80 urte geroago, nazismoaren aurkako atzerriko borrokalariei ohorea
Missak Manouchian armeniarraren gorpua Parisko Panteoian sartzeak nazismoaren kontrako erresistentzia komunistaren memoria ohoratu du 80 urte geroago. Erresistentziako borrokalari atzerritarrei ere omenaldia egin die Estatu Frantsesak, Manouchianen taldeko armada kideak jatorri ugariko etorkinak zirelako .
Haien kopurua kalkulaezina da, baita haien ausardia ere: atzerriko erresistentziako milaka borrokalarik -poloniar juduak, armeniar komunistak edo espainiar errepublikanoak- bizia arriskatu zuten Frantzian okupatzaile nazien aurka borrokatzeko, eta 80 urte geroago, omenaldia egin diete.
Otsailaren 21ean, Missak Manouchian armeniar komunistaren gorpuzkiak Parisko Panteoian sartu ziren, Frantziako «hilezkorren» tenpluan, bere armada kide guztien izenean.
Manouchian Taldea, neurri handi batean atzerritarrez osatua, «kartel gorri» ospetsu batek hilezkortu zuen. Irudi horrekin okupazio agintariek «krimenaren armada» bezala irudikatzen zuten, bere hamar lagunen jatorri judu, komunista edo «gorria» azpimarratuz.
«Affiche Rouge» Frantzia osoan jarri zuten 1944ko martxoan. Miliziano horien argazkiak agertzen dira hiruki gorri baten gainean, kontzentrazio kanpoetan preso politikoak identifikatzeko erabiltzen zutena bezalako hiruki gorria.
Manouchianen hilkutxak gauez zeharkatu zituen Frantziako Errepublikako pertsonaia handien tenpluko ateak, milimetroan prestatutako eta Emmanuel Macron presidentea buru zuen zeremonia batean. Melinée bere emaztearena izan zuen alboan, hau ere erresistentziako kidea.
Panteoiaren atarian egin zen zeremonia Frantziako Estatuaren sinbologia osoarekin, eta gazteen presentzia garrantzitsua izan zuen, belaunaldi berriei oroimena transmititzeko seinale gisa.
Armeniar instrumentu tradizionalen soinuen artean, Manuchianen jatorriaren oroimenez, hilkutxak monumentura eraman zituzten Atzerriko Legioko soldaduek.
Gonbidatuen artean, taldeko kideen senideak, erresistenteen elkarteetako buruzagiak eta fusilatuak zetozen herrialdeetako ordezkariak zeuden.
Panteoira sartu aurreko gauean, Manouchianen hilkutxa Mont Valérienen egon zen, Suresnesko gotorlekuan (Parisko kanpoaldea). Han, naziek mila pertsona baino gehiago fusilatu zituzten okupazioaren garaian, Manouchianen taldeko kideak tartean.
Han, foku eta laino artean, Manouchianen gorpuzkiak zeramatzan hilkutxa militarren bizkarrean garraiatu zuten, eta bere 23 lagunen argazki handiak bigarren hezkuntzako ikasleek eraman zituzten.
Manouchianek bere emazteari fusilatu baino lehentxeago bidalitako gutuna irakurri zen, eta ondoren, taldeko kide bakoitzaren izenak ozenki esan zituzten, segidan Armadako abesbatzak “Marseillesa” eta “Partisanoen kantua” interpretatu zituelarik.
Erresistentzia komunista
Manouchian taldeko 22 kideak (gehienak 1944ko otsailaren 21ean fusilatu zituzten) eta haien sareko buru Joseph Epstein sinbolikoki sartu ziren Panteoian, plaka moduan.
«Erresistentzia komunista eta atzerritarra Panteoian sartzea izango da», azpimarratu zuen Eliseoak.
Orain arte, erresistentziako zortzi kide frantsesek jaso dute ohore hori, 1964an Jean Moulinen errautsak sartu zirenetik. 2017tik, Macronek Panteoira eraman zituen Maurice Genevoix idazlea, Smonie Veil Frantziako politikaria, eta Josephine Baker izar frankoestatubatuarra.
Oraingoan atzerritarrek eta komunistek ere jaso egin dute. Izan ere, Frantzia Libreko borrokalariak -Londrestik De Gaulle jenerala buru zutela- eta erresistentzia komunistakoak luzaroan lehiatu dira Memoria ideologikoan.
Gainera, immigrazioari buruzko eztabaida betean, omenaldia atzerriko borrokalariei egiteari balioa eman zion Eliseoak. «Horrek erakusten du frantsesa izatea borondate eta bihotz kontua dela, ez jatorri, erlijio edo abizenekoa», adierazi zuen. Omenaldian izan ziren, besteak beste, Alderdi Komunistako arduradun nagusiak eta Nikol Pachinian Armeniako lehen ministroa.
