FEB. 10 2024 LANGILE MEMORIA: IKUSPEGI ARTISTIKO BAT Lanaren eta desagertu ez baina eraldatu den klase baten inguruko hausnarketa, oroimena eta aintzatespena «Langile Memoria» saiakera bisuala da. Ikuspegi garaikide batetik, langileekin eta lanarekin lotutako gaiei buruz irudi eta testuen bidez hausnartzen duten artista batzuen ekarpenak bildu dituzte erakusketa bihur daitekeen argitalpen batean. Langile Memoria erakusketaren ikuspegi orokorra. (Endika PORTILLO I FOKU) Xabier Izaga Liburu bat. Erakusketa bat. Lanaren ikuskerak, langileen memoria hizpide duen erakusketa, edo liburua. Irudi eta testu bidez langileen eta lanaren inguruko hainbat gairi buruz hausnartzen duten artista batzuen ekarpenak bildu dituen saiakera bisuala. Argitalpen bat, salgai dagoena baina ZAS Kultur aretoan bi hilabetez doan ikus daitekeena. Berez, karpeta bat da, zenbait liburuxka edo koaderno biltzen dituena, eta erakusketa karpeta horretako liburu edo koadernoen «destoleste posibleetako bat» da. Lanaren inguruko hausnarketa egiteko baliatu dituzten irudien eta testuen egileak Arte ederretako irakasleak eta ikertzaileak dira, edo bertan doktore tesia egiten ari direnak: Arturo/fito Rodriguez, Arantza Lauzirika, Natxo Rodriguez, Igor Rezola, Edurne Gonzalez, Camilo Torres, MawatreS, Maria Muriedas, Iñaki Billalabeitia eta Eider Eguren. Erakusketako lan batzuk binaka eginak dira; beste batzuk, berriz, egile bakarrarenak. Arantza Lauzirika artean eta ikus-entzunezko baliabideetan doktorea eta EHUko Arte Ederren Fakultateko Arte eta Teknologia Saileko irakasle titularra eta ikertzailea da. Berak aurkeztu zuen erakusketa. Azaldu zuenez, aspaldi heldu zioten Langile Memoria proiektuari. Hainbat alderdi eta emaitza dituen proiektua da, eta erakusketa hau emaitza horietako bat da, argitalpen bat egiteko ideiatik abiatuta sortua. Testuaz gainera, langileen inguruan hitz egiteko tresna izatea nahi zuten, eurek erabiltzen dakiten erremintetatik, arte plastikoetatik, hain zuzen. Argitalpen hori destolesteko modukoa izatea nahi zuten, aldi berean erakusketa bat izan zedin. Eta horixe da erakusketa, liburu baten edukia hormetan zabaldua. Gai bereko hainbat alderdi Galdera batetik abiatu zituzten beren gogoetak: zergatik dago langile klasea desagertu den pertzepzioa, klase batekoa izatearen sentsazio falta? Eta lanaren inguruan gizarte garaikidean aurkitzen diren paradoxei erreparatu zieten; esate baterako, Silicon Valeyn ezartzen hasi ziren enpresa eredu berria, artista bohemioa, independentea, nahi duenean lan egiten duenaren eredua; han, langileak seme-alabak edo txakurra eraman zitzakeen lanera, kafea doan ematen zioten, futbolina zeukan... ahalik denbora gehien eman zezan lanean; autoesplotazio modu hura, alegia. Lanarekin lotutako hainbat ideia jorratu dituzte: sabotaje, borroka, erreibindikazio eta protesta eskubidea; aisiarekin zerikusia duen guztia, nagitasun eskubidea barne: lanik egin nahi ez izateko eskubidea, Igor Rezolak aztertu duena; fabrikaren eraldaketa eta lan formatu berriak, Natxo Rodriguez eta Lauzirikak jorratu duten gaia; paisaia industrialaren aldaketa, zerbitzu paisaia bihurtu izana, alegia; lanarekin lotutako oroimena; MawatreS-ek egindako «monumentua»... Natxo Rodriguez eta Arantza Lauzirika erakusketaren inaugurazioan. (Endika PORTILLO / FOKU) Kontaketa gurutzatu bat osatu dute, eta euren ikerketaren abiapuntuan, XX. mendeko lantegi eta meategietako langileak irudikatzerakoan arteak eta hedabideek erabiltzen zituzten kodeak daude, «lanari eta langile-izaerari buruz XXI. mendean erabiltzen den terminologiaren bilakaera ere aztertuz», liburuaren eta, beraz, erakusketaren sarreran diotenez. «Historikoki produktibotzat eta soldatapekotzat hartzen ziren langile haiekin hasita (gainbalioaren sortzaileak) eta etxeko sistema osoari eusten ziotenengana iritsiz (hau da, ustez produktiboa ez zen lana egiten zutenengana iritsiz); kontuan hartuta azken horiek langileen atsedena, elikadura eta mantenua ahalbidetzen zituztela, ekoizpen-katera egunero itzul zitezen. Saiakera bisual bat, besteak beste borroka, erreibindikazioa, lanaren irudikapena, nagitasunerako eskubidea, elkarteen eraketa, lanaren inguruko komunitatea eta bizitza jorratzen dituena». Halaber, Rezolak Lauzirikaren zuzendaritzapean egindako doktore tesirako landu zuen ideiatik abiatuta, zenbait testu idatzi dituzte biek koadernoetako batean, artearen eremuan eta gizartean zer-nolako bilakaera izan den aztertzen dutenak. Hainbat gai, hainbat atal Rezolaren eta Lauzirikaren azterketa mendeetan erlijioarekin eta moralarekin lotutako jardueratzat jotzen zen. Hasieran lana duintasun eta aberastasun espiritualaren iturritzat jotzea Kapitalismoaren eraikuntzan eta haren garapena bultzatzeko orduan ezinbestekoa izan zen. Gero, Adam Smithek lanari funtzio erabat instrumentala eman zion eta helburua aberastasuna sortzea zen. Gizarte burges modernoan ekoizpen eredu berriak sortu ziren, eta Smithek berak onartu zituen haien «alde ilunak». Ez dira falta Marxen azterketak... gaur egungo ekintzailetza, ekonomia sortzailea, co-working espazioa eta antzeko kontzeptuetara arte. Eta ondorio paradoxiko bat: azkenean, artistak ere langileak dira; sortu diren zenbait ereduk, hala nola nor bere nagusia izanda askeagoa dela sinetsarazi nahi duenak, uste dute prekarizazio modu bat baino ez direla horiek; artearen munduan sarri bizi izan baitute eta gaur egun lan eremu guztietan ere gertatzen baita. “Begiratzea lan egitea da” esaldia agertzen den atalean, zenbait irudirekin batera, “Internazionala” kantua dago irakurgai, ‘lan’ hitza osatzen duten letrak ezabatuta: «Zutik _urrea_ kondenatu zaren ___gi_e triste_, _ekez ginen e_k_rga_atu (...)». «Begiratzea lan egitea da». (Endika PORTILLO / FOKU) Atal berean, Harun Farocki zinemagileak, “Desconfiar de las imágenes” saiakeran Robert Bressonen “Un condamné à mort s´est échappé” (Heriotza zigorra duen batek ihes egin du) filmari buruz idatzi zuen iruzkina: «Bere zeldako objektuak iheserako tresna bihurtzen dituen preso bat agertzen da. Koilara baten heldulekua zorroztu du tresna gisa erabiltzeko, oheko malgukiak desmuntatu eta elastiko eta maindire hautsien zerrendekin txirikordatu ditu soka bat egiteko. Inoiz ez da horrelako filmik egin lanari eta haren esanahiari buruz». Beste atal batek greba du gai: «Nola ikusarazi behar da greba zineman? Nola uztartu zinema grebarekiko? Nola irudikatu