37 galdera, eta askoz gehiago
Trantsizio Energetikoaren Legea onartu da egunotan, eta zalantzati nago erreakzioak ikusita. Ruperrek badu kanta eder bat, “37 galdera” deitua. Dudaz beteriko kanta bat, sarritan, esanez baino gehiago argitzen baita galdetuz. Imitazio joko bat egiten saiatu naiz, barkaidazue atrebentzia.
37 galdera ekologiaz, trantsizio energetikoaz, nekazaritzaz, energiaz, munduaz…
Nolatan, nolatan da posible
Legebiltzarraren ateen aurrean
ekologista eta traktorlari,
naturaren maitale zein kimikoen erabiltzaile,
elkar harturik protestan ibiltzea?
Zergatik, zergatik daude batak zein besteak
jarrera onak sustatzen dituen, jasangarritasunerako gidalerro bat baino ez den
lege batekin amorruan?
Zer dio, bada, lege horrek,
nolatan ditu denak haserretzen?
Ez al da inor ibiliko
honen guztiaren inguruan bazterrak nahasten?
Nor dabil nekazariei beldurra sartzen,
zentzugabekeriak whatsapp bidez zabaltzen,
negoziazio serio bat oztopatzen?
Zerbait ote du irabazten?
Europar trabek nekazariei
diete bizimodua zailtzen
eta kanpotik datozen produktuei,
neurri berak betetzen ez dituztenei
atea zaie aise zabaltzen.
Nola liteke Europa eredugarri horretan,
protesta frantsesen ostean,
pestiziden debekua alboratzea,
ekologiaren oinarrietako bati muzin egitea?
Atzera goaz aurrera beharrean.
Landa munduak bizirauteko
jarraitu behar al du kutsatzen,
eta ez eredu berriak bilatzen?
Noiz arte jarraituko dugu ostrukak bezala burua gordetzen?
Zergatik da horren garrantzitsua
Trantsizio Energetikoaren Lege entzutetsua,
intentzio onen zerrenda besterik ez den dokumentua,
debekurik apenas ez duena,
ekintzetan horren lausoa dena?
Hura gabe ere ondo jardun gintezke.
Zertarako beste lege bat
ditugunekin haren helburuak lortu ahal direnean?
Burokrazia gehiago dakarren lege bat,
arauek itotako gizarte batean.
Paperean horren fin,
eta gauzatzean horren baldar.
Idazten baino, hobe genuke egiten jakin.
Benetan sortu behar dugu horrenbeste energia
gure herri txiki honetan?
Ez al genuke onartu behar,
produktuak saltzen ditugun moduan,
energia erosi beharra dugula?
Ezin dugula dena egin,
gure lurralde osoa esplotatu,
ekologiaren izenean hankaperatu,
paisaiarik gabe ezin gaitezkeela geratu.
Horren txarrak al dira haize errotak?
Ez al dute paisaia gehiago suntsitzen
pinuak matarrasan mozteak
edo Max Centerreko aparkalekuak?
Gure egunerokotasunean ditugu denak onartuta.
Ez al da, ez al da apur bat gezurteroa
arazo klimatikoaren konponbidea
kontsumoaren murrizketa dela esatea
eta hori lortzeko biderik ez jartzea?
Ez al da gure bizimodua
murrizte horren guztiz aurkakoa?
Gutxiagorekin bizi behar eta
beti gehiago nahi.
Lan on bat oporrak izateko,
oporrak urrutira bidaiatzeko,
hegazkin merkeak, haraino joateko,
Airbnb bat, hotela ez ordaintzeko.
Hau guztia norbaitek du ordainduko.
Ez al da hau gure gizartea?
Bere burua ekologistatzat duen gure gizartea.
Bere mendietan trenik nahi ez eta
egunero errepidera doana,
etxe bakoitzean auto parea duena,
heldutasuna gidabaimenari lotu diona,
aho berde eta birika grisak dituena.
Nola murriztu
ongizatea produkzioari lotu diogunean?
Nola murriztu
daukaguna mantendu nahi dugunean?
Nola murriztu
hainbesteren bizi maila hobetu behar dugunean?
Nola murriztu?
Irtenbidea zein ote?
Nola lortu?
Norantz joan?
Barnean gorderik badira beste horrenbeste
galdera erantzunik gabe.
Norbaitek argi hitz egin arte
jarraituko dut ezjakintasunean. •