FEB. 24 2024 { DATORRENA } Katalanez «Model» dena «eredu» esaten da euskaraz Iñaki Soto Gaur zortzi, martxoak 2an, 50 urte beteko dira Salvador Puig Antich Bartzelonako Model kartzelan hil zutenetik. Gazte iraultzaile katalana garrote zitalaren bidez Espainiako Estatuan exekutatutako azken preso politikoa izan zen. Urtebete geroago, frankistek Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten, Xosé Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanzekin batera. Mende erdi honetan, Puig Antich ahizpek ez dute utzi nebaren exekuzioa ahazten, eta borroka politiko eta judiziala bizirik mantendu dute, nebaren atxiloketan eta prozesu judizialean izandako irregulartasunak argitzeko. Aldi berean, sortzaile, pentsalari eta militanteek krimen haren testigantza zabaldu dute idazlanen, antzerkiaren, poesiaren, musikaren edo zinemaren bidez. Urteurrenaren testuinguruan, martxoaren 2tik 7ra, Modelek ateak irekiko ditu Puig Antichen ideiek eta bere irudiak diktaduraren errepresioaren sinbolo gisa izan duten balioaz hausnartzeko. Alegia, bera gogoratzeko eta bere izaera aldarrikatzeko. David Fernandez ekintzaile eta kazetari katalana proiektu honen parte da. Berarekin batera, Pepe Mújica, Anna Sallés, Carles Vallejo, Nawja Nazzar, Juan Diego Botto, Ana Tijoux, Lluís Llach, Belén Prieto eta beste hainbatek hartuko dute parte. Imma, Montse, Carme eta Marçona ere bertan izango dira, Salvador Puig Antichen ahizpak. Zuzendari artistikoa Antxon Gomez donostiarra da, Bigas Luna eta Pedro Almodovarrekin egindako lanengatik ezaguna, besteak beste. Salvador Puig Antich-i buruzko filmean ere parte hartu zuen. Gidaritza eta gidoia David Fernandezek egiten ditu eta ekoizpena Teia eta Jaume Rouresena da. Bertaratzerik ez dugunontzat, proposamena eta egitaraua hemen daude: «www.salvador50anys.cat». Distantziatik, aldekotasunetik eta inbidiatik, superprodukzio herrikoia dirudi. Jardunaldien agertokia espetxeko gune adierazgarriek osatuko dute -presoak kontrolatzen zituen panoptikoa izango da; Salvadorrek azken gaua eman zuen tokia; preso egon zen 443 ziega; exekutatzeko erabili zuten biltegia-. Bertatik, artearen bidez, 1974ko martxoaren 2ko zorigaiztoko eguna irudikatuko dute. Ekimenaren balio ideologiko eta kulturalaz haratago, inbidia eman dit Model kartzela errepresioari buruzko memoria gune bihurtzeko proposamenak. 121 etxebizitza eta auzorako hainbat ekipamendu biltzen dituen hirigintza-plan baten barruan, “Model, Batega!” proposamenak lehiaketa publikoa irabazi zuen [www.lamodel.barcelona/ca/model-batega]. Jakina, gunea turismoarentzat erakargarri egingo dute, Dublingo Kilmainham Gaol-en antzera. Zubietako kartzela aurten amaituko dutela diote, eta Martutene 2025ean itxiko dela. Iruñeko kartzelarekin gertatu zen bezala, susmoa dut hiriaren ondarearen eta herriaren memoria historikoaren zati ospetsua den espetxe hori egun batetik bestera eraitsiko dutela. Historia ezabatuko dute, eta harro, gainera. Bere bertsiorik xumeenean ere, galeria eta patio bat mantenduz, Martutene erraz integra liteke auzoko ekipamenduetan. Horretarako borondatea, ezagutza, imajinazioa eta gauzak egiteko beste modu bat behar dira. Ereduak badaude; katalanez Model esaten da. • Más allá del valor ideológico y cultural de la iniciativa