Immigrazio masiboa
Manouchian, beste 21 lagunekin batera, 1944ko otsailaren 21ean hil zuten, 37 urte zituela. Nazien edo haien laguntzaile frantsesen aurka aritu ziren milaka atzerritarren lekua gorpuztu zuen borrokalari horrek. Gehienak «antinazi alemanak eta austriarrak, frankismotik ihes egin zuten espainiar errepublikanoak, italiar antifaxistak, antisemitismotik ihes egiten zuten poloniarrak, armeniarrak eta Ekialdeko Europako eta Alemaniako juduak» ziren, Frantziako Indar Armatuen Ministerioak bere webgunean azaltzen duenez.
Esaterako, Golda Bancic errumaniarra, Manouchian taldeko epaituetako emakume bakarra. Alemanian gillotinatu egin zuten, naziek uko egin baitzioten Frantziako lurretan emakumeak hiltzeari.
Denis Peschanski historialariaren arabera, garai hartan Frantzian bizi ziren 2,2 milioien artean, ezinezkoa da zenbatzea zenbat batu ziren Erresistentziara.
Peschanski Erresistentziako atzerritarrei buruzko erakusketa baten komisarioetako bat da, gaur egun Parisko Shoaren Memorialean aurkeztua.
Horietako batzuk Lehen Mundu Gerraren ondoren iritsi ziren gatazkak «odolustutako Frantziara». Herrialdeak «eskulana behar zuen erabat», eta atzerritarrak «milioika» erakarri zituen, bereziki poloniarrak.
Missak Manouchian bere anaiarekin Frantziara iritsi zen 1925ean, eta arotz lana egin zuen hasiera batean. Parisko Citroën lantegietan ere aritu zen langile, 1930eko hamarkadako krisiaren ondoren kaleratu zuten arte.
Hain zuzen, 1929ko burtsako krisiak amaiera eman zion immigrazio ekonomiko horri.
Erresistentzian
«Atzerriko erresistentziarako haztegi bat izan zen», azaltzen du Peschanskik, hainbat antolaketa-modu deskribatuz: espainiarrak modu «autonomoan» elkartuko dira hego-mendebaldean, italiarrak hego-ekialdean, beste batzuek hirietan osatuko dituzte frankotiratzaileak eta partisanoen unitate komunistak eskulan etorkina (FTP-MOI).
Hori izan zen Missaken kasua ere. 1934an sartu zen Frantziako Alderdi Komunistan, eta 1935ean Armeniari Laguntzeko Batzordean. Hori jada FTP-MOIren zati bat zen. Okupazioaren ondoren, komunisten aurkako operazio batean atxilotu zuten eta, Compiegneko kanpoan sartu bazuten ere, aste batzuen ondoren kargurik gabe askatu zuten.
FTP-MOIn sartu ondoren, bere lehenengo ekintza armatua 1942ko martxoaren 17an izan zen, baina diziplina ezagatik errieta bota zioten eta ekintzetatik urrundu zuten.
Hala ere, 1943an Parisko FTP-MOIko komisario teknikoa izatera iritsi zen, eta abuztuan, dagoeneko komisario militar izatera. Bere agintepean zituen berrogei eta hamar militante inguru.
Abuztua eta azaroa bitartean, 30 ekintza inguru egin zituzten Parisen, besteak beste Julius Ritter jeneralaren hilketa; Frantzia okupatuan eskulan esklaboa mobilizatzeko arduradunaren laguntzailea zen.
Bi sarekaden ondoren, Vichyko Frantziako kontraespioitza zerbitzuek FTP-MOI erabat desegitea lortu zuten. 68 militante atxilotu zituzten. Torturatu ondoren eta Gestaporen eskura pasatu ondoren, alemaniarrek propaganda gisa erabili zuten atxiloketa eta Affiche rouge kartelaren milaka ale zabaldu zituzten.
Beste 21 kiderekin batera, 1944ko otsailaren 21ean fusilatu egin zituzten.
Nortasun anizkoitza
Unitate horiek, atzerriko erresistentziako borrokalarien imajinarioan leku nagusia betetzen zutenek, bi borrokalari mota biltzen zituzten: «17 eta 22 urte bitarteko mutilak» zeuden alde batetik, eta klandestinitatean esperientzia zuten 32 eta 35 urte bitartekoak, bestetik. Batzuek Espainian izan zuten gerraren eskarmentua, Denis Peschanskik zerrendatzen du.
Celestino Alfonso espainiarra, Marcel Rayman poloniarra, Leon Kneler alemaniarra, Spartaco Fontanot italiarra eta Raymon Kojitsky frantsesak «talde berezia» izenekoa osatu zuten, ofizial naziak exekutatzeaz arduratzen zena.
Macronek Celestino Alfonsok emazteari hil aurretik idatzitako gutuneko hitz batzuk ekarri zituen gogora asteazkeneko omenaldian: «Frantziaren alde hiltzen den soldadu bat baino ez naiz (...), badakit zergatik hiltzen naizen eta oso harro nago».
Atzerriko erresistentzia, ordea, «beste mila modutara» adierazi zen, zehazten du Renée Poznanskik, Shoahren Memorialeko erakusketaren beste komisario batek. «Juduei edo alemanek jazarritako intelektual eta artistei emandako laguntza» aipatzen du modu horien artean.
