GAUR8 - mila leiho zabalik

«Chiquito» pilotaria, opera baten protagonista

(ATELIER NADAR. BIBLIOTHEQUE NATIONALE DE FRANCE.)

1909ko urriaren 30ean, Parisko Opera Komikoaren Antzoki Nazionalean, "Chiquito, pilota jokalaria" opera estreinatu zen lau ekitalditan, Henri Cainek idatzia eta Jean Nouguesen musikarekin. Chiquito pertsonaiaz gain, operak beste pertsonaia batzuk ere eramaten zituen eszenara, hala nola Pantchika eta Maddi sopranoak eta Eshkerra eta Etchemendy baritonoak. Operaren egileek Pierre Loti idazleari eskaini zioten, “Ramuntcho” liburuaren egileari, besteak beste. Opera sustatzeko erabili zen argazkia Parisko Francell tenorearena izan zen, Chiquito pilotariaren papera egin zuenarena. 1909an Parisko Nadar estudioak egindako argazkiak, bere irudiari benetakotasuna eman nahian, Donibane Lohizunen bizi zen Ladislas Konarzewski argazkilariak XIX. mendeko 70eko hamarkadan egindako argazki batzuk gogorarazten ditu. Parisko Nadar estudiotik argazkilarien hiru belaunaldi igaro ziren, eta garairik interesgarriena XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrerakoa izan zen, besteak beste, Baudelaire, Victor Hugo, Alejandro Dumas eta Balzacen argazki-erretratu horiekin.