klase-kontzientzia irudikapenaren kontzientzia gisa?». Eta greba gai duten zenbait filmen gaineko iruzkin bana agertzen du. Hauek dira film horiek: Jean Luc Godarden “Tout va bien” (Dena ondo doa), Herbert J. Bibermanen “The Salt of the Earth” (Lurraren gatza), Ken Loachen “Bread and Roses” (Ogia eta Arrosak), Vsévolod Pudovkinen “Mama” (Ama), Colectivo de Cine de Madrid taldeak egin zuen “Vitoria 3 de marzo” (Gasteiz martxoak 3) dokumentala, Joaquín Jordàren “Numax presenta” (Numaxek aurkeztuta) eta Sergei M. Eisensteinen “Stachka” (Greba). Zaintzari eskainitako atalean, alfabetikoki ordenatutako hamaika hitzez osatutako poema ageri da: «Ama cama abrazo/ bañar baba ohea/ chupar cuerpo domestico/ dormir lo besarkatu/ egon estar etxean/ (...) kulunka implicar jolasaldi/ lugar kezka llanto/ mujer mamífera madre/ nacer rozar nahi/ ñimiño ñoño ñabardura/ (...) unir batu lekua/ vulva valor vegetal/ w generación sándwich/ xahutu nortasun xarmant/ yacer geldi tabarra». Eta haren azpian, iruntzia izan litekeena. Ikus-entzunezkoa Otsailaren 8an, dokumental bat proiektatu zuten ZAS Kulturren, «labur zirriborro bat», Lauzirikaren hitzetan: “Langile Oroipena. 1. kapitulua”. Ikus-entzunezko lan hori aretoan ikusgai dagoen Langile Memoria erakusketan parte hartu duten artisten lanetik sortu da. Glosategi baten antzera, XX. mendean langileek Euskal Herriko fabrika eta meategietan erabilitako hiztegiaren terminoak, ideiak eta definizioak bildutakoan abiatu zuten. Sektorearen gainbeheraren edo desagertu izanaren ondorioz, aurrerapen teknologikoen edo berrantolaketa ekonomikoaren ondorioz desagertu diren kontzeptuak, objektuak, zereginak eta egoerak, eguneroko bizitzako elementuak deskribatzen zituzten adierazpenak aztertzen ditu. Lehenengo kapitulu horrek lan denborak ditu ardatz: garai batean fabrikako adar hotsak markatzen zituen herri baten orduak, lanera sartzeko, bazkalordua, aisialdiaren hasiera; edo lan txandekin zerikusia duen terminologia, denborarekin eta laneko denborarekin lotura duena. Artisten hasierako ideia zenbait kapitulu egitea zen, betiere lan munduarekin zerikusia izango zutenak, batez ere desagertzen doan terminologia hori jasoz: «Larunbat ‘ingelesa’, larunbat osoan lan egitea, ondoren lanaldi erdian...». Horrelako bideo gehiago egiten jarraitzeko asmoa zuten, zaintza eta afektu lana gai hartuta, «ustez produktiboa ez zen lana, baina hura gabe gizartea ezin zen sostengatu», zehaztu du Lauzirikak. Hau da, erakusketan agertzen diren atalak ikus-entzunezko formatuan banakatzea zen artisten asmoa, horretarako lan gehiago egiten jarraitzea, baina, momentuz, herenegun ikusi zen dokumentala lehenengo kapitulua baino ez da. Hala ere, ez dute baztertu lan horrekin jarraitzea, «astia dugunean eta lanak uzten digunean», dio Lauzirikak barrez, «gustuz egiten dugun eta geure burua esplotatzen dugun beste lan mota hori». Aintzatespena “Langile Memoria”, ikerketa eta erakusketa interesgarria izateaz gainera, bada, halaber, langile klasearen aintzatespena agertzeko modua ere: «Era horretan, egitura ekonomikoa -baina batez ere aberastasun sozial eta kulturala- konfiguratu duten pertsonen lanaren balioa nabarmendu nahi dugu; izan ere, lan horren