«Horiek guztiek, beren nortasun askotarikoaren gainetik, giza eskubideen Frantziarekiko atxikimenduaren ezaugarri nagusia dute», Pétain mariskalaren erregimen kolaborazionistaren aurka «Iraultzatik sortutako Frantzia», Denis Peschanskyk dioenez.
Missak Manouchianek hau guztia sinbolizatzen du, dio Renée Poznanskik: poeta «armeniar genozidiotik bizirik ateratzea horrek memoria kolektiboan iraun dezan» lagundu zuen elementu gehigarri bat da, historialariak dioenez. 1,2 eta 1,5 milioi armeniar artean hil ziren Otomandar Inperioaren esku. Nekazari familia batean jaio zen Manouchian Adiyaman herrian. Oso txikia zela, aita militar turkiarrek hil zuten genozidioan. Bere ama ere handik gutxira hil zen ondoren piztutako gosetean.
Manouchianek ihes egin zuen Frantzian hiltzeko, nazien aurkako borroka gogor baten ondoren.
Erakusketak Francisco Ponzan anarkista espainiarraren irudia gogorarazten du. Frantziako eta Erresuma Batuko espioitza militarrarekin lankidetza sare zabala eratu zuen. Era berean, «Bederatzia» osatzen zuten borrokalari espainiarren papera aipatzen du. 1944ko abuztuaren 24an Paris askatu zuen Frantziako Armadaren Bigarren Dibisio Blindatuaren abangoardia izan zen. Euskaldunak ere izan ziren Bederatzian eta Parisko askapenean: Sarasketa, Jose Diez Jaurrieta, Michel Iriart eta Antonio Aguirre. Edo Emeterio Soto, Jose Miguel Romaña, Victor Garcia edo Francisco Ugarte.
LE PENEK PARTE HARTZEAK HAUTSAK HARROTU DITU: «NAZIEK SORTUTAKO ALDERDI BATEN OINORDEKOA AL ZARA?»
Marine Le Penek Manouchianen eta Frantziako Erresistentzian konprometitutako atzerritarren omenaldian parte hartuko zuela iragarri izanak gaitzespen handia eragin du. Le Pen Elkarte Nazionaleko (RN) diputatuen presidente gisa gonbidatuta zegoen.
Emmanuel Macron presidenteak adierazi zuenez, «eskuin muturreko indarrek ez egoteko kontua izan beharko lukete». Azkenean, Le Pen bertan agertu zen.
Panteoian, Frantziako «pertsona ospetsuen» nekropoli sekularrean, Manouchian sartzea bultzatzen zuen komiteko kide zirenek, «jasanezintzat» jo zuten Marine Le Pen zeremonian egotea, nahiz eta ohitura «instituzionalak» errespetatu. «Galdera bakarra egin behar zaio Madame Le Peni: 'Naziek eta kolaborazionistek sortutako alderdi baten oinordekoa al zara?' Erantzuna ezin da 'agian' izan. Bai ala ez», planteatu zuen Jean-Pierre Sakoun batzordeko presidenteak.
Le Penen alderdiak, berriz, Macronen «iruzkin eskandalagarriak» salatu zituen. Jordan Bardella RNko presidentearen ustez, «Errepublikako Presidenteak ez du bereizi behar Frantziako Errepublikako hautetsi onak eta txarrak nor diren». Le Penek joan den astean erabaki zuen Robert Badinterri egindako omenaldi nazionalera ez joatea. Justizia ministroak 1981ean heriotza-zigorra indargabetu zuen. Protokoloak agintzen duen bezala gonbidatu zuten arren, familiak ez zuen nahi izan bertan agertzerik. Macronek, halaber, bere kritika azaltzeko bi zeremoniak alderatu zituen.
Pierre Ouzoulias senatari komunistak esan zuen RNko arduradunak, «Jean-Marie Le Penen Fronte Nazionalekoaren, Vichy-ren eta nazien ikuspegi etnikoaren oinordekoak direla», zeremoniaren esanahiarekin kontraesanean.
Fabien Roussel Alderdi Komunistako idazkari nazionala ere RNko kideei zeremonian parte hartzen ez uztearen alde agertu zen. Le Penen «arbasoek» Errepublikak omendu zituzten horiek fusilatzen lagundu zutela aipatuz.
«GARAIPENETIK HURBIL»
«Askapenerako Armadarekin bat egin nuen borondatezko soldadu gisa, eta garaipenetik eta helburutik hazbete gutxira hil egingo naiz. Zoriona biharko askatasunaz eta bakeaz gozatzen dutenei. Ziur nago frantses herriak eta askatasunaren alde borrokatzen duten guztiek jakingo dutela nola ohoratu gure oroimena duintasunez. Heriotzaren unean aldarrikatzen dut ez dudala gorrotorik herri alemaniarrarekiko, eta, edonor dela ere, bakoitzak merezi duena izango du zigor eta sari gisa».
(Emazteari hil aurretik idatzitako eskutitza)