FEB. 17 2024 { KOADERNOA } Galtzaileak Oier IMAZ ALIAS Inor ez da galtzaile bere pelikulan» (Monsieur LeCrêpe, 2024). Gero eta zabalagoa eta luzeagoa da lankidetzarako deiaren oihartzuna. Agian, horregatik piztu dute lankidetzaren etikak, estetikak eta mekanikak hainbat pentsalariren interesa. Lankidetzak, edo kooperazioak, izaera paradoxikoa du, bere arrakastan aurkitzen baitu bere akabera. Esperientziak esaten digu jendeak behar zehatz bati erantzunez erakusten duela bere hoberena. Gai gara denon ongizatearen alde engaiatzeko, gure interes propioak alde batera utzita. Adibide ugari ditugu gure herrian. Baina behar bati erantzunez sortzen dena behar horrekin batera doa. Hau da, lankidetzari buruzko kezka ez da kooperatzeko gai garen edo ez. Galdera da zerk ahalbideratu edo oztopatzen duen lankidetza mantentzea denboran, behar zehatz bati emandako erantzunetik harago. Edo, orokorrago, ea lankidetzan aritzeko gai garen horrela nahi dugulako, eta ez, soilik, momentu zehatz batean beharrezkoa zaigulako. SCOOP (scoop-program.org) gai hauek aztertzen dabilen Holandako ikerketa programa da. Bertan aztertzen dute lankidetzaren iraunkortasuna hiru erronka partekaturen kasuan: lana, zaintza eta inklusioa. Zehazki, lankidetzaren iraunkortasuna mehatxatzen duten hiru dinamika aztertzen dituzte. Hiruretako bat da, adibidez, atzeraelikadura zikloa. Ideia nagusia da momentu batean lankidetza posible egiten duten azpiegiturak beraiek kaltetu dezaketela lankidetzaren iraunkortasuna denboran. Honen adibide, burokraziaren paradoxa. Elkarrekin antolatzen garen heinean joaten gara gure arteko harremanak arautzen dituzten normak, legeak, instituzioak… eratzen. Kontua da, momentu batetik aurrera lankidetza araua edo norma izatera mugatzen bada, pertsonen arteko lankidetzaren kaltetan izaten dela. Edonola, landu dituzten adibideetan ikusi daiteke irakurketak askotarikoak izan daitezkeela. Adibidez, atzeraelikadura zikloaren adibide bat da talde polarizazioa. Talde mailako arauek eta normek oinarrizko adostasunak adierazten dituzte. Baina ez hori bakarrik. Taldeen arteko desadostasunak ere bai. Lagunik hoberenak egiten ditugu etsaien kontra. Horregatik, talde polarizazioak lagundu dezake inklusioan. Atzerrira bizitzera joan eta, bertan integratzeko, futbol talde batean izena ematen dugunean bezala. Albo kaltea da, ostera, John Woods (2005) pentsalariak aipatzen zituen burbuila epistemikoen fenomenoa. Finean, taldea bere barnean ixten bada, burbuilatik kanpo daudenei entzuteko gaitasuna galtzen dugu. Eta honek, agerikoa denez, taldeen arteko lankidetza mehatxatzen du; gaitasun ezinbestekoa, lana, zaintza edo inklusioa bezalako erronkei aurre egin nahi badiegu. Ondorio modura esan dezakegu lankidetza edo kooperazioa ez dela bere horretan ona edo txarra. Rafael Wittek (2022) irakasleak aipatzen duen moduan, lankidetzak lagundu dezake komunitateen edo erakundeen (biz)iraupenean edo erresilientzian. Baina erresilientziak ez dauka balio normatiborik: ezin dugu behartu elkarte bat edo komunitate bat (biz)irautera; honenbestez, ezta kooperatzera ere. Aldiz, bizirauteko nahia edo gogoa duten elkarte, instituzio edo komunitateen kasuan, esan dezakegu lankidetza ona dela eta lagungarria, adibidez, partekaturiko erronkei aurre egiteko (lana, zaintza, inklusioa). Orain, lankidetza iraunkorra izan dadin, ezinbestekoa da burbuilatik ateratzeko prestutasuna; besteak entzuteko, besteen begietatik norberari begiratzeko... Finean, inor ez baita galtzaile bere pelikulan. Baina nor dago gaur egun galtzaile izateko prest? (jarraituko du…) • Lankidetza iraunkorra izan dadin, ezinbestekoa da burbuilatik ateratzeko prestutasuna; besteak entzuteko, besteen begietatik norberari begiratzeko...