Belaunaldi berriak gogotsu datoz, euskal magia indarberritzeko prest
Magia kultur diziplina estimatua da, ikusleengan lilura berezia sortzen duena eta, testuingurua edozein dela ere, erraz ulertu eta gozatu daitekeena. Magia egitea, ordea, beste kontu bat da. Magiazale izatetik mago izatera igarotzeko ez dago truko miragarririk. Lan handia eskatzen du eta gazte asko dabiltza bide hori urratzen.
Duela hilabete pare bat, gabon garaiko oporrak baliatuz, "Gabon magikoak" ikuskizuna eskaini dute Gipuzkoako zenbait herritan. Formula, sinplea bezain erakargarria: ibilbide luzeko mago batek gidatutako ikuskizunean jendaurreko lehen pausoak ematen ari diren hiruzpalau mago gazte ezagutzeko gonbita.
Magiak badu bere tradizioa Euskal Herrian, eta hor dago azken hamarkadatan Txan, Eriz edo Tor bezalako magoek egindako lana. Era berean, kultur diziplina oso bizia da, beste guztiek bezalaxe belaunaldi berrien ekarpena ezinbestekoa duena aurrera egiteko.
Euskal mago gazte horietako lau dira Peio Rivas (Bilbo, 2003), Maria Arandia (Errenteria, 2002), Eneko Gutierrez (Legazpi, 2001) eta Xabi Linazasoro (Donostia, 1995). Bakoitzak bere egiteko modu propioak dituen arren, helburu eta ilusio asko partekatzen dituzte, eta arrakastatsua izatea espero duten ibilbide baten hasieran daude.
Hasierako lilura gogoan
«Azti lana, isileko edo ezkutuko bidez gertakari miragarriak edo itxuraz miragarriak sortzeko antzea; antze horri dagokion jakintza». Horixe Euskaltzaindiaren hiztegiak magia hitza definitzeko darabilen deskribapena. Eta lilura gehitu lekioke azalpenari, lilura sortzen baitu beste ezeren gainetik magiak ikuslearengan. Zenbait kasutan, gure protagonisten artean adibidez, norberak ere magia egiteko nahia sortzen duen lilura.
Izan daiteke lilura hori oso txikitatik etortzea, Xabi Magoak aipatzen duen moduan. «Beti gustatu izan zait antzerki mundua, eta bereziki magiaren arloa. Txikitatik amak askotan eramaten ninduen magia ikustera eta esan dezaket oso txikitatik zaletu nintzela. Nire lehen magia trukoak, adibidez, bideoan grabatuta daude eta nik lau urte besterik ez nituen», gogoratu du gipuzkoarrak.
Adina gorabehera, lilura horren erakusgarri da mago gehienek ederki gogoratzen dutela txundituta geratu ziren eguna. «Nik magia 2014an deskubritu nuen, 12 urterekin. Lagun batek magia truko bat egin zidan eta, nola ikasi zuen galdetu nionean, eskolako liburutegian zegoen liburu batean ikusi zuela aipatu zidan. Bi aldiz pentsatu gabe liburu horren bila joan nintzen eta pila bat gustatu zitzaidan. Liburu horretatik abiatuta, magiaren mundua deskubritzen joan nintzen», kontatu digu Eneko Gutierrezek.
Antzeko istorioa dago Peio Rivas bilbotarrak magiarekin izan zuen lehen harremanaren atzean: «Gaur da eguna ‘zorionez’ esaten dudana eta ez ‘zoritxarrez’, baina kontua da nik futbolean jokatzen nuela eta min hartu nuela. 15-16 urte nituen eta ohikoa baino denbora gehiago izaten nuen beste gauza batzuetarako. Justu garai hartan "Got Talent" saioaren lehen denboraldia ematen ari ziren telebistan eta mago bat ikusi nuen bertan, nire bizitzan ikusiko nuen aurrenekoa agian. Kartak desagerrarazten zituen, kolorez aldatu... Erabat harrituta utzi ninduen eta magian interesatzen hasi nintzen. 2016 edo 2017 urtea izango zen, oraindik min hartuta jarraitzen nuen, eta magia egiten hastea pentsatu nuen».
Magoen komunitatea
Mago edo ilusionista bezala lehen urrats horiek ematea, ordea, ez da batere erraza. Lau gazteek onartu digutenez, hasieran norbera bere kasa hasten da magia trukoak deskubritu eta egiten, baina hobetzen joateko ezinbestekoa da beste mago batzuk ezagutu eta komunitatearen laguntza baliatzea.