gainean egituratu da gure tokiko izaera, eta beraren gainean definitu da iragana orainaren eta geroaren eraikuntzaren abiapuntutzat hartu duen eta berarekin sentsibilizatuta dagoen herri honen historia. Langile klasearen barnean gurasoengandik seme-alabengana egiten den transmisio kulturala/politikoa gogoratu nahi dugu, ahaztutako eta iraindutako klase hori aintzatetsi nahi dugu, eta klase eta gizabanako gisa eraiki gaituen eta eraikitzen gaituen guztiaren balioa nabarmendu. Aisiaren hainbat alderdi (Endika PORTILLO / FOKU) Langile klasearen deuseztapen eta absentziaz hitz egiten da, eta klase gisa desagertu ez den arren (eraldatu egin da), desagertu dira identitate-zentzua ematen zioten elementuak, komunitate baten eta klase baten partaidetza-sentimendua ematen ziotenak». Langile klasearen aintzatespen hori nabarmena da erakusketa osoan, baita monumentu bat ere, edo, hobeto esateko, monumenturik gabeko omenaldia: «Idulki bat bistaratze-espazio bat da, alturan eta garrantziaren bidez gorputz baten irudikapena goraipatzeko eta nabarmentzeko; normalean, zutik edo zaldi gainean dagoen gizon baten irudikapena izaten da. (...) Oinarria, idulkia edo zutoina -ematen zaion izena zeinahi delarik ere- egiteko erabili den materiala ez da izango omendutakoa egiteko erabili den berbera. Material hori noblea, ederra, estetikoa eta iraunkorra izango da, jakina, baina beti markatu behar ditu desberdintasunak. Ogasuna guztiok gara, eta gizarte-klaseak ez dira existitzen, baina idulkia marmol, granito, zementu eta harriz jarriko didazu, eta garailea gainean daraman zaldia brontzez galdatuko didazu, mesedez. Irudikapena kendu zaion monumentu bati zutoina geratzen zaio, oinarria, podiuma, idulkia, euskarria..., eta hor identifikatu ditzakegu omenduarekin lan egin eta borrokatu zirenak, eta hargatik edo haren eskuetan hil zirenak. Brontzez jaiotzen den baina gero oinarria soilik geratzen den monumentu bat oinarria omentzen duen monumentu bat da. Horretan inplikatutako pertsona guztiak. Protagonistarik gabeko forma hegemoniko bat. Testuinguru eta esparru sozialaren euskarri den forma bat. Aurpegirik eta gorputzik gabe gatazka arnasten duen irudikapen bat, eboluzio moduan irtenbide formal bat eskaintzen duena. Idulkia besterik geratu ez zaion monumentu bat eszenatoki bat da. Gauzak gertatzen ari diren leku bat. Elkarri eragiteko espazioa, anonimoen lekua, iristea ahalbidetzen duena eta ukitu, jo, mailukatu edo musukatu daitekeena; bertan idatz daiteke eta tu egin dakioke. Heroirik gabeko idulki bat WORKING CLASS da». Ikerketaren abiapuntuan, XX. mendeko lantegi eta meategietako langileak irudikatzerakoan arteak eta hedabideek erabiltzen zituzten kodeak daude Lanarekin lotutako hainbat ideia jorratu dituzte: sabotaje, borroka, erreibindikazio eta protesta eskubidea; aisiarekin zerikusia duen guztia, nagitasun eskubidea barne «Langile klasean gurasoengandik seme-alabengana egiten den transmisio kulturala/ politikoa gogoratu nahi dugu, ahaztutako eta iraindutako klase hori aintzatetsi» «Klase gisa desagertu ez den arren, desagertu dira identitate zentzua ematen zioten elementuak, komunitate baten eta klase baten partaidetza sentimendua ematen ziotenak»