GAUR8 - mila leiho zabalik

Ilea


Gure itxuraren parte oso garrantzitsua hartzen du ileak, bere formak, koloreek eta kalitateak, baina batez ere ilea izateak berak.

Gorputzaren gainontzeko atalek bezala, ileak bere ibilbidea egiten du, luzatu, berritu, urdindu, erori, galdu ala ez, eta zaintzeko ahaleginak egiten ditugu ile-apaindegira tartean-tartean joanez.

Garai batean, buruko ilearen itxurak prezio kimiko erretzailea izaten zuen, baina gaur egun, zorionez, badira tratamendu naturalak itxuraz gain osasuna babesten dutenak. Ikasi dugu osasuna eta edertasuna zuzenki lotuta doazela, eta ahaleginak ez duela zertan garestiago izan.

Ez gara konturatzen itxurarekiko dugun pertzepzioa jaso dugun kulturak kutsatuta dagoela eta ez dela gure borondate asketik eraiki. Zenbat kalte egin dion ileari Chavarri andereak!

Eskerrak ilearen kultura zabalago eta askeagoan bizi garen, teknika, produktu eta ikuskera berrien laguntzaz.

Denak balio du. Nahi bezala eramaten dugu, kalparra izan arren burusoilduta, motza, luzea, koloratuta, “rasuratuta“ hankak, iztaiak, barrabilak, bularra, besazpiak, bizkarra, sudurra, belarriak, alua, zakila, edo laser bidez betiko kenduta. Batzuetan badirudi gizakiak guda deklaratu diola ileari.

Denak ez du balio, baina, hau paradoxa, ilea duena moztuta edo kenduta zoriontsu sentitzen da, eta, aldiz, galdu duenak estresagatik, kimioterapiagatik etab. trauma psikologikoa sufritzen du. Badirudi inoiz ez dela guztion gustuko, kontua ez baita ilea izatea ala ez izatea, norberaren borondatea den ala ez baizik.

Nago gizakiarentzat ileak itxuraren parte garrantzitsua izaten jarraituko duela gutxienez eternitatera arte; bada, noizbait ezagutuko ote dugu eguna norberak nahi duen bezalako ilea izango duena, buru-osasunaren mesedetan... •