«Hasi nintzenean ez nuen ezer ezagutzen, baina pixkanaka-pixkanaka pertsonak ezagutzen joan nintzen, magoekin harremanetan jartzen, eta beraiek hasi ziren liburuak gomendatzen, eta horri esker asko ikasi nuen. Zeren hasieran pentsatzen duzu magia egitea sekretua (trukoa, kaleko hizkuntzan) ongi egitea dela, baina gero konturatzen zara sekretu edo misterio horren atzean lan asko dagoela. Nola aurkeztu, nola landu, nola egokitu egin beharrekoa zure gaitasunetara...», hausnartu du Maria Arandiak.
Eta Eneko Gutierrezek ere antzeko gogoeta egin du. «Nire kabuz hasi nintzen. Asko irakurtzen eta nire kontura. Baina urteak pasatu ahala magoak ezagutzen hasten zara eta hori da garrantzitsuena, asko ikasten duzulako besteengandik. Esango nuke bereziki mago gazteek oso harreman polita sortu dugula gure artean. Noski, magia eskola asko daude gaur egun. Madrilen Magia Institutu bat dago, Unibertsitate bat ere bai El Escorialen, baina nire kasuan nire kontura egindako bidea izan da», kontatu digu.
Xabi Linazasorok ere elkarlana eta laguntzeko prestutasuna goraipatzen ditu. «Zenbait urtez nire kabuz ibili nintzen, ez nuelako beste magorik ezagutzen, eta gero, Xixka Gipuzkoako magia elkartea ezagutu nuenean, harremana egin nuen beste mago batzuekin. ‘Magialdia’ jaialdira joateko ohitura hartu nuen eta EAE mailako mago pila bat ezagutu ditut, zorionez komunitate handia dagoelako magiaren inguruan. Nahiz eta ikasketa prozesua nahiko indibiduala izaten den, beti daukazu aukera gauzak partekatzeko, ideia berriak konpartitzeko. Eta prozesu hori oso polita da».
Peio Rivasen kasua apur bat desberdina da, bilbotarrak magia eskola batean ikasteko aukera ere izan zuelako: «Uda batean bi hilabetez interneteko edukiak ikusten egon nintzen. Youtube eta antzekoetan aurkitzen duzun materiala oso mugatua da, baina balio izan zidan txispa hori pizteko eta nire hasierako jakin-mina asetzeko. Lehen jokoak ikasi, lehen trukoak, erabiltzen diren karta edo beste objektu batzuk deskubritu... Eta gustatzen zitzaidala ikusita, amari behin eta berriz eskatu nion Bilbon zegoen magia akademia batera joan nahi nuela. Astean behin joaten hasi nintzen, eta hor deskubritu nuen benetan magia zer den, magia mota desberdinak... Urte pare batez joan nintzen akademiara eta nire interesa are gehiago handitzen joan zen».
Jendaurrerako jauzia
Baina Rivasentzat ere beste mago baten laguntza oso garrantzitsua izan zen bere ibilbidean gakoa izan den aurrerapausoa emateko. «Joaten nintzen akademiako zuzendariak magia gala bat antolatzen zuen Bilbon, eta hura ikustera joan nintzenean, bereziki mago bat gustatu zitzaidan, Imanol Perez de Albeniz gasteiztarra. Karta ikuskizun bat egiten zuen, musikarekin lagunduta soilik, hitzik egin gabe. Kartak handitu, txikitu, desagerrarazi... gauza txundigarriak egiten zituen itxuraz oso modu sinplean. Magia mota horri ‘manipulazioa’ deitzen zaio, eta dagoen magia zailenetakoa da. Instagram bidez berarekin harremanetan jarri nintzen, galdetzeko ea klaseak ematen zituen. Ezetz esan zidan, baina nahi banuen hilabetean behin joateko eta ahal zuena irakatsiko zidala: eszenaratzea, arnasketa...», gogoratu du.
Eta Gasteizen landutako ikuskizuna izan da Peio Rivasi sari asko irabazteko aukera eta jendaurrean bere lehen ikuskizunak egiteko aukera eman dizkiona. «Bertan ikasitakoarekin ikuskizun bat prestatu nuen eta lehiaketa desberdinetan aurkeztu nuen: Bartzelonan, Zaragozan... Sei minutu inguruko ikuskizun bat da, musikaz lagunduta egiten dudana eta azken urte hauetan lantzen jarraitu dudana. Lehen aldiz jendaurrean, antzoki batean benetako publikoarekin, bi lehiaketa horietan jardun nintzen, eta bietan irabazi egin nuen. Hori ikusita, Imanolek nazioarteko beste lehiaketa batzuk gomendatu zizkidan, ospe gehixeago lortzeko bidean lagungarriak izan zitezkeenak», azaldu digu.
