egin duen kanpaina oinarritzat hartuz, egin diezaiegun euskaraz lehen hitza, eta Joanak bergararra dela esaten duenean, onar dezagun.

koLoreak

Eta zuk, hezitzaile, zer ikusten duzu zure gelan? Ortzadarra margotzen dugunean, denek zipriztintzen dituztela eskuak gorriz, laranjaz, horiz, berdez, urdinez eta morez, denek egiten dutela euskaraz irri, denak pozten direla bere izena idazten duten lehen aldian, denak direla ume. Gure jatorria ezagutzea ezinbestekoa da, baina ez dadila sekula baldintza bat izan gure noranzkoan. Hitz egin dezagun koloreez, jatorriez, kulturez, ohiturez, elkarrengandik jasoz eta elkarrekin aberastuz, elkarri emanez eta geroa marraztuz. •