FEB. 24 2024 { GASTRONOMIAREN ANTROPOLOGIA} Artzain kulturan barneratzeko plana Berastegin hamabi etxetan egiten dute gazta. (Josu OZAITA) Josu OZAITA Antropologoa Errepidean doa artaldea, autoei beraien presa mantsoaraziz. Arrastoak uzten dituzte ardiek pasaeran, urbanizaturik dagoen herrian natura ere badela azalaraziz. Zintzarri soinuak tartekatzen dira ardien beeekin. Herriari bueltaka pasioan dabiltzan adinekoei irribarrea aterako zaie orduan, begiak ilusio eta esperantzaz bete. 2024. urtean bagaude ere, eguneroko argazkia da Berastegin, herriari bizia ematen dion artaldea, lo egiteko tokitik haragoko dimentsioa ematen diona. Lehenaldiaren oroitzapenetik, orainaldiaren errealitatea deskribatzen duena. Batzuek esango dute azken indigenak direla artzainak, baina atzoko artzainak ez dira gaurkoak, edota artzaintza bera mugimenduan dagoen kontzeptua dugu, fosilduriko irudien pisuak artzaina bera nekatzen badu ere. Berastegi berdea Berastegi, Tolosaldeko mendialdean aurkitzen den 1.000 biztanleko herria da. 1.000 herritar eta 2.851 ardi, ia 3 ardi biztanleko. 62 etxetan daudenez ardiak, ezinbestean lotura eta jakintza dakar berarekin, ardi, artzain eta gazta kulturaren eratzea. Honekin harremanetan dago paisaia ere: berezia da Berastegiko paisaia, Gipuzkoan ia aurkitu ezin daitekeena. Berdetasun horrek pertsonari bake sentsazioa ematen dio. Berastegiarrei ere emozio positiboa ematen die, eta kanpoan lan egin eta itzuleran herriko belaze berdeak ikustean, etxean sentitzen dira. Zelaiak daude, baserriak, herri gunea, eta ez da industria gunerik ikusten. Horrek bere alde negatiboak izango ditu, baina baita positiboak ere. Askorentzat “oasia” da, oasi berdea, eta itsasoak ematen dien patxada ematen die. Ardiek paisaia natural-kultural ederra sortu dute, zaindua. Lehen soroak zirenak, belazeak dira egun. Haiek gabe itsustuko litzateke erabat Berastegi, “zikinak” hartuko luke, eta berastegiarren herri politaren harrotasuna itzaliko. Artzaintza estetiko bilakatzen da orduan, naturaren ederra paradisu egiten duena, emozioak biziz, pertsonei eraginez. Edertasuna da Berastegiko artzaintza; baina edertasun horretatik, animalia eta gizakiaren arteko elkarlanera eramaten gaitu, motordun lorezaintza batetik haragoko praktiken adibidera. Emozioak, paisaia eta artzain kultura dago, ondorioz. Mendiko artzaintzatik, etxe ondokora Duela hamarkada gutxi, Berastegi ez omen zen halakoa. Soroak ziren nagusi gaurko belardietan, eta haietan artoa (ganaduari eman edo taloak egiteko), garia (etxerako ogia egiteko), arbiak, babak, patatak... ikusi zitezkeen. Horrek kolore diferenteak izatea esan nahi zuen: goldaturiko sail marroia, pagotxa edo arbiaren kolore biziagoak, artoa jaiotzen, gari berdea nola horiztatzen zen ikusten zuten... Errepideak baino, bidezidorrak zeuden, asto eta behien bideak, herriko adinekoek kontatu didatenez. Garai hartan, ez zen ardirik ikusten herrian. Artzaintza mendian egiten zen, Leitzaranen. Bertan, ia baserri bakoitzak borda zuen, berrehun bordatik gora omen zeuden. Eta baserriko lanekin uztartuz, artaldea izaten zuten mendian, tarteka bertara hurbiltzen zirelarik, behar handiagoz neguan, arkume garaian. Orduan, tarteka, borda alboko txabola txikian lo egin eta ardiei jana eman edo arkumeak jaiotzen laguntzen zieten. Arkumeak ziren diru iturri, eta gaztak, berriz, etxerako lain. Gaur ez bezala, larruak eta artileak ere gehigarri ekonomiko ziren orduan. Astoa edo mandoa hartu, eta zakuetan ardientzat belarra eta haientzat urdai, txistor eta ardo pixka bat hartuta joaten ziren oinez. Mendiko artzaintza zen lehen, gaur egun Leitzaran deitzen den parajeetakoa. Mendiko bordak eta txabolak ziren artaldea zaindu eta kudeatzeko lantoki. Baina herri mendiak saldu ziren, eta horrekin batera bertako ustiaketa erabat aldatu zen. Ardi gehiegi ziren jabe ziren papergintza enpresentzat, eta hala, ardiak ukuiluetara jaitsi ziren. 