«Aipatu dudan magia motak aukera hori ematen dizu, bertako hizkuntza jakin beharrik gabe herrialde desberdinetan aurkeztu dezakezula zure ikuskizuna. Magia hizkuntza unibertsala da, zuk karta bat desagerrarazten baduzu berdin-berdin ulertzen da hemen eta Txinan. Apurka-apurka nik bilakaera bat izan dut mago bezala, ikuskizuna ere aldatzen joan da denborarekin, eta sari desberdinak irabazteko aukera izan dut leku desberdinetan: Letonian, Frantzian, Italian, Portugalen...».
Eneko Gutierrez eta Maria Arandiaren kasuan, jendaurreko ikuskizunetara urratsa elkarrekin ematea erabaki zuten “Enikma” izenarekin. «Jendaurrean oholtzara lehen aldiz 19 urterekin igo nintzen -ekin dio azalpenari Enekok-. Esan nahi dut jada bost bat urte baneramatzala magia ikasten, nire burua prestatzen. Urrats handia 2020an egin nuen, justu pandemia bete-betean, Mariarekin. Biok egoera antzekoan geunden eta elkarrekin urrats hori ematera animatu ginen. Ikuskizun bat prestatu genuen, eta aurrera. Gure burua prest ikusten genuen, eta aldamenean norbait izateak nik uste konfiantza eman zigula publikoari aurre egiteko».
«Hortik abiatuta, konfiantza hartzen joan nintzen eta nire ikuskizun propioak egiteko gai ikusi nintzen. Gaur egun bakoitza gehiago dabil bere aldetik, baina garrantzitsua izan zen elkarlan hori. Badira magoak hasi eta berehala jendaurrean aritzeko gai direnak, baina nire kasuan prozesua luzeagoa izan zen erabakia hartu arte. Eta jada hiru bat urte daramatzat jendaurrean magia egiten», gehitu du ‘Magiaz blai’ izeneko ikuskizun berria estreinatu berri duen mago legazpiarrak.
Emakume gehiago
Maria Arandiak ere antzeko bidea egin du, eta, batzuetan inguruan oso emakume gutxi izatearen sentsazioa eduki duen arren -«ni hasi nintzenean ezagutzen nituen ia denak gizonezkoak ziren»-, esan du horrek ez diola oztoporik suposatu. «Hasieran bai, sentsazio hori izan nuen, ingurura begiratu eta nolabait pentsatzea edo nire buruari galdetzea ‘hau gizonentzat bakarrik al da?’. Baina ni horrek ez nau inoiz geldiarazi. Nik argi neukan magoa izan nahi nuela, eta gerora konturatu naiz, mundu honetan gehiago sartu ahala, nire egoera berdinean beste emakume asko daudela. Eta estatu mailan, adibidez, emakumezko mago asko eta oso onak daude».
«Profesionalizatzen saiatu nahi dut, profesionala izatea gustatuko litzaidake. Uste dut magiaz bizi daitekeela, baita Euskal Herri mailan lan eginda ere. Hemen zortea daukagu, jendeak asko baloratzen duelako magia eta magoen lana, kultura orokorrean», dio Arandiak etorkizunari buruz.
Profesionalki izan ala ez, euskal mago gazteen helburua ahalik eta ikuskizun gehien egitea da, horretarako maila badutelako. Mariak argi du. «Sekulako etorkizuna dagoela iruditzen zait. Gazte asko gabiltza magia egiten eta uste dut denon artean diziplina hau asko bultzatuko dugula». Badakizue, zuen herriko agendan ikusiz gero, ez galdu!
Xabi Linazasoro: «Magiaz idatzitako literatura espezializatuan ez dago ezer euskaraz, eta guk pauso txiki bat egin nahi izan genuen bide horretan»
Bere magia ikasketa prozesuan nabaritu zuen hutsunea apur bat bete nahian, Xabi Linazasorok “Gure hitzetan” liburua idatzi zuen iaz Elene Mendizabalekin batera. Ordura arte atzerriko hizkuntzetan bakarrik aurki zitezkeen magia efektu batzuk euskaratu zituzten, bilduma aberatsa osatuz. Eduki sorkuntza ez zen gauza berria Linazasororentzat, bideojokoen arloan podcast bat (Jokutopia) zuelako, YouTuben gida bat, eta Twitch-eko zuzenekoetan ere esperientzia. Euskaraz bide berriak ireki ditu donostiarrak.
Nola sortu zen magia egiten ikasteko liburu bat euskaraz idazteko ideia?
Beti egon izan dira magia liburuak euskaraz, batez ere haurrei zuzendutakoak. Normalean atzerrian idatzitako liburuak izan dira, euskarara itzuli izan direnak. Baina magiari buruzko liburu originalak euskaraz, guk dakigula, ez dira batere edo ia batere egon. Guk ideia bat izan genuen liburu bat idaztekoa, eta argi geneukan euskaraz egin behar genuela. Magiaz idatzitako literatura espezializatu horretan ez dago ezer euskaraz, eta guk pauso txiki bat egin nahi izan genuen bide horretan. Hilabete batzuk pasa genituen ideiari forma ematen eta, azkenean, auto-ekoizpenaren bidez argitaratu genuen. Azkenean euskaraz magia egiten duen jende oso gutxi dago, liburu honen helburua ez zen publiko zabal batengana heltzea. Oso proiektu espezifikoa zen eta horretan ibili gara. Irakurri duen jendeak oso “feedback” positiboa helarazi digu, eta oso pozik gaude egindako lanarekin.
Zure kasuan, magia ikasle moduan zein izan da esperientzia? Gaztelaniazko liburuak irakurri izan al dituzu? Edo zuzenean ingelesezkoak?
Gaztelaniaz magia kultura handia dago. Juan Tamariz bezalako magoekin asko landu da. Baina nire kasuan batez ere ingelesezko magia irakurri izan dut, betidanik izan dudalako interes handia eta aspalditik mugitu izan naizelako ingelesezko foroetan. Beti atzerriko hizkuntzetan irakurri izan dugu magia, eta aukera eskaini nahi genuen hasieratik euskaraz pentsatuta dagoen liburu bat egiteko.
Zure sorkuntza lana, ordea, ez da mugatzen magiara. Bideojokoen arloan, adibidez, podcast bat eta zuzenekoak egina zara, euskara ardatz hartuta gehienetan.
Bideojokoak asko gustatzen zaizkit. Gaztetatik asko jolastu izan dut bideojokoetan, eta denbora batez bideojokoak egiten dituen estudio txiki batean ere egon nintzen lanean. Baina eduki sorkuntzari dagokionez, beranduxeago hasi nintzen, jada gradua egiten ari nintzela. Beti eduki izan dut interes handia youtuberrek egiten duten lanarekiko, zuzenekoak egiten dituztenen lanarekiko. Lagun batzuekin hasi nintzen proiektu batzuk martxan jartzen, baina horietako batzuek euskaraz ez zekitenez, normalean gaztelaniaz izaten ziren. Garai horretan Londresen bizi nintzen eta konturatzen nintzen zenbateraino sumatzen nuen faltan euskaraz egitea. Nire bikotekidearekin egiten nuen, baina Londresko lagunekin-eta, noski, ez neukan aukerarik. Eta pentsatu nuen nire afizio horiek bideratu nitzakeela euskarara. Hor deskubritu nuen Twicht-en badagoela euskaraz aritzen den jendea eta lagun asko egin nituen. Oso prozesu interesgarria izan da. Nire lanean beti saiatu izan naiz euskara ardatz bezala erabiltzen. Azken batean, alor asko daude non euskaraz ez daukagun ia erreferenterik, eta beharrezkoa da komunitate horietan ere euskara txertatzea. Jende asko dago gauza oso potenteak egiten eta uste dut horiei bultzada bat emateko balio dezakeela.
Batetik, euskaraz aritzea muga bat izan daiteke, jende gutxiagorengana heltzea ekar dezakeena, baina, bestetik, komunitate bat sortzea errazagoa izan daiteke, ezta?
Noski muga bat dela, noski ez garela milioidunak egingo edukiak euskaraz sortuta. Oso jende gutxi mugitzen duen mundu bat da, argi dago. Baina uste dut muga horietan zentratzea baino garrantzitsuagoa dela ematen dizkigun aukeretan zentratzea. Nik gaztelaniaz edukiak sortzen nituenean ez nuen sarerik sortu. Gurea egiten genuen, eta listo. Euskararekin, aldiz, berehala jendea topatzen duzu zurekin kolaboratu nahi duena, gonbidatzen zaituena beste proiektu batzuetan parte hartzera. Komunitate askoz ere lagunkoiagoa sortu da hor, eta hori niretzat sekulako aukera izan da jende berria ezagutzeko. Komunitate horrek asko eman dit eta oso eskertuta nago. Beste alde batetik, badago jendea euskara muga bezala ikusten duena, eta pena ematen dit, jende oso baliotsua ari delako beste hizkuntza batzuetan edukiak sortzen. Ulertu dezaket sorkuntza horren helburua ekonomikoa baldin bada, baina pena ematen dit jendeak euskarari baliorik ez emateak.