90eko hamarkadan oso jende gutxi bizi zen baserritik Berastegin, eta baserriko lanak gelditutako denbora librean egiten ziren. Baina izan ziren lantokira joan ordez baserrian lan egitea hautatu zutenak, eta, ordainsari bat lortze aldera, gazta izan zen laguntza bat. Hau da, artzaintza ez da lurrak txukun mantentzeko helburu soilik, gazta egiten ikasi zuten herriko emakumeek, Andres bertako artzainaren eskutik kasu gehienetan. Honek kultura bat sortu du, 12 etxetan egiten baitira egun gaztak, etxerako eta familiako kideentzat. Artzain kultura sustraitua Ardi asko edo gutxi izan, ardiak izateak ardiekin elkarbizitza dakar. Ikastea, eurak hobeto ezagutzea. Baita pertsonen bizitzaren erritmoa eurek markatzea ere. Arkume garaian adi egon beharko dute, gazta denboraldia hasiko da orduan, eguneroko errutina bideratuko duena. Ardiak belazetik belazera mugitu beharko dituzte, udan belar lanak egin, garoa bildu... Honek, nahitaez, kultura bat barneratzea ekarri du, belaunaldiz belaunaldi transmititu dena, edo aurreko belaunaldiak ez bada ere, alboko etxekoak erakutsiko diena. Berezia da bertako artzaintza. Ogibide hori soilik duen artzain bakarra dago, baina artzain asko daude. Batzuk afizio, besteek zerbait gehiago. Eta “heldu” iruditik aparte, baita gazteak ere, txikitatik jaso dutenak, beraien zati bilakatu dutenak. Ez dira artalde handiak, baina bestelako mimoz egindako artzaintza jasangarria burutzeko aukera ematen die txikitasun horrek. Ia egunero, ardiak ukuilutik kanpora aterako dira, belar freskoa dastatuko dute, eta natura zein klimarekin elkarlanean buruturiko artzaintza burutuko dute. Lorezainak dira ardiak, baina gazta egiteko esnea ematen dute, eta nola ez, baita haragi goxoa ere, kalitate handikoa. Artzain kulturan barneratzeko plana Hau dena bizitu, ikusi eta dastatzeko, artzain kulturan barneratzeko gonbidapena egin digute bertako artzainek. Modu berritzaile eta erakargarrian, artzain kultura hobeto ezagutzeko aukera izango dugu, martxoaren 1-3 arteko asteburuan. Bertan, jardunaldiak, ibilbideak bordetara astoekin, haurrentzat hitzaldia, azoka gastronomikoa... egingo dira, eta larunbatean, artzain kultura ezagutzeko 2 kilometroko ibilbidea bertako belazeetan, zirkuitua 10 gunetan banatuta. Ondo pasa, ikasi eta sentitzeko gonbidapena, honenbestez. BE! ARTZAIN KULTURA ASTEBURUA 2024. BERASTEGI MARTXOAK 1, OSTIRALA HAUSNARTU ETA EKIN! JARDUNALDIAK • 14.30 Kafea. • 14.45 Aurkezpena Andoni Zuriarrain alkatearen eskutik. • 15.00 “Ardi ile moztaile baten hausnarketak”, Joseba Attard-en ahotik. • 15.45. “Berastegiko arkumea proiektua ezagutuz”, herriko artzainekin tertulian. • 16.15. “Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain”, solasaldia Josebe Blanco artzainarekin. • 17.15. Mahai ingurua: “Zein dira etorkizuneko gakoak?”, parte hartzaile guztiekin. • Ondoren, luntxa, parte hartzaile eta entzuleak elkarturik. MARTXOAK 2, LARUNBATA • 10.00 Garai bateko artzaintza eta bordara bisita • 15.00 Berastegiko belazeak eta gazpio bisita astoekin • 15.00 Haurrentzat hitzaldi tailerra, Oier eta Iraitz artzain gazteen eskutik. • 19.00 Azoka gastronomikoa herriko frontoian. Kalderetea, ardi gaztarekin egindako kroketak, gazta, arkumea parrillan, arroz esnea... eta baita beste hainbat postu ere, artile tailerrak, artisau garagardoak, arkumea erosteko aukera... eta trikitilariak giroa alaituz. MARTXOAK 3, IGANDEA • 10.00, 11.30 eta 13.00etan: Gazpio gaztandegira bisitak. • 10.00-14.00 artean Artain kultura ibilbidea. 2.5 kilometro. 10 gune: ardien gunea, asto itzuliak, erakusketak, artzain txakurren erakustaldia, photocall, gazta dastaketa azkarrak... • 12.00-15.30 Azoka gastronomikoa.